“Hurrengo ekaitzari Andoni izena jartzen badiote, zer kulpa daukat nik?”

aizpuru

Andoni Aizpuruk (Gabiria, 1964) 28 urte daramatza, ia etengabe, ETB1eko eguraldi aurkezlea izaten. Bitarte horretan beste saio batzuk ere aurkeztu ditu, baina behin bakarrik utzi zion horregatik mapako eguzki, tximista eta hodeiak azaltzeari. “Zer eman du Andonik biharko?” galdera ohikoa da etxe askotan. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

 

Andoni etxeko bihurtu da…
Beste Andoni bat, Egaña bertsolaria, ezagunagoa da abizenagatik, baina nire kasuan izena geratu da. Gertutasun hori, jendeak kalean edo sagardotegian agurtzea, oso estimatzen dut. Askok esan didate etxekoa naizela haientzat, eta gustuko dut gertutasun hori. Ondo dago, telebistaren arriskuetako bat delako distantzia edo arrotz samarra izatea.
Asmatzen ez duzunean, jendea prest errietarako?
Erantzunak prestatuta dauzkat nolabait, kar-kar! Normalean, edukazioz erantzuten dut, baina batzuek min egin nahi dute, esanez, adibidez, ez dugula sekula asmatzen; bada, igual erantzuten diet soldata berdin-berdin ordaintzen digutela. Dena den, gehienek modu onean esaten didate ez dudala asmatu, eta arrazoia ematen diet. Edo zazpi egun barru egingo duen eguraldiaz galdetzen badidate, alaba ezkonduko zaielako, erdi txantxetan erantzuten diet ezkontza zein ermita edo udaletxetan izango den jakin behar dudala, ez zein herritan.
Halere, duela 28 urte baino errazagoa izango da asmatzea…
Isobara mapa faxez iristen zitzaigunean, batzuetan ez zen argi ikusten non zeuden antizikloiak eta ekaitzak. Asmatu egin behar izaten genuen frontea non zegoen! Orain, sakelakoa hartu eta ohetik jaiki gabe ikusten duzu bi aste barru hiru orduan behin zenbat euri egingo duen edo zer tenperatura izango den. Dena den, asmatzea ez da hain erraza. Baliabide asko ditugu, baina lauzpabost egunetik aurrera askotan hartzen ditugu ustekabe latzak, eta 15 egunetik aurrera modelo oso-oso gutxi dugu. Hortxe dago oraindik ere eguraldiaren xarma. Modeloak gero eta zehatzagoak dira, gero eta datu gehiago biltzen dira satelite bidez, baina...
Tenporei begiratzen al diezu?
Abendukoei beti, oso elurzalea naizelako. Iaz, hego haizea nahiko nabarmen ibili zen, eta muturra okertu nuen, negua nik nahi baino epelagoa izango zelakoan. Olentzerok eta Erregeek elurra ekarri zigutenean, tenporek ez zutela asmatu pentsatu nuen, baina gero… hegoa nagusi! Sinesten dut joera batzuk behintzat markatzen direla, eta gustuko dut tenporen nolabaiteko teoriatxo horri erreparatzea. Ez dute balio eguraldia egunerokotasunean zehazteko, baina epe luzerako iragarpenek ere ez dute asmatzen; hortaz, begi batekin tenporei zeharka begiratu eta bestearekin modeloei... Aurten, negu hasierako salbuespentxo harekin, asmatzen ari dira, zoritxarrez niretzat.
Zergatik da albiste neguan elurra egitea?
Elurrak bideak ixten ditu, eta, noizbehinka gertatzen denez, horregatik izan liteke. Hala ere, eguraldia gehiegitan da albistegietako berri: haizeak orduko 80 kilometro harrapatzea edo egun batean 10 litro euri egitea ez da albiste. Kazetariek, seguru asko, albiste beharra dute, eta berez gertakaria dena maiz bihurtzen dugu albiste. Telebista eta egunkari askotan ematen zaio eguraldiari behar baino tarte handiagoa.
Zer iruditzen zaizu ekaitzei izena jartzea?
Azken urteotako moda da. Gainera, herrialdeak ez dira ados jartzen, eta bakoitzak nahi duen izena jartzen die ia-ia; jendea erotu egiten dugu, bata bestearen atzetik datozenean, batez ere. Hain izen bereziak, gainera... Filomena! Euskal Herrian oraindik izango da izen hori duen amonaren bat, baina... Baita izen arruntak ere! Imajinatu hurrengoari Andoni jartzen diotela, zer kulpa daukat nik? Kazetaritza modernoaren joera da, eta ez dut asko maite. Azken batean, ekaitzak dira.
Berri ona da AEB Parisko klima aldaketaren forora itzultzea?
Oso ona! Trumpek klima aldaketa asmakeria dela esatea ere... Gehiago edo gutxiago gustatuko zaizu, baina arazoa hor dago. Berri ona da, baina ez da behar adina egiten. Norberaren erabakietatik hasi behar dugu. Ni Elorriotik Bilbora autobusez etor ninteke, baina bi ordu gehiago behar ditut egunero, ufa… Agintarien esku dago garraio publikoa hobetu eta autobusak sarriago jartzea, eta gure ardura da nork bere aletxoa jartzea. Nik egurra txikitu eta beheko sua pizten dut, gasolio gutxiago gastatzeko, eta orain argindar plakak jartzekotan nabil. Erraza da agintariak kritikatzea, nik kritikatzen ditut, ez dutelako nahikoa egiten, baina gutariko bakoitzak ere gehiago egin dezake. Asko kostatzen ari zaigu klima aldaketaren aurkako neurriak hartzea.
Klima larrialdiari aurre egiteko, garaiz ala berandu gabiltza?
Berandu dabiltza Ruper Ordorikaren kantu polit bat zen, ezta? Seguru asko, berandu gabiltza ondorio batzuk saihesteko, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik ezer egin behar. Zenbat eta lehenago hartu neurriak, orduan eta txikiagoa izango da klima aldaketa. Adituek gero eta argiago diote neurriak gaur hartu behar direla, ez bihar.
Baduzu itxaropenik belaunaldi berriengan?
Batzuetan, bai; beste batzuetan, ez. Nire ustez, klima aldaketak beraiengan izan ditzakeen ondorioak gertuago ikusten dituzte, nolabait. Batzuk oso mentalizatuta ikusten ditut, baina gazteak bizi egin nahi du, eta hor daude denok ditugun kontraesanak: euskal herritar asko joaten gara Pirinioetara, furgoneta hartuta, mendian ibiltzera edo eskiatzera, eta 500 kilometro egiten ditugu ingurunea kutsatzen! Oso jarduera sanoa izango da, baina ez da batere jasangarria. Zer egin, orduan? Herriko mendira joan? Batzuek egiten dute... Agintariek ere gehiago egin behar dute, gazteei erraztu egin behar zaizkie gauzak. Badute nahiko lan egungo egoerarekin, azken boladan, batik bat. Lan kontua gorri samar dute, eta soldata jokoan denean, beste neurri batzuk hartzea ez da batere erraza. Zenbaitek nahikoa du bizirautea, eta ezin diozu eskatu, aste osoa lanean itota eman duenean, asteburuan furgoneta ez hartzeko.
Baserrian bizi den kalekumea zara…
Baserritar batzuek baino baserri bizitza handiagoa egiten dut: zaldiak, oiloak, erleak, fruta arbolak eta baratzea dauzkat. Egia da ere telebistan egiten dudala lan, epeletan. Ez naiz baserritarra, baina duela ia 30 urte erabaki nuen baserri giroan bizi nahi nuela. Izatez, gabiriarra naiz, eta gure ama baserritar petoa. Herriko etxe batera ezkondu zen, eta han baratzea eta ukuilu koskor bat zeuzkan. Behirik ez genuen, baina bai oiloak, baratzea, fruta arbolak… Amaren baserrira joaten nintzenean ere, beste bat nintzen lanerako. Marmitak hartu eta esne partitzen ere ibilia naiz. Aita ez zen baserrikoa, baina ni beti izan naiz oso baserrizalea. Lurra, egurra, sua, belarra, zuhaitzak, haizea... horien beharra daukat. Orain, erleak jarri ditut, eta horiekin nabil txoratuta.
Gustatzen zaizu ETB1eko Baserria saioa?
Ez, ez naiz batere realityzalea. Proba fisikoak bakarrik balira, tira, baina giza harremanetan sartzen direnean... ez dut batere gogoko. Ez nuke sekula parte hartuko, edo aurkezle lana egingo, horrelako saio batean. Telebistak formatu ezberdinak eskaini behar ditu, eta halakoak ere egin behar direla onartzeko prest nago. Euskaldunon artean ere denetariko jendea dago, baina ni neu harritu egin nintzen saioaren ikusle kopuruekin, datu politak direlako. Ez dut uste Baserriak ETB2ko El Conquis-en maila duenik, baina hemen beste kate batzuetako realityak ere asko ikusten dira. Hortaz, euskaraz halakoak egitea ez zait bekatu mortala iruditzen. Okerragoa litzateke horretan dirua gastatu eta inork ez ikustea.
Eguraldia iragartzeko darabilzun euskara oso zaindua da. Garrantzia ematen diozu hizkuntzari?
Natur zientzien adarretik egin nituen irakasle ikasketak, baina ordurako euskara irakaslea ere banintzen. Komunikatzaile sentitzen naiz, eta nire maisu alderdia erabiltzen dut gauzak, irakatsi baino, erakusteko. Euskararen mundutik nator, eta gustuko dut hizkuntza zaintzea. Saiatzen naiz lexiko aberatsa baliatzen, bateko eta besteko hitzak erabiltzen, Euskal Herri osorako ematen dudalako eguraldia, eta zenbait jendek estimatzen du. Agian, maila baxuko ikasleek ez dituzte berba edo esamolde batzuk ulertuko, baina denentzat egin behar da eta Euskal Herri osoa zaintzen saiatzen naiz, ez argazkietan edo mapan bakarrik, baita hizkeran ere. Azken batean, izotza, leia, karroina, horma… denak dira bat.
Eman bi arrazoi euskara ikasteko.
Jakin ezean, galtzen direlako herri honetako gauza oso interesgarriak. Euskaraz bizi garen jende mordoa gaude Euskal Herrian, baita euskara hutsean bizi garenok ere, eta euskaraz ez dakienak hori guztia ez du ulertzen, ez du horren berri. Hori bakarrik nahikoa arrazoi da euskara ikasteko. Gero, jakina, hau euskararen herria baldin bada, euskara ikasi eta erabili egin beharko genuke, ezta?

KOLKOTIK

Eguraldiarekin lotuta gehien gustatzen zaizun atsotitza?
Goiz gorri, arrats euri.
Beldurtzen zaituen fenomeno meteorologikoa?
Itsas enbata, errespetu handia diot itsasoari.
Zer ez da falta inoiz zure ortuan?
Letxugak eta errukula.
Eta etxeko hozkailuan?
Neuk etxean egindako garagardoa. Egunero edaten dut bat, gutxienez.
Sukaldari ona zara?
Seme-alabek diotenez, gero eta hobea. Urteen poderioz, astoak ere ikasten du baserrira bueltatzen, kar-kar!
Zer ateratzen zaizu ondo?
Arraina parrilan, beheko suan. Getariako mailan ez, baina gertu nago, kar-kar!
Zerk ematen dizu lotsa?
Gezurretan harrapatzeak.
Zer izan nahi zenuen txikitan?
Kirolari ona. Futbolean ez, e? Mendi korrikalari edo eskiatzaile ona...
Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen berria?
Euskal Herriko hiru lurraldeek harremanak izugarri estutzea erabaki dute.
Zure bizitzako leloa?
Carpe diem.
Telebistan galtzen ez duzun saioa?
El Intermedio. Galtzen dut, baina nahiko zalea naiz.
Zerk galarazten dizu loa?
Kafeak eta duela gutxi jaiotako Martin semeak.
Gehien erabiltzen duzun sare soziala?
WhatsAppa, eta oso gutxi! Ez naiz sare sozialen zale, nire denbora ez dut horrelakoetan galtzen.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Zahartzen ari den morroi bat, baina gaztetan esan izan balidate 56 urterekin honela egongo nintzela, sinatuko nuen.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Korrika, edo mendira joan. Elurra badago, eskiatu.
Labur esanda, nolakoa da Andoni Aizpuru?
Burua beti lanean daukan ipurtarina.