Nuevo orden

nuevoorden

Zuzendaria: Michel Franco. Gidoia: Michel Franco. Aktoreak: Naian González Norvind, Diego Boneta, Mónica del Carmen, Darío Yazbek Bernal, Fernando Cuautle. Mexiko-Frantzia, 2020.

Istorioa:  Mexiko Hiriko auzo aberats bateko etxe batean, dirudun eta boteredun mordoa ezkontza bat ospatzen ari da. Bitartean,  hiriko kaleetan, pobreziaren kontrako protestak gero eta ugariagoak dira; azkenean, egoerak eztanda egin, eta militarrek hartuko dute boterea.
Sariak: Iazko Veneziako Zinema Jaialdian aurkeztu zuten filma, eta harrera ona izan zuen; are gehiago, Epaimahaiaren Saria eman zioten.
Onena: Erritmoz zalua, girotze aparta, jendetza biltzen duten eszenak trebeziaz landuak... osagai horiekin, aspertzeko betarik ez du ikusleak. Etorkizun distopikoa omen, baina ez dago batere urrun egungo errealitatetik. Alde horretatik, ikuslea astintzea lortzen duela ezin uka, ez duelako epel uzten.
Txarrena: Zuzendariak azaldu duenez, aberatsen eta txiroen arteko arrakala sakontzen ari den egungo statu quo-a eutsiezina dela salatu nahi izan du, eta Mexikok bizi duen militarizazioaz ohartarazi. Parabola politikoa, augurio distopikoa, drama eta thrillerra... Nahas-mahas horretan, ongi jositako kontakizuna izan arren, mezuaren inguruan zalantza pizten du. Egungo statu quoaren salaketa ala burgesiaren eta boteretsuen amesgaiztoen irudikapena? Emanaldi osteko tertulia luzatzeko lehengai ona.
Eñaut Mitxelena