Saretik eta euskaraz

Urte batzuk pasa dira Anjel Lertxundi idazleak, euskara eta beraren biziraupena hizpide, Internet eta teknologia berriak “zortzigarren probintzia” moduan izendatu eta euskarak zortzigarren lurralde hori konkistatu behar zuela aldarrikatu zuenetik. Izan ere, egungo jendartean, sarearen eta teknologia berrien garrantzi zein eragina izugarria da, baita hizkuntzei dagokienez ere. Are gehiago euskara lako hizkuntza gutxituen kasuan. Jakina, zibermundua ez da euskararen arazoen konponbidea, baina bada hartu beharreko bidea. Hartu beharrekoa, egin beharrekoa, bete beharrekoa. Zorionez, bere txikian, tokia egiten ari da euskara zortzigarren probintzia horretan. Norbanako, elkarte, talde, erakunde, enpresa eta beste hainbat eragileren ekimenari esker, gero eta errazagoa zaigu zortzigarren probintzian euskaraz jardutea. Modu askotan eta askotarikotan, ondorengo orrialdeetan ikus daitekeen bezala. Tresnak, edukiak, baliabideak... gero eta ugariagoak diren heinean, gero eta zabalagoa da euskararen lurraldea. Finean, askoren lan eskergaren ondorioz, hedatzeari uzten ez dion lurraldea baita. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

 

cordon

“EITBn euskara nagusitu balitz, telesail eta film piloa edukiko genuke euskaraz”
Euskal-Encondings foroak euskarazko ikus-entzunezkoak biltzen ditu: filmak, dokumentalak, telesailak... Duela bederatzi urte hasi zen handitzen, Joseba Cordon (Bilbo, 1982), besteak beste, zela sustatzaile. Helburua, galtzen ari ziren euskarazko bikoizketak berreskuratu eta sarean denon eskura jartzea.

Cordon eta Ajubita ezizeneko Internet erabiltzailea lehenago hasi ziren Dragoi Bola eta Dragoi Bola Z sareratzen, mutiko batek grabatua zuen materiala utzi zielako: “Euskal-Encondings izeneko foroa aurkitu genuenean, utzi egin ziguten. Orduan, telebistatik grabatutako materiala sareratuz, euskara gehiago hedatzea pentsatu genuen” dio Cordonek. Orain talde lana da: bikoizketa asko salbatu dute pixkanaka foro libre honetako 15 bat erabiltzailek: “Ez dago erregistratu beharrik materiala jaisteko: inork gustuko film bat ikusi nahi badu, jaistea dauka. Eta lagundu nahi badu, erabiltzaile egin daiteke”.
Edonork har dezake parte, munduko edozein lekutatik: “Sarean ez dagoen materiala badu, ongi etorria. Gure asmoa da guztion artean ahalik eta material gehien sareratzea. Komunitate antzeko bat egin dugu horretarako”. Batzuetan ez ei da erraza euskarazko edukiak eskuratzea: “ETB1 sortu zenetik 2000. urtera arteko ia guztia oso zaila da lortzea. Emititu zenean inork ez bazuen VHS-n grabatu, eta gorde, ez dago zereginik”. Halere, ETB3k orduko animaziozko telesail batzuk berremititu zituenez, orain Euskal-Encondings-en daude, handik grabatuta. 180 telesail, ia 1.000 pelikula, 152 dokumental, komikiak... Etengabe elikatzen da gunea, “baina ahal dugun neurrian. ETB1ek filmak botatzen baditu, astean bat-edo sartzen da. Bestela, polikiago, baina etenik gabe”.
Dena den, lan hori ez luke erakunderen batek egin beharko? Cordonek dioenez, “liburutegi publikoetan egon izan dira VHS formatuan grabatutako film eta telesailak. Hori egiten dugu guk: hau ikus-entzunezkoen liburutegi birtual moduko bat da. EITBk ez du erantzukizunik hartzen euskaraz bikoiztutako materiala sarean jartzeko, horretarako lizentzia behar baita, dirua, alegia.  Eusko Jaurlaritzak egin lezake, baina…“. Garrantzitsuena, ordea, bikoiztutako materialik ez galtzea ei da, “euskara guztion eskura jartzea, mundu osoan baitago euskara ikasten ari den jendea. Bakar-bakarrik gaude euskarazko ikus-entzunezkoak Interneten zabaltzen”. Erakunderen bat ariko balitz horretan, “hobeto egongo litzateke kontua”, Cordonen ustez: “Halere, badakigu hori ez dela inoiz egingo. Euskarazko bikoizketa desagertzeko zorian dago, EITBk horretarako dirua beste inbertsio batzuetan jartzen duelako”.
Beste hainbat oztopo ere badira: “Hodeiak eta zerbitzariak, batez ere. Beti gabiltza eztabaidan: zein zerbitzari den onena, non jarri artxiboak luzaroago, non aurkitu 5 giga baino gehiagoko kontuak...”. Eta egile eskubideei dagokionez ere, “beti egoten da arriskua, baina guk sartzen dugun material ia-ia guztia ez dago editatuta, edo katalogotik at dago. Beraz, ez dago fisikoki edo digitalki non erosi”. Uste dute balitekeela inoiz norbaitek esatea egiten ari direna pirateatzea dela, “baina ez da egia, guk telebistatik grabatutakoa sareratu baino ez baitugu egiten. Antzina, denok partekatzen genuen lagunekin grabatzen genuena, eta orain mundura zabaltzen dugu. Guk egin ezean, kanpoko euskaldunek ezingo dute euskarazko materialik lortu. Foro hau euskal etxeetan erabiltzen da, munduan zehar euskara ikasten ari den jendea ere sartzen da. Hori pirateatzea bada...”.
Iaz, 2.166 erabiltzaile berri sartu ziren Euskal-Encondings-en, eta aurten, lehen seihilekoan, 346. Guztira, 2.824 erabiltzaile eta 25.750 gai. Harrera on hori urtero hobetzen da: “Mezuak jasotzen ditugu, batez ere ikastoletatik, esanez gure lana oso baliagarria dela; eta euskaltegiek ere erabiltzen dute”. Kexu dira euskararekiko politikarekin: “Eusko Jaurlaritzak, trantsizio garaian eta, indarra eman zion euskarari, baina lan hura  zapuztu egin da. EITBn euskara nagusitu balitz, telesail eta film piloa edukiko genuke euskaraz, baina indar handiagoa eman diote ETB2ri”.

 

gabi

“Euskarak osasun hobea du mundu birtualean errealitatean baino”
Gabi de la Mazak (Bilbo, 1956) sortu zuen Txantxangorria Euskal Karaokeak kanala Youtuben, duela sei urte. Ordutik, 1.200 karaoke inguru sareratu ditu. Lanbideak eraman zuen horretara, LHko irakaslea baita Armintzako Euskal Girotze Barnetegian. Halere, lana zaletasun bihurtu zitzaion, teknologia berriekin trasteatzea gustuko izateaz gain, benetako grina duelako euskal musikarekiko.

 

Azken 24 urtean Euskal Girotze Barnetegiko irakaslea izanik, musika “oso erabilgarria” izan du umeengana heltzeko. Hasieran idazmakina, biniloak eta kaseteak baliatzen zituzten, baina informatika eta CDak heltzean, barnetegiko txostenarekin karaokea prestatzea otu zitzaion. Duela sei urte ikasleek txostena Youtuben eskegitzeko eskatu ziotelako zabaldu zuen kanala, 2008ko uztailean. Igo zuen lehen kanta Sorotan Beleren Arratsalde honetan izan zen, eta, pare bat egunera, Holandatik jaso zuen eskerrak emateko mezu bat: “Uda hartan barnetegiko kantak igo eta eskaerak jasotzen hasi nintzen”. Dagoeneko 1.200 bat karaoke sareratu ditu, baina Pintto txakurrak hasieratik eusten dio lehen postuari karaoke bisitatuenen zerrendan.
Izan ere, irakaskuntzan erabiltzen dira gehien Txantxangorriaren karaokeak. DBHko irakasleek ere eskatu izan diote laguntza, ikasleak karaokeak egiten jartzen dituztelako olerkiak interpretatzeko: “Oso ariketa polita da, ulertzen dutenaren arabera bilatu behar dituztelako karaokerako irudiak. Neuk ere hartu izan ditut ustekabeak, esaldiz esaldi landuz jabetu naizelako kanta batzuen benetako mezuaz”.
Halere, badira irakaskuntzatik kanpoko erabiltzaileak: “Sarrera asko izan ziren Mikel Laboa eta Xabier Lete hil zirenean. Eta asko izaten dira Durangoko Azokaren egunetan eta Gabon egunean, jendeak familiartean abesten duen seinale”. Milioika sarrera guztira, 18 eta 44 urte bitarteko erabiltzaileak nagusiki: “Batez ere bertokoak, baina baita kanpokoak ere”. Datu bitxi bat: Japonian trikitiak dituzte gustuko (Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar...).
Karaoke bat atontzeko, hiruzpalau ordu behar ditu. Abesti piloa du artxiboan (euskal kantak, 27.000 inguru): “Nire binilo guztiak digitalizatu nituen, eta argitaratzen den gehiena erosten dugu barnetegian”. Beste karpeta pilo bat dauka irudiz eta argazkiz beteta, baina bideoklipek errazten diote asko lana. Hitzei dagokienez, “batzuetan, abeslariei eurei eskatzen dizkiet, eta askok erantzuten didate; Facebook bidez ere eskatu izan ditut; eta neuk ere transkribatzen ditut. Akatsik bada, jendeak ohartarazten dit. Astia dudanean zuzentzen ditut, akats bakar bategatik prozesu osoa berregin behar baitut”.
Astean lauzpabost kanta berri jartzen ditu. Gustuko lekuan, aldaparik ez: “Lanagatik hasi nintzen, baina oso gustukoa dudanez…”. Txantxangorria Euskal Karaokeak euskal kanten biltoki bihurtu da: “Neuri interesatzen zaizkidan kantez gain, jendeak eskatzen dizkidanak sartzen ditut eta musikariek ere eskatzen didate batzuetan beren abesti berriak jartzeko”.
Euskal musikariek, hain zuzen, oso ondo hartu dute kanala: “Behin, batek eskatu zidan bere karaoke bat egiteko erabili nituen ETBko irudiak kentzeko, ez zitzaizkiolako gustatzen. Kendu eta kito. Kanta bera argazkiekin eginda neukan, eta hari ez zion eragozpenik jarri”. Oztopo gehiago aurkitu du bideoklip egileen artean, “baina oso gutxi. Halere, norbaitek zerbait ez erabiltzeko eskatzen badit, nik ez dut arazorik”.
Bestalde, De la Mazaren ustez, “euskarak osasun hobea du mundu birtualean errealitatean baino. Plataforma erabilienak euskaraz daude, eta nire kanalak, pasa den abenduan, 1.200.000 bat bisita izan zituen, jendeak euskal kantak bilatzen dituen seinale”.

 

iker

“Euskara zabaltzeko Internet da biderik erosoena”
Gailu mugikorretarako euskarazko aplikazioak bildu eta garatzea du helburu Euskalapps ekimenak. Hots, erabiltzaile zein garatzaileentzat7 erreferentziazko gune izatea, dela euskarazko aplikazioak topatu eta deskargatzeko, dela aplikazio berriak garatzeko. I+G arloan murgilduta dabilen Iker Etxebarria (Bilbo, 1972) informatika-ingeniariak eta beste zenbait euskal garatzailek sortu zuten The Movie Virtual S.L. enpresarekin elkarlanean.

 

“Store edo aplikazio dendetan euskarazko aplikazioak bilatzea ez da erraza, beste hizkuntzetako milaka aplikazio daudelako” dio Etxebarriak. Horrenbestez, helburu argiarekin sortu zuten Euskalapps: “Euskarazko aplikazio gehiago sortzea, sortaraztea. Horretarako, ikusgaitasun handiagoa-edo emateko, sortu genuen”. Hala, The Movie Virtual S.L. enpresari ideia azaldu “eta beraiek egin zuten. Geuk administratzen dugu gunea, eta aplikazio berriei buruzko informazioa geuk sartzen dugu. Zerbait bururatzen baldin bazaigu, The Moviekoekin hitz egin eta beraiek ezartzen dute”. The Movieri biziki eskertzen dio elkarlana Etxeberriak, “beraien laguntzarengatik. Inbertsio bat egin dute proiektuan, nahiz eta ez duten diru askorik jaso egitasmo honengatik”.
Helburua zehatza izanik, bi arlotan eragin nahi izan dute Euskalapps sortuta. Batetik, eta batez ere, “euskarazko aplikazioak zabaltzea. Jendeak euskarazko aplikazioak ezagut eta jaits ditzala”. Bestetik, “euskal garatzaileen komunitatea sortzea. Horretarako, zenbait ekimen prestatu genuen, baina ez dugu helburua lortu: hainbat foro egin nahi genuen, aplikazioak sortzen ikasteko, zalantza teknikoak-eta argitzeko... baina ez du ia inork izena eman”. Crowdfunding plataforma bat ere sortu zuten, aplikazioak garatu ahal izateko dirua lortzera bideratua. Haatik, horretan ere ez dute xedea bete. Hortaz, batean bale, bestean kale: “Aplikazioen zabalkundeari dagokionez, arrakastatsua izan da ekimena. Jende askok idatzi digu bere aplikazioak atarian nahi dituela esanez. Baina garatzaileen arloari dagokionez, porrot txikia izan dugu. Euskal garatzaileek ez dute plataforma honen aldeko apusturik egin”.
Zergatik, bigarren helburuari dagokionez, porrota? “Aplikazio bat sortzen duenak gero eta gehiago zabaltzea du helburu. Hortaz, euskaraz egiten duenak euskararen alde lan egin nahi duelako egiten du batez ere, ez diruagatik. Euskarazko aplikazio bat sortuta ez duzu diru askorik jasoko. Jaso dezakezu, baina, normalean, norbaitek aplikazio bat sortzean dirua lortzea badu helburu, mundu guztiarentzat sortuko du, ez soilik euskaldunentzat”. Etxebarriaren aburuz, “hori arazoa izan daiteke. Baina, nire ustez, agian arazoa gurea izan da. Ez gara garatzaileengana heldu,  gu ere ez baikaude garatzaileen mugidan oso murgilduta. Ez gara foro askotara joaten, eta, beharbada, hori egin beharko genuke”.
Oso bestelakoa izan da euskarazko aplikazioak bildu eta jaisteko atalaren erantzuna, arrakasta izan baitu. “Ataria sortu genuenean, hedabideetan agertu ginen eta, normala denez, eskaera asko jaso genituen. Eta gaur egun ere hilero jasotzen dugu aplikazioren bat edo beste atarian jartzeko eskaera” dio Etxebarriak. Erabiltzaileen aldetik ere harrera ona izan du: “Kontsulta asko egiten dituzte eta mezu asko jasotzen ditugu. Jendeari asko gustatu zaizkio ideia eta webgunea”.
Atarian orotariko app-ak topa daitezke: euskal deklinabidea jorratzeko, euskararekin jolasteko, musean jokatzeko, ipuinak entzuteko, haurren sormena lantzeko... Hori bai, euskararekin zerikusia dutenak dira arrakastatsuenak. “Nire ustez, hori bilaketa kontua da. Jendeak euskara ikasteko tresnak bilatzen ditu eta gure atarira heltzen da. Bertan aurkitzen ditu tresnak, eta deskargatu egiten ditu”.
Euskarazko merkatua murritza izanagatik, aukeraz beterikoa dela sinetsita dago Etxebarria: “Aplikazioen merkatua ez da erraza. Geroz eta aplikazio gehiago daude, beraz, aplikazio arrakastatsu bat edukitzea zaila da. Eta, merkatua asko murrizten baduzu, are zailagoa. Baina, bestalde, aplikazio asko badaude, espezializazioa izan daiteke bidea. Ezin duzu egin beste guztiek egiten dutena; hortaz, euskarazko aplikazioetan espezializatuz gero, aukera izan daiteke”. Berak denbora librean egiten dituen aplikazioak ipini ditu adibide: “Nik euskarazko hiztegi bat egin nuen: Euskeraz ikasi. Bada, beste edozein hizkuntzatan ez nukeen hiztegi bat egiteko aukerarik izango. Euskaraz asko dugu sortzeko, aukera asko ditugu. Gero eta gauza gehiago egiten dira euskaraz, baina oso gutxi daude”. Hortaz, eta egiteko asko dagoela onartu arren, sarean euskara “oso osasuntsu” dagoela uste du Etxebarriak. “Gauza bat argi daukat: Internet dela bidea. Euskararekin nahi duzuna zabaltzeko eta euskara bera zabaltzeko, biderik erosoena da. Ez dago beste aukerarik”.