Pandemiaz mintzatzean, eragiten dizue hedabideen gehiegizko informazioak?

ikamika

Belgikako RTBF irrati-telebista kate publikoak COVID-19ari buruzko informazioa mugatzea erabaki du, ikus-entzuleen kexak eta iradokizunak entzun ondoren: irudi ezkor gehiegi zabaltzen dutela, hainbeste datu txarrek ezinegona eragiten dutela, bestelako gaiak baztertu egiten direla... Hori ikusita, RTBF telebistako albistegietan gutxiago mintzatuko dira COVID-19ari buruz: gehienez, denboraren % 50. Frantzian ere antzekoa gertatu zen iaz: Viavoice Institutuak  irailean eginiko inkesta baten arabera, erantzun zutenen % 60k uste zuen hedabideek denbora gehiegi eskaintzen ziotela pandemiari, eta % 50ek adierazi zuen horrek antsietatea sortzen ziela. Gaiaren gaurkotasuna ukaezina da, baina pandemiaren gaineko informazio gehiegi jasotzen dela uste duzue? Horrek badu eraginik zuen aldartean? Ultzama-Larraungo AEK-ko Eritzegoitiko B1-B2ko Iepa Joxepa! taldea, Atetz eta Odietako ikasleak

1. Fermin
Horri buruzko informazioan, denetatik egon da. Denboraldiak izan dituzte non informazio gehiegi izan den; egun batzuetan, albistegien ia %100 pandemiari buruzkoa. Egun batzuk nekatuta eta nazkatuta bukatu dut. Uste dut beste albiste batzuk zeudela informatzeko.

2. Edorta
Lehen gurasoei anitz eragiten zien hainbeste informazio jasotzeak, eta horregatik eragiten zidan niri ere, hagitz kezkaturik zeuden. Egoera honek eta askatasunak murrizteak eragiten dit gehien. Informazio asko egotea hasieran bai, baina orain ez zait hainbeste inporta.

3. Violeta
COVID-19ari buruz albiste asko ematen dizkigute, eta beti negatiboak. Denontzat txerto nahikoak egonen balira, ez genuke arazorik izanen. Osasuna ala dirua, non dago oreka? Europan, jende gehiena adinduak gara, eta ez dago txertorik.

4. Josetxo
Bai, zalantzarik gabe informazio gehiegi jasotzen dugu, albistegi erdia pandemiari buruzkoa da. Nik ez dut kasu handirik egiten, astunak dira oso, eta hainbeste datu txarrek ezinegona eragiten didate. Ez nago ziur, baina uste dut ez dela ona gure bizitzarako.

5. Pilartxo
Pandemia hasi zenean, oso kezkatua nengoen, eta egunero ikusten nuen horri buruzko informazioa. Orain, ordea, berdin zait, eta beste kanal batera aldatzen dut telebista. Pandemia noiz bukatuko den jakitea gustatuko litzaidake, hori da nire kezkarik handiena.

6. Pablo
Informazioa jasotzea ongi etorriko litzaiguke, baina neurriz. Uste dut duela asko ailegatu ginela. Egia esan, jasotzen dugun informazio guztiak zer edo zer eragiten du gure barruan, eta normala da kezkatuta egotea munduan gaur pasatzen ari denarekin.

7. Xabier
Bai, komunikabideek pandemiarekin sortu den meategia aprobetxatzen dute. Nire ustez, garrantzitsuena gutako bakoitzak lasaitasuna edo sen ona galdu gabe jokatzeko moduan datza. Onartu eta aurre egin, mingostasunik gabe.