Ingurumena

marrazoOzeano zabaleko marrazo eta arraien kopurua % 70 murriztu da 1970etik

Gehiegizko arrantzaren eraginez, marrazo eta arraia ozeanikoak desagertzen ari dira. Zehazki, azken mende erdian, % 70 murriztu da haien kopurua, Nature aldizkarian argitaratu dutenez. Ondorioz, espezie horietako zenbait galzorian dira. Kanadako Simon Fraser Unibertsitateko ikertzaileek zuzendutako azterketan, ozeano zabaleko 31 marrazo eta arraia espezie aztertu dituzte. Emaitza, etsigarria: 24 desagertzeko arriskuan dira, eta beste hiru (Sphyrna lewini, Sphyrna mokarran eta Carcharhinus longimanus) arrisku larrian. Ikerketaren egileek gehiegizko arrantzari egotzi diote murrizketa hain handia, batik bat arrantza industrialari. Haragiarengatik, hegatsengatik eta gibeleko olioarengatik arrantzatu ohi dira espezie horiek. Hori gutxi balitz bezala, arrantza ontzien sareetan ere askotan geratzen dira harrapatuak. Azken hamarkadotan ozeanoen ustiapena areagotu egin denez, marrazo eta arraia gehiago harrapatzen dira. Espezieok kate trofikoaren gainaldean dira, eta haien desagerpenak kalte larriak eragingo lituzkeela ohartarazi dute ikertzaileek, hala ekosistema ozeanikoan nola arrantza oinarrizko elikagai iturri duten herrialdeetan. Horrez gain, halakorik ez gertatzeko neurriak hartzea ezinbestekotzat jo dute, baita horren aldeko borondate politikorik ez dagoela salatu ere.