Euskarazko herri hedabideok guk uste baino eragin handiagoa dugu

arinAitziber Zapirain
Kazetaria eta irrati esataria

Antxeta irratiko koordinatzailea eta kazetaria da Zapirain (Hendaia, 1987) – 2006an hasi zen Antxetan, Behe Bidasoan euskaraz emititzen duen irrati komunitarioan. Euskal Irratiak federazioko eta Arrosa sareko kide da, besteak beste, Antxeta. 2020tik, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere entzun daiteke, Antxeta 2 irratiari esker. Irratia du gustukoen, baina lan idatziak ere egiten ditu. Berriki, Arduraz komunika dezagun dokumentala ondu du. Euskarazko herri hedabideetan hizkuntzaren erabilera du hizpide dokumentalak, hizkuntza sexistaz eta horren eraginazhausnartzeko. www.antxetamedia.eus gunean ikus daiteke.

Hendaiatik Irunera etorri zara, zenbat agiri daramatzazu gainean?

Une honetan, lau, badaezpada.

COVID-19a dela eta, muga inoiz baino mugago?

Bai. Gu muga ez esaten saiatzen gara, beti esaten dugu, batez ere Antxeta irratian, zubia: bai Pausuko zubia bai Santiagoko zubia. Zubi izaera guztiz kendu zaiola esango nuke; orain, traba eta muga bilakatu dute. Nire ustetan, Hendaiatik Gipuzkoa aldera egiteko ohitura dugunok nahiko erraz berreskuratuko dugu ohitura hori, baina alderantzizkoak gehiago beldurtzen nau. Zenbait ohitura berreskuratzea zaila izan daiteke, agian, eta ezberdina izango da alde batean eta bestean.

Txingudin, zubia muga da. Antxeta irratia, mugarik gabeko zubia?

Bai. Halaxe sortu zuten orain dela ia 20 urte, eskualde mailako irratia izateko apustua izan zen hasieratik. Gogoan dut hasi nintzenean, Bidasoa-Txingudi Partzuergoaren prentsaurrekoei jarraitzen, adibidez, euskarak batzen gaituela eta hau eta beste esaten zutela. Belarriko mina ematen zidan: deusek ez gaitu batu behar, dagoeneko batuak gaude eta.

2019an, Hego Euskal Herriko hiriburuetan emititzen hasi zineten.

Gure apustua ez da izan nazio mailako irratia sortzea, baizik eta hiriburuetara pixka bat iristea eta horretan segitzea. Izan ere, gure irudiko, baliabide gehien dauzkaten hedabide publikoek soilik ematen dute Iparraldeko berri erailketa bat dagoenean, Baionako alkateak ezohiko zerbait erabakitzen duenean edo Maulen ez dakit zer hitzordu folkloriko dagoenean. Bada, gure ustez, Euskal Herria, euskal nortasuna eta euskara sustatzeko bidean, interesgarria da guk Bilboko, Donostiako edo Algortako ez dakit zer gorabehera jasotzen dugun bezala alderantziz ere egitea.

Hegoaldekoontzat, Iparraldea oraindik ere ezezagun?

Bai, dudarik gabe. Grazia egiten dit jendeak dioenean “Ni asko joaten naiz Iparraldera! Donibane Garazira, egun pasa eta...”. Oso ongi, baina zergatik nabarmendu hori egiten duzula? Donostiatik Bilbora edo Donostiatik Iruñera joaten zarenean, aipatzen duzu? Hau da, badirudi ahalegina dela, edo egiten dela azpimarratu beharra dagoela. Pena handia ematen dit, naturalki egin beharko genukeela iruditzen zaidalako. Esaterako, begira Ikearekin loturiko fenomenoa, ni gehien harritzen nauena: Lezotik, kasurako, Baionako denda ordu erdira eduki arren, gehiago joaten dira Barakaldokora. Sarri esaten da muga ez dagoela zubian, Gaintxurizketan (Irunekin muga egiten duen Lezoko auzoa) baizik. Atsekabea eragiten dit, baina, era berean, uste dut alderdi politiko abertzaleek erantzukizun handia dutela, ezkerrekoek zein eskuinekoek. Nazio eraikuntza eta euskararen erabilera herritarrok sustatu behar ditugu, eta legeak egin,, baina haiek ere, dudarik gabe, horixe bera egin behar dute. “Mugaz gaindiko” esaten entzuten diedanean... Nola “mugaz gaindiko”? Antxetan, ez dugu halakorik esaten; bestela, zertan ari gara?

Mugarik gotorrena, buruan duguna?

Bai, ez daukat inolako zalantzarik. Jendea harritzea Biriatuko farmazian euskaldun bat dagoelako, edo Sarako okina euskalduna delako, edo Mauleko esne-saltzailea... baina nora uste duzu etorri zarela? Batzuek oraindik ez dakite Seaskari esker 18 urtera arte euskaraz ikas daitekeela. Halako kontuak, euskaldunen aldetik, oso larriak iruditzen zaizkit. Niri ez zait bururatu ere egiten Donostian irakasle ikasketak euskaraz egin daitezkeen galdetzea. Ezjakintasun hori norberaren errua dela uste dut. Arakatu pixka bat, jarri gutxieneko interesa!

Arduraz komunika dezagun. Euskarazko herri hedabideok arduraz komunikatzen dugu?

Nire iritziz, saiatu saiatzen gara, eta, gainera, kazetari lanetan zorrotzak gara geure buruarekin. Dokumentalean parte hartu duten emakume kazetari eta adituen iritziak bilduta, oso pozik nago jendeak euskal hedabideez duen pertzepzioarekin.

Euskarak genero markarik ez izatea abantaila da, baina ez panazea, ezta?

Dudarik gabe. Hori da, nik uste, urteetan eduki izan dugun ustezko aterkia, eta batzuei oso ongi etorri zaie, ziur aski. Dokumentalean aipatzen da, besteak beste, sexista ez dela hizkuntza, haren erabilera baizik. Irene Arraratsek ere badio: jendarte matxistan bizi gara, hortaz, kutsatuak gaude; horregatik, gure hizkuntzak ezin du etengabe perfektua izan. Baditugu zertzeladak, agian inkontzienteki egiten ditugunak. Ondorioz, kontua erne ibiltzea da. Kazetariok, maiz, gure jardunean ari garenean, ez gara konturatzen gure lana norbaitek kontsumituko duela eta geu ere, txikiak izan arren, iritzi publiko jakin bat sortzen eta sustatzen ari garela. Hortaz, jabetu beharra dugula uste dut.

Nolako gizartea, halako hizkera. Zenbateraino eragin dezakegu hedabideok?

Horretan, hedabideen irismenak, trabak edo ezaugarriek zerikusi handia dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garai honetan masa-komunikabideek zer-nolako eragina duten, baita zenbateko beldurra eragiten ari diren ere. Nire ustez, herri ekimeneko euskal hedabideok gehiago sustatzen dugu ikuspuntu kritikoa, hainbat alderdi jorratu edo hainbat iturritara jotzen dugu informazio bakar baterako... Guk uste baino eragin handiagoa dugulakoan nago.

Dokumentala ikusita, irakurketa baikorra egin daiteke.

Bai. Elkarrizketatu ditugun emakume asko ezagunak nituen, badakit nola egiten duten lan, eta haien edukiak kontsumitzea plazera eta irakaspena da niretzat. Andre kazetari euskaldunok gai hauek lantzen hasi ginenean (Arrosa sareak edo UEUk antolaturiko ikastaroetan, adibidez), orain dela zortzi bat urte, aipagai izaten genuen erredakzioetan emakume feministaren bat izaten zela eta hura baino ez zela arduratzen feminismoa edota hizkuntza ez sexista modu transbertsalean jorratzeaz. Dokumentala bukatutakoan, sentsazioa izan dut hedabideek dagoeneko hartua dutela gauzak ongi egiteko konpromisoa, komunikazio ez sexistaren alde eta indarkeria matxistaren kontra ez ezik, homofobiaren edo hemen, gure bailaran, hain ezaguna dugun arrazakeriaren kontra ere. Ematen du gure gizartean, orain, sare sozialekin eta, dena mamitua eman behar zaigula, eta gogoetatzeko ohitura galdu egin dela. Euskal prentsak, ordea, hausnarketa eragiteko bideak eta tresnak eskaintzen ditu.

Irrati libreak, komunitarioak... Oraindik ere irrati publiko eta handiak baino koska bat beherago ikusten ditugu?

Jendarteak, oro har, bai. Gainera, batzuetan iruditzen zait irrati handi batek esaten duena ez dela zalantzan jartzen, gezurra izan arren, baina bai bergarar batek Txapa irratian dioena, esaterako. Penaz diot, baina horixe nire sentsazioa. Beharbada, garai batean, zenbait ganberroren irratitzat jotzen ziren; halere, izan zaitezke ganberro baino ganberroagoa eta ongi aritu, txukuntasunez. Hain zuzen, hori bera pentsatzen dut: oso ganberroak gara, bai, baina txukun aritzen gara. Dena den, nire aburuz, hedabideetan aldaketa handia dator mundu mailan, eta irratiok moldatuko hara errazen. Erakargarria da. Kontsumo eredu berrietara egokitu beharko dugu, eta horretan ari gara.

Idatzi, zuzendu... baina, batez ere, irratia. Irratizalea edo irratijalea zara?

Telebistara joan behar izan dudanean, dela elkarrizketatu, dela kazetari edo tertuliakide, entzungailuen falta sumatu dut. Ohitura kontua izango da. Irratia etxearekin lotzen dut, ohiturarekin, lagun egitearekin, informazioarekin... Jaiki orduko, irratia pizten dut. Gainera, oso erraz kontsumitzen da: egon zaitezke gosaltzen, dutxatzen, harrikoa egiten... eta aldi berean irratia entzuten. Idazten asko gozatzen dut, baina niretzat irratia zoragarria da.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Nire bizitzak.

Eta tristatu? Euriak.

Zerk eragiten dizu barrea? Lagunekin egoteak, jendearekin.

Eta negarra? Hutsuneek.

Zerk haserrearazten zaitu? Injustiziek, asko.

Bizio bat? Kafea.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Euskara irakaslea izan nahi nuen, baina izebak argi esan zidan: “Nahikoa naiz ni AEKn”.

Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Ertzaina.

Irrati esatari bat? Mari Agnes Gorostiaga, Irulegi Irratiko lankidea.

Txingudiko txoko bat? Txingudiko badia.