Bost urtez Bizi!

bizi

Bortizkeria ezaren ildotik, bost urte daramatza Bizi! mugimenduak justizia sozialaren eta ingurumena babestearen alde mobilizatzen. 2009an sortu zen klimari buruzko Nazio Batuen Erakundearen Kopenhageko goi-bileraren karietarat; harrezkero egindako lana hitzaldi, ekintza, sentsibilizazio-ekimen eta aukerak proposatzean datza. Kide joanago eta gehiago biltzeaz gain, ekintza ikusgarri bezain jendetsuak gauzatu ditu. Urtemugaren ospakizunerako ekimen bereziak antolatu zituzten ekainean; orain, berriz, urrian egin beharreko Alternatiba mobilizazio-egunaren antolaketan dabiltza Bizi!-ko kideak.  Maialen Errecart.

Hasieratik, eraginkortasunean zein erakargarritasunean daude oinarrituta taldearen ekintza guztiak, eta asko dira asmatu eta burutu dituztenak: besteak beste, Frantziak ezarri nahi izan duen kutsadura zergaren alde maskara zuriekin agertzea Baionan, autobideetako zubietan banderak zintzilikatzea, edo San Valentin egunean saltokietan “Amodioa egin, eta ez… saltegiak!” kartelak ipintzea. Izan ere, helburuak bete ez ezik, herritarren parte-hartze ahal bezain zabala ere lortu nahi dute. “Bizi!-k parada eman nahi die herritarrei hausnarketa eta kritika kolektibotik aldarrikapen eta aterabide kolektiboetara pasatzeko” dio Xabier Harlouchet taldeko kideak.
Bizi!-ren ekintza-eremu nagusia Ipar Euskal Herrian badago ere, nazioarteko mugimendu altermundialistan kokatzen du bere burua. “Larrialdi ekologikoan eta  justizia sozialean egin beharrekoak alimalekoak dira, eta eguneroko bizimoduan ikusten dira”; horretarako, sei  zutabetan banandu dituzte beren ekintzak: lehenengo zeregina diagnostikoan, kritikan eta erresistentzian datza; bigarrena, zenbait proposamenen lanketan; ondoren, jada egin daitezkeen tokiko alternatiba kolektiboen aldeko jarduerari ekin eta nork bere jokamoldeak aldarazteko praktika pedagogikoak sustatzen dituzte; azkenik, nazioarteko gogoetan eta mobilizazioetan esku hartzea da Bizi!-ko kideen erronka. Urteak joan ahala, taldea garatzera joan da, 20rekin hasi eta orain 280 bazkide baititu. “Azken 5 urteotan, hainbat lan-talde sortu dira Bizi!-ren baitan, hainbat lan-arloren bidez, larrialdi klimatiko eta ekologikoa borrokatzeko” dio Harlouchetek.
Lan talde anitz
Bizi!-ko kideek erronka bezainbat lan-talde sortu dituzte eta bakoitzak arlo zehatz batzuk lantzen ditu. Adibidez, lehen taldearen betebeharretan dago  garraioen arloan ingurumenaren babesa bermatzen duten hautabide berriak aurkitu eta garatzea. Arlo hori kutsadura-eragile handiena denez Ipar Euskal Herrian, ohiko garraiobideak ordezkatzeko aukerak ugaritu nahi dituzte: izan bizikleta bideak, autoa partekatzea, gertuko autobus edo trenen erabilera garatuz...  Beste lan-talde batek  trantsiziora heltzeko aterabideak jorratzen ditu, azken bi urteotan gauzatutako Herriko Etxeen mailako Tresna Kutxa, kasu. Dokumentu horrek, molde pedagogikoan, egungo legerian oinarritutako 50 fitxa tekniko aurkezten ditu herriko etxeen gaineko hainbat arlotan (hirigintzan, garraioan, eraikuntzan, energian, hondakinen kudeaketan, laborantzan, uraren arloan...) plantan eman daitezkeenak. “Herriko etxeetako aurtengo hauteskundeen karietara herritarrek osatutako 81 zerrenda engaiatu dira Tresna Kutxaren neurri batzuk praktikara ematera”. Gaur egun,  Tresna Kutxaren atal batzuen plantan ematerat engaiatu diren gehiengoak aurki daitezke 30 herritan (Iparraldeko biztanleriaren % 74 ordezkatzen dute herri horiek).
Kontsumo arduratsuari dagokionez, herritarren sentsibilizatzea da kideen helburu nagusia, batez ere eguneroko kontsumo-ohiturak erraz alda ditzaketela ohartaraziz eta bestelako aukerak proposatuz. Era berean, Bizi!-ko kideek agerian jarri nahi dituzte ekoizle batzuen itxura ekologisten atzean gordeta dauden estrategia komertzialak, supermerkatuetan ekintzak burutuz, esate baterako. Etxeko izeneko taldea, berriz, ekoeraikuntzen arloan ibiltzen da, herritarrek euren etxebizitzaren kalitatea eta aztarna ekologikoa hobe ditzaten. Horretarako, erreferentzia eta eredu izateko, txosten bat kaleratu dute, aterabideak denen eskura uzteko asmoz.
Bestalde, Banketik taldekoen helburua da banketxe handien eragina argira eman eta arlo horretan ere beste aukera batzuk badaudela erakustea. Gai horri lotutako Bizi!-ren azken ekintza Société Générale banketxearen aurrean gertatu zen joan den ekainean, Australian ingurumena mehatxatzen duen ikatz-meategi bat sustengatzen zuela salatzeko. Lanaren gaiari dagokionez, erretretarako adinaren gibelatzearen kontrako ekimenetan parte hartu zuen, besteak beste, Bizi!-k, eta Euskal Herriko ekonomiaren birmoldaketa soziala eta ekologikoa lantzen ari da arlo horretan berezitu den lan-taldea.
Zeharkako lorpenak
Gandhiren “gatzaren martxa”-ren haritik, Gatzamartxa taldeak mundu mailako estrategia ekologikoa definitzen eta bultzatzen egiten du lan. Azkenik, Zero Zabor taldeak atez ateko hondakinen bilketa-sistema bat lantzen du, Hegoaldeko herri batzuetan lortu den birziklatze-tasaren hobekuntza eredu. Zeharkako hainbat lorpenetan, euskoa sortu duen Euskalmoneta elkartea eta bizikleten konponketarako Txirrind'ola tailerra aipa daitezke, horiei buruzko gogoetak Bizi!-k sustatu baitzituen.  
Eskuartean dauzkan aferen artean, Hitza hitz trantsizio energetikoaren ituna azpimarratu ahal da: hots,  parte hartzen ari dira aterabide eraginkor eta zuzenak badirela argi uzteko mobilizazioan. Perspektiba horretan, bat egin dute bai Tresna Kutxaren hainbat neurri praktikan ezartzera engaiatu diren herriko etxeekin, bai eta Nazio Batuen Erakundeak klimari buruz egindako COP21 goi-bileraren irizpideekin ere. Ondorengo hitzordua Alternatiba herrixka izango da (urriaren 5ean Zokoan), hainbat ekitaldi, mintzaldi, erakusketa edota sentsibilizazio-ekimenez osatuta. Joan den urteko edizioan, Baionan, 500 laguntzaileren eskukaldiari esker, 12.000 lagunen bisita lortu zuten Bizi!-ko kideek.
www.bizimugi.eu