Binilo artean galduta

binilo

Alain Consonnik eta Gonzalo de la Mazak duela bi urte ireki zuten Press Play Vinyl binilo fabrika Urdulizen (Bizkaia) eta, pixkanaka-pixkanaka, lekua egiten ari dira musikaren munduan. Hasieran inguruko taldeen biniloak argitaratzen bazituzten ere, denborarekin hedatuz joan dira; are gehiago, atzerritik ere heltzen ari zaizkie eskariak azkenaldian, batez ere Frantziatik. Horrenbestez, makina berriak erostera eta ekoizpena handitzera ausartu dira. Txomin L. Aramaio.

Enpresaren arduradunek kostata topatu dute tartetxoa gurekin hitz egiteko, lanez gainezka dabiltza eta. Aurretik, 40 urteko esperientzia zeukan fabrika bat zuten, baina beste bide bat hartu nahi zuten; hala, zer edo zer berezia egiteko asmoz, merkatu ikerketa bat egin zuten. “2017-2018 urteen artean egin genuen, eta binilo fabrika bat egitea ona izan zitekeela ohartu ginen, alegia, bertako artistek zein diskoetxeek biniloak hemen ekoitzi ahal izatea” dio Consonnik. Probatzeko, lankide baten taldearen biniloa argitaratu zuten lehendabizi, Yao taldearena, hain zuzen ere. “Benetako ekoizpenarekin hasi aurretik, probak egin nahi genituen. Kalitatea ziurtatu nahi genuen”. Ondoren etorri ziren Revolta Permanenten bigarren diskoa eta Fermin Muguruza, Kortatu, La Polla Records, Hertzainak edo Mikel Laboa artista ezagunen berrargitalpenak. Horrez gain, Gatibu, Pelax, Aguxtin Alkhat, El Columpio Asesino edo Testuraren azken lanek ere beren zigilua daramate. Azkenaldian, Frantziatik eta Espainiatik ere etortzen ari zaie lana. 
Hasiera, baina, ez zen erraza izan. “Biniloak sortzea ez da prozesu samurra” azpimarratu du Consonnik. Diskoa grabatu, nahasketak egin, eta biniloetarako propio egindako masterizazio berezia behar izaten da diskoa fabrikatu ahal izateko. “Masterizazio berezi horrekin, masterra egiten dugu guk, eta kopiak atera”. Kalitatea, zerbitzu pertsonalizatua eta entrega data laburrak bermatzen dituzte Press Play Vinyl enpresan.
Aro digital honetan, esanguratsua da zer-nolako garrantzia hartu duen biniloak azken boladan. “Musikazaleari euskarri  fisiko erakargarria eskaintzen dio biniloak. Azal handia, diseinu ederra... badu beste zerbait biniloak. Musika entzuteko beste modu bat da”. Nabari zaie enpresaburuak ez ezik, binilozaleak ere badirela.
140 gramo edo 180 gramoko 12”-ko biniloak, 42 gramo edo 70 gramoko 7”-ko biniloak, edozein koloretakoak, zeharrargiak, metalikoak, gauez argiztatzen direnak edota fluoreszenteak. Mundu mailako edozein fabrikaren maila dute. Hori gutxi balitz bezala, ahalik eta traturik hurbilena izateko, 100 aleko argitalpenak ere egiten dituzte musika talde txiki edo edizio mugatuetarako. Merkatuak eskatzen duenera egokitzen jakin dute.
Musikariek ere, gogoko
Gero eta musika talde gehiagok egin dute formatu honen aldeko apustua gurean. Liher taldekoek, esate baterako, halaxe kaleratu dute beren azken lana, Hemen herensugeak daude, aurreko biak ez bezala. “Haiek ez genituen biniloan kaleratu, nahiko lan izan genuelako CDa bera saltzen. Gero, Tenpluak Erre biniloan zenbatek eskatu ziguten ikusi ondoren, azken hau biniloan argitaratzera animatu gara” azaldu digu taldeko gitarrista Iñigo Etxarrik.
Abesti bat kentzekotan egon ziren, iraupen kontuengatik; izan ere, biniloak baditu bere mugak. Ezin da nahi beste kanta jaso. “Azkenean, zin egin ziguten mastering berezi batekin abesti guztiak sartuko zirela. Diskoan istorio bat kontatzen dugunez, atal bat kendu behar izateak kolokan jartzen zuen biniloa plazaratzea” argitu digu.
Binilozalea da Etxarri, ezin du ukatu. “Biniloa eta kasetea txikitatik izan ditugu etxean. Gero, etorri zen CDa, desagertu zen kasetea... Biniloa, ordea, ez dugu sekula baztertu. Gogoan dut, bereziki, Queenen A Night at the Opera, 1975eko binilo hori altxorra balitz bezala dut gordeta. Beraz, bai, binilozalea naiz”. Horren gustuko izateko arrazoia da biniloak musikari merezi duen denbora eskaintzeko tartea hartzera “behartzen” zaituela, nolabait. “Diskoei merezi duten errespetua zor diegula iruditzen zait: ilustrazioei, maketazioari, argazkiei eta musika hori guztia material beltz horretan egoteko egindako lanari. Hala ere, ez naiz purista, streamingari ez diot uko egiten. Etxean eta presarik gabe, biniloa; kalerako, aldiz, streaminga”.
Jon Basaguren Izaki Gardenak-eko kidea ere iritzi berekoa da. Azken diskoarekin (Dena Oskol) nahi zuten guztia egin omen dute, besteak beste biniloan argitaratzea. Erraiak diskoetxearekin egin zuten, erabakia argi eta garbi izanik. Batetik, betidanik gustatu izan zaielako, eta, bestetik, beraiek ere kontsumitzen dutelako formatu hori. Gainera, zuzeneko eragina izan du diskoan. Izan ere, bazekiten diskoak bi alde izango zituela edota zenbat kanta sartuko zituzten. “Formatuak guztiz eragiten du azkenengo emaitzan”. Horrez gain, bira amaitzeko, bi kantu berri argitaratu dituzte, biak ere binilo single formatuan.
Binilo dendak
Dientes Largos eta Barracuda Iruñean, Power Records Bilbon, Bop diskak eta Mange Baionan, Jet records Miarritzen, Beltza eta Libdisks Donostian, Old Tower Stuff eta Vinylora Gasteizen, eta Bloody Mary Irunen. Agian, ez dira asko, baina binilozaleek badute non aukeratu Euskal Herriko denda horietan; bigarren eskukoak zein berriak saltzen dituzte. Vinylorako Nagel Naldak dendako ateak zabaldu dizkigu horren gainean berba egiteko.
Naldak anaiarekin batera ireki zuen disko denda duela hiru urte. Urte askoan, lantegi batean egin zuen lan, eta anaiak, ostera, tabernetan. Betidanik izan dira oso musikazaleak. “Lantegian, diruz lagunduriko zenbait kaleratze izan ziren, eta neuk ere atea jo nuen, ea zerbait lortzen nuen. Dendaren ideia banuenez buruan, anaiarekin hitz egin nuen. Hasieran, erotzat hartu ninduen, baina begira orain” dio.
Naldak irakurria zuen nonbait, “Ingalaterrako webgune batean, uste dut”, biniloen gorakadari buruzko zerbait. Euskal Herrian halako zenbat musika denda zeuden aztertzen hasi eta Bilboko Power Recordsekoekin jarri zen harremanetan. “Egia esan, asko lagundu digute”. Kaleratzean jasotako diruarekin eta bankuari eskatutakoarekin ireki zuten denda azkenean.
Musikaz online gozatzea ondo dagoela uste dute; hala ere, disko osoak ez omen ziren berdin disfrutatzen eta entzuten.  “Egun baterako entzunaldia bihurtzen ari ziren, entzun eta kito, hurrengora. Pena ematen zigun formatu fisikoa galtzeak”. Gasteizen, gainera, dendarik ez zegoenez, eurek ireki zuten bat.
Bi urte hauetan, biniloen salmenta hazi egin da, anaia biek diotenez.  “Disko gehiago berrargitaratzen ari dira. Industriak etekina ikusi du hor, eta enpresak horretan dabiltza”. Binilozale beteranoez gain, biniloen mundua ezagutzen hasten ari den jendea ere sartzen da Vinyloran. “Guk, egia esan, disko jogailuak ere saltzea erabaki genuenean, bete-betean asmatu genuen. Hasieran, ez genuen asmorik, baina jendea eskatzen hasi zen eta nahikotxo saldu ditugu”. Denda fisikoaz gain, web orria dute. “Dendan, webgunean eta Discogs plataforman saltzen ditugu diskoak. Azken horretan gehienbat, eta mundu osoan, gainera”.
Munduan, estatuan eta Euskal Herrian, gero eta binilo gehiago saltzen dira. Hala izan bedi!