Gora Baraka, behera Neguri

gogokoGuztiok bat... Euskal rap
121 Krew
Musikherria, 2009


Euskal rapak 20 urte bete ditu, bi hamarkada igaro baitira Selektah Kolektiboak lehenengo disko hura argitaratu zuenetik, eta erreportajeak, artikuluak eta disko esanguratsuenen zerrendak ugaldu egin dira agerkarietan eta sare sozialetan. Geuk ere aukera baliatu nahi izan dugu oso disko berezi hau gogora ekartzeko: Guztiok bat... Euskal rap. 121 Krew taldearen hirugarren lana izan zen, eta euskara hutsean plazaratu zuen lehena. Ez da oso luzea, sarrera eta sei abesti baino ez, baina bertan daude Gora Baraka, behera Neguri! himnoa (zazpi urte geroago, berriro grabatu zuten, Mahatsen denbora azken diskoan sartzeko), EH3 euskal hip-hop komunitatearen agiria eta beste zenbait harribitxi. Bere garaian, ez zuen oihartzun handirik izan hip-hop esparrutik kanpo; gaur egun, baina, euskal kultura garaikidearen parte dela esan genezake. Interesatzen bazaizu, doan deskarga dezakezu Taupaka kolektiboaren webgunean.
Gotzon Hermosilla