18. Zinegoak, aurrez aurre eta digitalki

zinegoak

Martxoaren 1etik 14ra egingo da Zinegoak Bilboko Gaylesbitrans 18. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia. Zalantza izpirik gabe leloari jarraikiz, aurrez aurreko emanaldiei eutsiko diete, betiere osasun egoerari egokituta. Alabaina, online ere eskainiko dituzte filmak. Aurrez aurrekoetan, gainera, Bilbon ez ezik, Lekeition ere izango da zenbait pelikulaz gozatzeko aukera. Online, Filmin plataforman (www.filmin.es) egongo da ikusgai egitarau ofizialaren zati handi bat, martxoaren 5etik aurrera, bertan propio ezarritako atalean. Genero identitate ugariak aldarrikatuko ditu jaialdiaren aurtengo edizioak; horretarako, genero dibertsitatearen hainbat alderdi jorratzen dituzten istorioak izango ditu ardatz nagusi. Egitarauari dagokionez, 18 film luze izango dira lehian Sail Ofizialeko hiru ataletan: FIK (fikzioa), DOK (dokumentalak) eta KRAK (narratiba berriak). Film laburrei dagokienez, 28 eskainiko dituzte; tartean, ‘Euskal begirada’ atalean, euskal egileen 5 lan. Emanaldietatik at, Sébastien Lifshitz gidoilari eta zuzendari frantziarrari Zinegoak 2021 Ohorezko Saria emango diote, bere konpromiso sozial eta emozionalagatik, eta haren lanaren atzerabegirakoa ere izango da. Egitarau osoa zinegoak.com gunean ikus daiteke.


amuaAXUT! konpainia Amua antzezlana estreinatzear da. Arantxa Hirigoienek eta  Ximun eta Manex Fuchs anaiek idatzia, Ana, Aitor eta Txolarre ditu protagonista. Anak gaztaroko bi maitale ohi, Aitor eta Txolarre, Iratiko etxola batera gonbidatuko ditu, batak zein besteak hiru izango direla jakin gabe. Iratin igaroko duten asteburuak maitasunaz eta maitasunetik eratorritako gaiez gogoeta egiteko balioko die: maitasun politikoa, egoa, jabetza, ohitura... Ximun Fuchsek zuzendua, aktore lanean Ximun bera, Manex anaia eta Maite Larburu musikaria ariko dira. Larburuk lehen aldia izango du oholtza gainean. Hasiera batean, martxoaren 5ean zuten aurkeztekoa jendaurrean, Larzabalen, baina ezin izango dute, pandemia dela eta Ipar Euskal Herrian ezarritako neurriengatik. Nolanahi ere, ikasleentzako emanaldiei eutsi egingo diete eta Larzabalen bertan egingo dute lehena. Emanaldien berri izateko, www.axut.eus gunera jotzea da onena.

LABURREAN

ARTEKATU konpainiaren Hauts artean lan laburrak eskuratu du 2021eko Lautan Hiru laguntza, Euskaltzaindiak antzerki ekoizpena sustatzeko iaz sortua. Hala, konpainiak 1.000 euro jaso eta, gainera, antzezlana aurtengo Lautan Hiru jaialdian estreinatzeko aukera izango du. Hain zuzen, osasun egoera dela eta, udaberrira atzeratu dute jaialdia. Euskarazko antzerkia hauspotzeko eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragiteko sortu zuen jaialdia Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kultur Gunearekin elkarlanean.

BERRI TXARRAK taldeari buruzko Dardara filma martxoaren 19an iritsiko da zinema aretoetara. Ikusi arte azken biran jasotakoak bildu ditu Marina Lameirok zuzendutako lanak, taldekideekin eta taldearen zaleekin erretratu korala osatuta. Zinema aretoetan estreinatu aurretik, Iruñean eskainiko dute, martxoaren 15ean. Izan ere, zinemagile nafarraren lanak emango dio hasiera Ikuspuntu Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren 15. edizioari.

NETFLIX plataformari edukiak euskaraz eskain ditzala eskatzeko sinadura bilketa hasi du Netflix Euskaraz izeneko taldeak. Change.org gunean abiaturiko bilketan azaltzen dutenez, “Netflixi zera adierazi nahi diogu: euskal hiztunok plataformako ikus-entzunezko eduki guztiak euskaraz jaso nahi ditugu”. Halako eskariak jaso dituenean Netflixek erantzun izan du edukiak hizkuntza gutxituetan estreinatuko lituzkeela, baldin eta benetako eskaria balego. Lerrook idazterakoan, 5.000 lagunek baino gehiagok zuten sinatua eskaera. Zuek ere babesa eman nahi badiozue, jo Change.org gunera.