Aurten ere, euskalduntzea plazara!

bultza

Martxoaren 28an, hitzordua dugu euskaltzaleok, baina AEK-k abian jarri duen Bultza euskaltegiak, Bultza euskara! dinamika ez da horretara mugatuko. Izan ere, euskalgintzaren garrantzia plazaratzea du xede, baita aurten ere, Korrika ez egiteak utzi duen hutsuneagatik. M. Egimendi.

Aurten ere, AEK-k kalera atera nahi du euskararen lekukoa, ozen aldarrikatzeko euskaltegien aldeko bultzadak premiazkoa izaten jarraitzen duela. Lan handia dago egiteko oraindik, eta euskalduntze mugimenduari eutsi egin behar zaio, gure hizkuntza ez baitago salbu.
Rikardo Arregik argi utzi zuen, duela 55 urte idatzitako gutun hartan,  helduen euskalduntzea ezinbestekoa zela, orduan, euskararen biziberritze osoa lortzeko. Gaur egun, bide oparo eta nekaezina egin bada ere (ikerketek diotenez, jendarteak azken hamarkadetan irabazi dituen euskal hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da), bistan da mugimenduak beharrezkoa eta garrantzitsua izaten jarraitzen duela. Ondorioz, euskaltegi sendoak behar dira, Euskal Herrian 16 urtetik gorako herritarren % 55 erdalduna baita oraindik. “Bide onetik goaz” dio AEKren koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek: “Urtero-urtero, 45.000 herritar baino gehiago ditugu euskara ikasten, baita pandemiak eragindako ikasturte ezohiko honetan ere”.
Bide horretan, herritarren babesaz gain, administrazioen laguntza ezinbestekoa dela iritzita, Bultza euskaltegiak, Bultza euskara! egitasmoaren barruan, AEK-k gutuna helaraziko die Euskal Herriko administrazio nagusiei, datozen urteotan euskalduntze mugimenduak nolako baldintzak izan beharko lituzkeen jasota. Izan ere, arloaren finantzaketa publikoa ez da aski, aurrerapausoak egin diren arren. AEK Euskal Herri osoan aritzen da, eta herritarrei euskara ikasteko aukera ematen zaie, edonon bizi direlarik ere. Horregatik, gaur egun, hiru administrazioek (EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria) euskalduntze arloari “bultzada estrategikoa” eman behar diotela uste du euskararen aldeko erakundeak.
Bestalde, Bultza euskaltegiak, Bultza euskara! mota guztietako gizarte eragileekin ari da lan ildo komunak jorratzen. Korrikaren aurreko edizioan, haietako hainbatek euskararen aldeko konpromisoa hartu zuten Albaolan eta Bastidan. Orain, harremanak sustatzen segitu nahi du AEK-k, eragileek beren eremuan aurrerapauso gehiago egin ditzaten eta euskararen sustatzaile lana egin dezaten.
Hortaz, euskaltzale guztion bultzada nahi du AEK-k, 2021ean ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Jendartearen arnasa premiazkoa denez horretarako, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak, Bultza euskara! ekitaldi xumeak antolatuko dira, martxoaren 28an, unean uneko osasun neurrietara zeharo egokituak. Lerrook idazten ari garenean, dagoeneko 45 gune daude hitzartuta, eguerdiko 12:00etan, ekitaldiak aurrera eramateko. Gonbidatuta zaudete!

Korrika atzeratzeak kolpe ekonomiko handia ekarri dio AEKri. Banku bidezko finantzaketaren bitartez erantzun dio oraingoz, “baina zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua behar dugu” adierazi du Iribarrenek. Hortaz, ekarpenak AEKren webgunean egin ditzake hala nahi duenak, hainbat eratan. Hori “bultzada txikia” izango da, hurrengo ikasturtean egingo den 22. Korrikak “babes erraldoia jasoko duela uste baitugu, benetan behar dugu eta” erantsi du. AEK-k, behintzat, buru-belarri jarraitzen du datorren edizioaren prestaketan: “Errealitateak bultzatu gaitu aurtengo dinamika antolatzera, eta errealitateak berak islatzen du, argi eta garbi, Korrika antolatzea guztiz beharrezkoa dela”.