AntzerKHizkuntza: euskara eta antzerkia baino gehiago

gari

AntzerKHizkuntza egitasmoak antzerkia eta euskara lotzen ditu, non eta umeen artean, eskola orduen barruan, euskara antzerkiaren bidez suspertzeko. Gainera, proiektu honek antzerkiaren bestelako ezaugarriak erabiltzen ditu gaztetxoekin oinarrizko giza balioak lantzeko. Garikoitz Lasa gizarte hezitzaile eta aktoreak abiatu zuen egitasmoa, baina, lau urte igarota, sendotzen eta zabaltzen ari da taldea. M. Egimendi.

 

 

Eragileek ekintza berezitzat dute AntzerKHizkuntza: “Eskolaren benetako gehigarria da, euskaraz, euskararako eta euskaldunak sortzen laguntzeko, ikuspuntu profesionaletik abiatuta eta norberaren garapenera eta talde dinamikara bideratuta”. Egitasmoak ez du eskatzen euskaraz ongi egitea, lehen hitza euskaraz botatzea baizik: “Gaztetxoei, batzuetan, lotsa ematen die sentimenduak kontrolatzen ez duten hizkuntza batean adieraztea. AntzerKHizkuntzaren esparruan, ordea, barregarri antzerkiak utziko zaitu, ez hizkuntzak. Eta giroa begirunezkoa da, errespetutik haragokoa”.
Ikasturtea hiru zatitan banatzen dute. Aurreneko hiruhilekoan, antzerki teknikak eta giza baliabideak helarazten dizkiete umeei. Ariketa guztiek bi helburu dituzte: antzerki teknikak zentzu fisikoan eta psikologikoan ezagutzea (inprobisazioa, energia eszenikoa, eszenatoki gaineko kokapena, talde entzumena...) eta ikasgai psikologikoa lantzea (errefortzu baikorraren eta ezkorraren arteko aldea, komunikazio ereduak, enpatia, entzumen aktiboa, oinarrizko giza baliabideak...).
Bigarren hiruhilekorako, “ikasleak jada ohartuta daude” antzerkia baino zerbait gehiago lantzen ari direla, behin eta berriz azpimarratu zaielako talde lanaren garrantzia: “Orduan, antzezlana egiteko aukera eskaintzen zaie, eta ia beti nahi izaten dute”. Modu asanblearioan antolatzen dute, ideia zaparrada batekin hasita: “Pertsonaiak, egoerak, garaiak... Erdi idatzita dagoenean, geuk ematen diogu azken ukitua”. Hori eginda, testua ikasi eta entseatzeko unea iristen da, azken hiruhilekoan.
Haatik, batzuetan ez dute antzezlanik sortzen, gehienetan eskolak egitasmoaren lehen hiruhilekoa bakarrik kontratatzen duelako, diru ezagatik. Beste batzuetan, aldiz, ez delako komeni: “Talde bat gaixorik egon daiteke, une zehatz batean horretarako nahikoa osagai bildu direlako: bullying kasuren bat, botere jokoa azpitaldeen artean... Hala, antzezlana txarto badatorkie, ez dugu gauzatzen, betiere eskolarekin eta tutorearekin adostuta. Dena den, taldeak ariketak egiten jarraitu beharra badu (talde dinamikari, talde entzumenari, lidergoari... buruz), hori guztia beste era batean lantzen dugu, garrantzia taldearen garapenari emanda”.
Ebaluazio orokorrak oso arrakastatsuak izaten omen dira, “neurri handi batean, eskoletako irakasleei esker, euren inplikazioa ezinbestekoa eta ikaragarria izaten delako. Harro gaude, bukaeran ikasleek gure lana eskertzen dutelako. Zailtasun asko izaten dugu ikasturtean, baina nota onak ateratzen ditugu, ikaslearekiko harremana asko zaintzen dugulako: emozioen bidez irakasten dugu, baina zorrotzak gara, lan handia delako. Pasioak laguntzen digu, eta ikasleen motibazioak ere bai”. Gainera, gurasoak ere asko inplikatzen ei dira: “Antzerkia gurasoekin ikasten da, baina ez azterketa arruntetarako bezala. Ez da nahikoa jakitea, praktikatu egin behar da. Umeak norbaiten aurrean entseatu behar du, eta, gurasoek euskaraz jakin ez arren, errepikatzearen ondorioz ikasten dituzte esaldiak”.
Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailan eta DBHn burutzen da, oro har, AntzerKHizkuntza. Batxilergoan, zentroaren proiektuaren arabera: “Karrera bukatutakoan norbait bere ideiak azaldu eta defendatzeko gai ez bada, ez du lanik aurkituko, eta hainbat eskola horren kontziente dira”.
Eragileen konpromisoa
Egitasmoa gauzatzeko, astean ordubete erabiltzen dute, euskara ikasgaiaren barruan, normalean, edo, bestela, tutoretzan: “Gutxi da, baina ikasleak oso motibatuta egoten direnez, etxerako lanak agintzen dizkiegu, modu boluntarioan egiteko... eta eskatu ere egiten dizkigute!”. Euskara orduetan kokatzeko arrazoia da antzerkia erabilgarria dela testuak eta egiturak ikasteko, eta tresna ona umeak euskara ikasteko motibatuta egon daitezen. Dena den, bi baldintza jartzen dizkiete eskolei: ez lehiatzea ordu horiengatik ez bertsolaritzarekin, “asko baloratzen dugulako Bertsozale Elkartearen lana”, ez gorputz heziketarekin, “ikasgai horrek dagoeneko izan duelako ordu murrizketa, eta aktoreok badakigu gorputza zein garrantzitsua den bizitzarako”.
Proiektua abiatu zenetik igarotako lau urteotan, hainbat bide jorratu dituzte eskoletara iristeko, baina, batik bat, Berritzeguneekin eta udaletako euskara teknikariekin aritzen dira: “Batzuetan, Berritzegunekoa joaten da udalera proiektua aurkeztera, eta, beste zenbaitetan, udalak kontratatzen gaitu herriko eskoletan aritzeko. Gurekin ibiltzen dira, halaber, eskoletako zuzendaritza taldeak eta guraso elkarteak. Pertsona onak, solidarioak eta konprometituak aurkitu ditugu”. Egitasmoa onartzeko zailtasun bakarra finantzazioa izaten da, “hezkuntzako murrizketak gehiegizkoak baitira”.
Hala ere, eskolek benetako ahalegina egiten dutela aitortu du Lasak: “Neuk sortu nuen AntzerKHizkuntza, baina orain parte hartu duten guztiena da. Lantaldea aldatuz joan da, eta oraindik hazten ari gara”. Dagoeneko hainbat lagun dituzte prest AntzerKHizkuntzaren inguruan jarduteko, batez ere Berritzeguneetan eta udaletako euskara teknikarien artean. Irakasle multzo espezifikoa behar izaten dute proiektua garatzeko: “Pertsona onak, euskaldunak eta antzerkian jantziak, baita psikologian, pedagogian, gizarte heziketan... ere. Dagoeneko baditugunez horrelakoak, has gaitezke hedapenean pentsatzen”. Izan ere, orain arte Bilbo inguruan ibili dira: Erandio, Barakaldo, Etxebarri, Leioa, Santurtzi... baina ikasturte honetan Igorre eta Gasteiz aldera hedatuko dute egitasmoa. Gipuzkoan oraindik ez dira sartu, baina Gasteizkoa ondo ateratzen bada, datorren urtean Donostia aldera jotzeko asmoa du AntzerKHizkuntzak.