Espazioa

astronautaAstronauta bila dabil Europako Espazio Agentzia

Nork ez du inoiz astronauta izatea amestu? Bada, ametsa gauzatzeko aukera zabaldu du ESA Europako Espazio Agentziak, astronautak erakartzeko deialdia egin baitu berriki. Aditzera eman duenez, lau eta sei astronauta bitartean aukeratu nahi dituzte; emakumeak, batez ere. Izan ere, ESAk bertako genero dibertsitatea areagotu nahi du. Deialdian izena emateko epea martxoaren 31n hasiko da, eta maiatzaren 28an amaituko. Halere, hautaketa prozesua 2022ko urrian burutzea espero dute. Bitarte horretan, lehen probaren ostean aurrera egiten dutenek beste sei fase gainditu beharko dituzte. Probak ez dira nolanahikoak izango, astronauta izateko gutxieneko eskakizunen antzera. Besteak beste, eskatzaileek master bat, gutxienez, izan behar dute honako arlo hauetako batean: fisika, medikuntza, ingeniaritza, matematika edo ingeniaritza informatikoa. Ingelesa ere jakin behar dute, eta, aukeratuak izanez gero, errusiera ere ikasi beharko dute, horixe baita ISS Nazioarteko Espazio Estazioko bigarren hizkuntza ofiziala. Adin tarteari dagokionez, 27 eta 37 urte bitartekoa da egokiena, ESAren arduradunen esanetan. 1975ean sortu zutenetik, ESAk astronautak aukeratzeko egiten duen laugarren deialdia da oraingoa. 2009an egin zuen azkenekoa, eta orduko hartan egun lanean ari diren zazpi astronauta aukeratu zituzten. Deialdi honetan hautatzen dituztenekin, belaunaldi aldaketa egin nahi du erakundeak. Informazio zehatzagoa jaso edota deialdira aurkeztu nahi duenak, jo dezala ESAren webgunera: www.esa.int.