“Gramatika ariketak soilik egitea ez da nahikoa euskara ikasteko”

zelanArantza Sanchez
(Barakaldo, 1991)

Lanbidez hezitzailea, Algortan bizi da, eta arreta zentro batean egiten du lan. Algortako AEKn ibilia, orain e-uskaltegian dabil. “Aurten euskara praktikatzea eta datorren urtean B2 eskuratzea da nire asmoa”. Ikaskide batekin gelako WhatsApp taldea sortu du, egunero mezuak bidali eta praktikatzeko.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
A ereduan ikasi dut beti, gaztelaniaz, baina txikitan euskara ikasteko ikastaro asko egin nituen, eskolaz kanpo. Unibertsitatean ere gaztelaniaz egin nituen ikasketak. Orain dela hamar urte, udaleku batzuetan egin nuen lan, Sukarrietan, eta han euskara egunero erabiltzen nuen.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hemengoa naiz, gustatzen zait euskara. Bestalde, lanean, hainbatek euskara dute ama hizkuntza eta egunero erabiltzen dut haiekin. Gainera, enpresan beste lanpostu bat eskuratzeko, nahitaezkoa da B hizkuntz eskakizuna izatea.
Nolako prozesua izan duzu?
Orain, adibidez, e-uskaltegian errazagoa zait; izan ere, egunero 16:30ean irteten naiz lanetik, eta beste zenbait gauza ere egiten ditut. Hortaz, gauean edo asteburuan egiten ditut ariketak eta. Aurten, horrela hobeto. Dena den, duela 5 edo 6 urte Algortako AEKn ibili nintzenean, beste helburu bat nuen: B1 lortu nahi nuenez, nire burua gehiago estutzen nuen. Azkenean, orain egoera bestelakoa da. Euskaltegi fisikoan gehiago hitz egiten duzu jendearekin. Etxean... Bai, WhatsApp taldea oso ongi dago, eta astero eskola bat izatea ere bai, baina hizketa ez duzu askorik praktikatzen. Aurreko esperientziatik horren falta sumatzen dut pixka bat. Lanean saiatzen naiz euskara gehiago erabiltzen, baina ez da gauza bera. Lankide batzuek egunero egiten dute euskaraz, beharrean zein egunerokoan, beraz, aukera ona dut haiekin praktikatzeko. Lagun batzuek ere badakite euskaraz, nahiko ongi, baina nirekin normalean gaztelania erabiltzen dute; aldaketa hori apur bat kostatzen ari zaigu.
Zer izan da zailena zuretzat?
Beharbada, euskaraz irakurtzea. Azken batean, hitz egiten dudanean, dena ez, baina ideia nagusiak harrapatzen ditut. Irakurtzea, aldiz, testua oso zaila bada, zaila egiten zait. Beti behar izaten dut hiztegia.
Eta errazena?
Ez dakit. Agian, hitz egitea. Batzuetan, hanka sartzen dut baina niri asko gustatzen zait hitz egitea eta ongi moldatzen naiz. Zerbait nola esan ez dakidanean, beti saiatzen naiz beste hitz bat topatzen.
Erabiltzen duzu?
Bai, lanean; eta orain nire asmoa da lagunekin pixka bat erabiltzea. Halere, hori zailagoa da. Hitz egiteko, lanean egunero erabiltzen dut, eta pertsona batzuekin euskaraz egiten dut beti, ez gaztelaniaz. Lanean dokumentuak, koadernoak... euskaraz idatzi nahi ditut. Hau da, euskaraz hitz egiteaz gain, idatzi ere egin nahi dut. Baina, oraingoz, hizketan baino ez dut baliatzen.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Bihotza asko gustatzen zait, bai doinuagatik bai esanahiagatik.
Trikimailuren bat?
Ez daukat. Euskara erabiltzea! Gramatika ikastea garrantzitsua da, baina gramatika ariketak soilik egitea ez da nahikoa euskara ikasteko. Nire ustez, garrantzitsuena hitz egitea da. Saiatuko zara gero akatsak zuzentzen... Azken batean, gramatika ikastea ez da hain zaila, igual gauza batzuk bai, baina esaldiak egiteko edo zerbait esateko, hitz egin beharra duzu.