Kultura

loraldiaZazpigarrenez, Bilbok Loraldia izango du

Pandemiak bete-betean harrapatu eta iazko hitzordua bertan behera utzi ostean, aurtengo udaberriak kultur loraldia ekarriko du Bilbora zazpigarren urtez. Hala, martxoaren 9tik 28ra egingo da 2021eko Loraldia, euskara eta euskal kultura ardatz dituen jaialdia. Egitarauak diziplina ugari eskainiko ditu, orotarikoak (askok diziplina nahasketa izango dute ezaugarri), bi helburu nagusirekin: euskal gazte sortzaileak nabarmentzea eta emakumeak oholtzara erakartzea. Hogeita bost ekitaldi baino gehiago eskainiko dituzte Bilboko hainbat gunetan: Arriaga Antzokia, Bizkaia Aretoa, La Fundicion Aretoa, Azkuna Zentroa... betiere osasun neurriak errespetatuta, jakina. Gainera, euskal kulturaren bi erreferente garrantzitsu ere omenduko dituzte: batetik, Loreak eta zauriak. Xabier Lete kantari ikuskizunak bertsoak eta musika uztartuko ditu idazle oiartzuarrari omenaldia egiteko; bestetik, Aztihitza. Agustin Xaho obrak Agosti Xaho kazetari, idazle eta politikari zuberotarra ekarriko du gogora, irudiak, kantak eta testuak baliatuta. Egitarau osoa www.loraldia.eus webgunean dago, eta sarrerak ere bertan eros daitezke.