‘Aho uhal’: Olatz Salvadorren bigarrena

salvador

Musikari donostiarrak bakarkako bigarren diskoa kaleratu du: Aho uhal (Airaka, 2021). Pablo Novoa musikariak ekoitzita, eta Haritz Harreguy estudioetan grabatu eta nahasita, Salvadorrek hamabi abesti berri bildu ditu bertan. Proposamen “landua” da, diskoetxearen eta musikariaren esanetan, eta Euskal Herriko eta Espainiako estatuko hainbat laguntzaileren ekarpena dakar: hitzetan, Alaia Martin eta Ane Labaka; ahotsei dagokienez, Idoia Asurmendi, Garazi Esnaola, Rozalén, Mar Muñoz La Mare eta Iván Ferreiro. Estudioan ere talde polita elkartu du Salvadorrek: Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua), Mattin Saldias (gitarra) eta Pablo Novoa (gitarra, sintetizadoreak eta programazioak). Ondoan izango ditu oholtza gaineko kontzertuetan ere, nahiz eta beste proiektu askotan dabiltzan lagunak izan. Salvadorrek hainbat urte darama musika eszenan murgilduta: Skakeitan taldean hasi zuen bere bidea, 2010ean; 2018an, Zintzilik (Airaka) argitaratu zuen, bere bakarkako lehen diskoa.


etsTS taldeak, Egingo dugu eztanda abestia argitaratzearekin batera, iaz bertan behera geratu zen birari ekingo diola iragarri eta “agertokietara itzultzea lehergarria” izango dela aldarrikatu du. Garai zail baten osteko itzuleraz, gainditzeko espirituaz eta gauzei buelta emateko gaitasunaz hitz egiten du kantak. Gizarteak azken urtebetean bizi behar izan duen errealitate nekeza du oinarri, eta taldea nola sentitu den kontatzen du. Aldi berean, itxaropena zabaldu nahi du ETS taldeak single “positibo” honekin, pasarte lasai eta nostalgikoak zati alai eta festazaleekin tartekatuz. Hauek dira, oraingoz, aurreikusita dauden kontzertuak: martxoaren 5ean, Bilbon; 12an, Gasteizen; 21ean, Azpeitian; 27an, Lesakan; apirilaren 10ean, Donostian; eta maiatzaren 8an, Iruñean.

 

 

 

 

 

 

urdangarinIZURDEEN LEKUA
Mikel Urdangarin
*Zart, 2020

Iazko maiatzean, izurdeak senak aginduta heldu ziren euskal kostaldera, justu Urdangarin lan berria izango zenarekin aurrera egin ala ez zalantzan zebilela. Senari kasu egitea erabaki zuen musikariak, eta horren emaitza dira lan honetan baturiko 11 kantak. Ebokazioz beteriko lana da, orain arte ibili gabeko parajeek koloreztatua, gertuko galeren argia daramana barruan. Abesti gehienak pianoaren laguntzaz konposatuak dira, eta zornotzarrarenak dira disko osoko hitzak eta doinuak, Harkaitz Canok eta Kirmen Uribek idatzitako hitz sorta bana izan ezik.

gatibuMUSIKAK SALBATUKO GAITU
Gatibu
Egilea editore, 2020

Lana osatzen duten sei kantak larrialdi egoera honetatik elkarrekin irteteko aldarria dira. Iazko urteak mugarria izan behar zuen taldearentzat, bi hamarkadako ibilbidea bete zuelako orduan, baina jarraitzaileekin ospatzeko kontzertua antolatzen ari zirela pandemia iritsi zen gurera, eta ospakizuna bertan behera geratu zen. Horrek, ordea, ez zuen Gatiburen musikarekiko grina apaldu, eta, zalantzak izan arren, denak uxatu, eta diskoarekin aurrera egitea erabaki zuen, taldea musikak bizi baitu, sortzeak eta oholtzan zaleekin batera bizirik sentitzeak.