Jolasari ihes ez egiteko

Badaramate zenbait urte gure artean. Pixkanaka iritsi, errotu eta hedatu dira. Misterioaren gandua dute aliatu, eta jolasa bidelagun. Ihes gelak dira, gela itxi batetik irteteko gai jakin bati buruzko misterioak ebaztea eskatzen duten jolas motak. Azken urteotan, asko hedatu dira munduan, baita Euskal Herrian ere. Errealitate soziolinguistiko kaskarraren isla, gehiago dira gaztelaniazkoak, baina euskarazkoak ere sortu dira han-hemenka, eta euskaraz jolasteko aukera badago, beraz. Gazte zein helduentzat, jolas hutsetik harago joatea ahalbidetzen dute; baliagarriak izan ohi dira, esaterako, komunikazioa lantzeko, edo hizkuntza. Hala, aitzakiarik ez dago tarte dibertigarri bat pasatzeko eta, bide batez, buruari eragiteko. Nora jo ez badakizue, irakurri lerro hauek misterioa argitzeko. Hona hemen euskarazko hiru ihes gela. Maider del Olmo, Esti Lanao.

testi“Jendeak sorpresak hartzea du gustuko, gehienbat”

Ekainean, lau urte beteko ditu Elizondoko Baztan Escape Room ihes gelak. Maite Redondo da arduraduna eta ideiaren sortzailea.

Hasieran, ez zuen ihes gelen mundua ezagutzen Redondok. Lagun bati esker murgildu zen ­Jakin-minak bultzatuta, jolastera animatu zen beste lagun batzuekin batera, eta negozioa egiteko ideiarekin bueltatu zen herrira: “Euforiko etorri nintzen etxera, eta Elizondon probatu behar genuela esan nion senarrari; oso-oso argi ikusi nuen”. 2017ko ekainean ireki zuen Baztan Escape Room ihes gela.
Eskaintzen duten esperientzia ez da beste ihes geletako dinamikatik asko aldentzen: “Gela batean sartzen zara, giltzapetuta, eta hortik ateratzea lortu behar duzu, enigmak asmatu edo giltzarrapoak irekitzen dituzun bitartean, esaterako”. Astelehenetik igandera bisitatzeko aukera dago, goizeko 10:00etatik 20:30ak arte, eta bi-lau lagun bitartean sar daitezke. “Txanda bakoitzak ordu eta erdi irauten du, eta gehienez zazpi taldek parte har dezakete egun batean”. Maite bera da gela osoaren arduraduna eta jokoa sortu zuena. Eta ez da txarto moldatzen: “Erreserbak webgunetik egiten dira, normalean. Egutegia ikusgai duzu, eta hor aukeratu ahal duzu zein egunetan etorri nahi duzun”. Telefonoz eta e-postaz egiteko aukera ere badago, eta betiere 48 ordu aurretik erreserbatu behar da. “Horrela moldatzen naiz, eta badakit lana noiz dudan eta zenbat talde ere bai”.
Besteetatik ezberdintzen duena, beharbada, gaia da: euskal mitologia. Redondok argi zuen ez zuela beste ihes gela batzuetan ikusi zituen giroak errepikatu nahi: “Hemengo zerbait izatea nahi genuen, gure herriko kulturarekin lotuta. Azkenean, Basajaunen eta horrelakoen inguruan girotu genuen”. Bete-betean asmatu zuten, harrera arras ona izan baitzen: “Herrikoek ez zuten horrelako jarduerarik ezagutzen, eta dela kuriositatez, dela nigatik, probatzera ausartu ziren. Orain behin eta berriro egin nahi omen dute batzuek, kar-kar”. Gainera, Euskal Herritik kanpo etorritakoak ere izan dira Elizondoko ihes gelan, eta onuragarria ikusten du hori Redondok: “Oroitzen naiz bikote bat etorri zela, nondik eta Bartzelonatik. Antza, hemengoa 780. jokoa zuten, edo horrelako zerbait. Hau da, batzuek turismoa horrela egiten dute, ihes gelak batetik bestera bisitatuz, eta hori ona da guretzat”.
Zerbitzua euskaraz ematea ere nabarmentzekoa da. Euskal Herriko beste toki batzuetako ihes geletan gure hizkuntzan lan egiten badute ere, oraindik ez dira asko. Baztan Escape Roomen, irakurgai guztiak euskaraz eta gaztelaniaz idatzita daude, baina harrera batean ala bestean izatea hauta dezake bezeroak: “Euskaraz egin nahi duenak erreserban bertan aipatu ahal du, eta hasieratik dena hizkuntza horretan egiten dugu, hala hasierako azalpenak nola bukaeran sare sozialetan argitaratzen dugun argazkia”. Bezeroek asko eskertzen omen dute aukera hori izatea: “Pertsona ugari horregatik bakarrik etortzen dira”. Hizkuntza eta gaia, bi arrazoi horiek erakartzen dituzte gehien erabiltzaileak. Sorpresak eta espero ez dituzten gauzak topatzeak ere bai, noski: “Ihes geletan izaten diren ohiko tresnak ditugu, baina ezohikoak gustatzen zaizkio gehien jendeari".
Adinari dagokionez, askotariko erabiltzaileak gerturatu dira Elizondoko joko misteriotsua probatzera: “Gehienak, agian, gazteak dira, baina familiak ere etortzen dira, haurrekin, aitonarekin eta amonarekin”. Izan ere, zailtasun handirik ez duela onartu du Redondok: “Ez zara sasoian egon behar. Beharbada, probetako batzuk zailagoak dira txikientzat, baina oro har edozeinek egin dezake”. Hala ere, gutxienez 8 urte izan behar dira parte hartu ahal izateko, nahiz eta malgutasunez jokatzen duten: “Norbaitek 6 urteko haurra sartu nahi duela aipatzen badigu, ez diogu arazorik jartzen. Norberak ikusi behar du seme-alaba nolakoa duen”. Adinaz gain, parte hartuko duenaren esperientzia ere kontuan hartzekoa da: “Ez da gauza bera izango inoiz jolastu ez duenarentzat edo 30 joko egin dituenarentzat”. Era berean, Euskal Herriko mitologiari buruzko ezagutza handirik ez izatea ez da oztopoa: “Nik, harreran, beti galdetzen diet Basajaun ezagutzen duten. Ezezkoa bada, azalpen txikia eskaintzen diet, eta nahikoa da".
Alabaina, ihes gela gehienetan gertatzen den bezala, ez dago errepikatzeko aukerarik, behin jokoa eginda jada ezagun duzulako. Horregatik, dagoeneko beste gai bat prestatzen dabil Baztan Escape Roomen arduraduna: “Aurreko urtean egin nahi genuen, baina egungo egoeragatik ezinezkoa izan da. Ea aurten posible dugun; gaia buruan dut, eta probak ere bai. Gogotsu nago”.

 

ihes

“Jolasa denontzat dago irekia; barruan daramagu”

“Esperientzien sortzailea, aholkularia eta bidelaguna” da Olaya Landa (Zarautz, 1972), Zarauzko eta Getariako ihes gelen arduraduna. Gizarte hezitzaile honek zalantzarik ez du jolasaren onuren gainean: talde komunikazioa hobetzeko ezinbesteko tresna da; zer esanik ez hizkuntza lantzeko.

Munduko ihes gelarik onenen zerrendan egoteak eragiten dion poza nabari zaio Olaya Landa gizarte hezitzaileari: “Sekulako saria izan da guretzat 25. lekuan geratzea, hau da, munduko onenen artean” azpimarratu du. Ezustean jaso zuten albistea. Hogei urtez aisialdiaren esparruan lanean ibilitakoa da Landa, eta umeekin nahiz gazteekin izandako esperientzia baliatu zuen beste batzuekin elkarlanean ihes gelak irekitzeko, lehenengo Zarautzen (Gela urdina) eta gero Getarian (Elkano).
Bizi esperientziak izateko lekua dira. Jolasa denontzat dago irekia; barruan daramagu. Jolasten garenean ikusten da nolakoak garen: barruan daramagun umea ateratzen zaigu. Jolasak ireki egiten du pertsona”. Ondo pasatzeko ez ezik, komunikaziorako eta talde kohesiorako ere baliagarria da olgeta; hori dela eta, komunikazioan sakondu nahi duten taldeek askotan jotzen dute ihes gela hauetara: “Denetariko jendea etortzen da: familiak, lagunak, langileak… Polita da talde horietan rolak nola aldatzen diren ikustea”. Bestalde, hizkuntza lantzeko aukera paregabea izanik, baliagarria deritzo euskaltegietako ikasleentzat.
Emakumeei biziki gomendatzen die parte hartzea: “Emakumeok ohituta gaude burua, aldi berean, hiruzpalau lekutan izaten, eta hori ez da beti ona. Ihes gelan ematen duzun denbora tartean, ordubete horretan, leku bakarrean jarri behar duzu arreta, ez daukazu besterik”. Halaber, emakumeak abiapuntu eta harago joanda, gogoeta bultzatzeko beste modu bat aurkitu du.
Gizarte hezitzailearen ikuspegitik, konbentzituta dago ihes gelek balio pedagogikoa izan dezaketela; horren adibide, hainbat elkarterekin batera (Calcuta Ondoan, Sorginlore eta Ikertze) sustatutako Harimakila proiektu artistikoa. Egitasmoaren helburua hausnarketa sustatzea da, Asian ehungintzan lan egiten duten emakumeen giza eskubideen urraketei buruz: “Egundoko poza da guretzat kontzientziazioa lortu dela ikustea eta proiektuan parte hartu duten gazteei entzutea ez zekitela, adibidez, Bangladeshko emakumeen egoera zein zen, eta ez dutela berriz erosiko arropa kate handi horietan”. Ihes gelek bide bat zabaldu dutela dio, eta egun  tresna bat gehiago direla.
Dena dela, ihes geletan ondo pasatzeari ere garrantzi handia ematen dio. Pozarren ateratzen omen da jendea gelatik, misterioa ebatzita: “Ikusi dugu hemendik irtenda beste ihes gela batera doazela, korrika, zirrararen zirraraz”. Ihes gelak boladan ote dauden galdetuta, Euskal Herrian oraindik ez dutela goia jo erantzun du: “Oraindik ere, pertsona asko aurreneko aldiz etortzen dira gurera; hau da, ez dira beste ihes gelaren batean izan”.
“Esperientzien sortzailea, aholkularia eta bidelaguna naiz” dio, bere zereginez galdetuta. Gela urdinaren kasuan, belaunaldiz belaunaldi transmitituriko kondaira bat hartu dute oinarri, Zarauzko Narros jauregiko Gela Urdinean gertatutakoari buruzkoa. “Zarautzen kokaturiko kondaira bat errotzeko bidea da”. Bestalde, Elkano ihes gelak Getariako itsasgizon ezaguna ez ezik, gogoan ditu arrantzaleak ere.
Azken hilabeteei dagokienez, koronabirusak eta pandemiari aurre egiteko neurriek aisialdia ezinbestean aldatu dutela dio: “Planak egiteko moduan, bai, aldaketa ikusi dugu. Orain, familiak goizez etortzen dira gehiago, adibidez. Gurean taldeak txikiak direnez, neurri batzuek ez digute hainbeste eragin”.
Ihes gela batean izan ondoren, misterioaren berri ez ematea ezinbestekoa da: “Kontatu bizi izan duzuna, ez ikusi duzuna” eskatu nahi die irakurleei.

hinojal“Taldean ondo pasatzeko eta euskara praktikatzeko leku aproposa iruditu zait”

Bilbon, Euskararen Etxean, Euskal Alien Nazioa ihes gela abiatu dute, Azkue Fundazioak sustatuta. Haritz Hinojal (Bilbo, 1995) aurreneko partaideetako bat izan da, euskaltegiko ikaskideekin batera. Pozik dago bizi izandakoarekin. Lehenbizikoz egon da ihes gela batean, eta dibertigarria izan dela dio. Zientzia fikzioa gustukoa duenez, ez zaio lar zaila egin istorioan murgiltzea. Hori bai, ez du misterioa argitu arteko onik izan.

Hitz egitea asko gustatzen zait, irekia naiz. Hori lagungarria da ihes gela batean. Komunikazioa oso garrantzitsua da, baita taldeko lana ere. Saltzailea naizenez, ohituta nago jendearekin berba egiten” diosku Hinojalek. Ihes gela batean aurrenekoz izanagatik ere, gaia bere alde izan du, zientzia fikziozko eta fantasiazko lanak bere kutunenen artean baitaude: “Nire film gustukoenetakoa The Lord of the Rings da”.
Euskal Alien Nazioa du izena Bilboko Euskararen Etxeko Euskararen Interpretazio Zentroko ihes gela sortu berriak. Azkue Fundazioak antolatuta, joan den hilean zabaldu zituen ateak. Partaideek, aretotik aterako badira, euskararekin lotutako zientzia fikziozko misterioa ebatzi behar dute: “2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira, euskararekiko mirespenak itsututa. Haien espazio ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Helburu argia dute: euskara hartu eta beren sorterrira eraman...” iragarri dute antolatzaileek.
Arrakastaz burutu zuten egitekoa Hinojalek eta euskaltegiko bere ikaskideek. “Hobeto horrela”, egin du barre bilbotarrak: “Oso lehiakorra naiz, eta lortu nahi nuen. Ondo sentitzen zara gero”. Jakingura handia izateari egotzi dio bere abilezia: “Horrelako leku batera ikuspegi irekiz joan behar duzu”. Nolanahi ere, meritua taldearena dela argitu du, ez norberarena. Zientzia fikzioaz euskaraz aritzeak harritu egin ote duen galdetuta, ezetz esan du, ez zaiola arraro egin.
Taldean ondo pasatzeko eta euskara praktikatzeko leku aproposa iruditu zait. Ni bigarren hizkuntza eskakizuna eskuratu nahian nabil euskaltegian, eta ondo ulertu dut dena euskaraz. Maila urriagoa duten beste batzuek ere egin dezaketela uste dut; izan ere, ez da zaila. Ondo egiteko, euskaraz egin behar duzu; edo, bestela, isilik egon”.
Hainbeste dibertitu zen, konturatzerako ordubeteko saioa amaituta zegoen: “Dibertigarria bai, baina apur bat laburra egin zitzaidan” aipatu du hobetzekoen artean. Horregatik, luze jo gabe, esperientzia errepikatuko du: “Egingo dut, bai, beste ihes gelaren bat. Badakit hemen, Bilbon, badaudela beste batzuk, eta animatuko naiz”.
Dena dela, euskaraz eta doan, ez dago halako beste pagotxarik Bizkaiko hiriburuan. Euskararen Etxekoek musu truk eskaintzen dute esperientzia. Gehienez lau laguneko taldeak izan behar dira, eta 13 urtetik gorako jendearentzat da (taldeko lagun bat, gutxienez, adinez nagusia izan behar da). Ostegun, ostiral eta larunbat arratsaldeetan dago zabalik. Erreserbak egiteko eta xehetasunak ezagutzeko, jo hona: euskararenetxea.eus.
Hain zuzen, Azkue Fundazioaren zuzendari Iurdana Acasusok gonbidapena egin die euskaltegietako ikasleei nahiz irakasleei: “Motibazioa pizteko eta areagotzeko aukera ere izan daiteke, bai eta ikasgelako ohiko jardunean bestelako jarduera bat txertatzekoa ere. Ikasleek beti eskertzen dituzte eguneroko dinamikatik kanpoko jarduerak, eta, gure ustez, Euskal Alien Nazioak hainbat elementu biltzen ditu ezohiko jarduera pozgarria eta aberasgarria izan dadin. Neurri batean, abentura txikia da, eta euskaraz, gainera; euskara ardatz duen  ihes gela bakarra. Hortaz, ikasle eta irakasleok,  etorri eta gozatu!"