‘Olivetti’, 70eko hamarkadako bizimoduan

olivetti

Olivetti izena du Aitziber Etxeberriak Erein argitaletxearekin kaleratu duen azken nobelak. Ingrid du protagonista, 35 urteko emakumea, eta haren aita hil berritan hasten da istorioa. Ingrid haserre eta bakarrik dago: ama haurra zela hil zitzaion, eta hamar urte baino gehiago dira ahizpa ikusten ez duela. Aitaren testamentua irakurtzearekin batera ematen dioten argazki zahar batean, Olivetti idazmakina bat ageri da. Hortik hasiko da Ingrid iragana aztertzen, eta jakingo duenak hankaz gora jarriko dio bizitza. Etxeberriarentzat, “garrantzitsua” izan da eleberri honetan emakumeen ikuspuntua azaltzea: protagonista emakumea izateaz aparte, 80 urteko Matilde pertsonaia erabili du garai bateko emakumeek bizi behar izan zutena kontatzeko. Izan ere, 70eko hamarkadako iragan ezezagun horren atzean ageri den emakumea, Ingriden ama, zientzialaria izan zen, baina orduko gizarte zahar eta tradizionalak oztopatu egin zuen haren lan ibilbidea.


ilusEKE-ELKAR literatur beka sortu dute Euskal Kultur Erakundeak eta Elkar Fundazioak  Ipar Euskal Herriko idazleak euskaraz idaztera bulkatzeko. Bi urterik behin antolatuko da, eta deialdi bakoitzean aldatu egingo da lanaren generoa. Lehen deialdi honetan, komikia edo nobela grafikoa jorratu beharko da, eta lanak gutxienez 60 orrialde izan beharko ditu, Iparraldeko euskara batuan sortuak. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu, eta 2022ko martxoaren 31ra arteko epea izanen du proiektu amaitua helarazteko. Lehenago aurkeztu beharko dira, ordea, 4-5 orrialdeko lagina eta gauzatu nahi den proiektuaren nondik norakoak: 2021eko maiatzaren 31rako.

 

 

 

 

gastonBETI BERDIN
Asier Iturralde Gastón
Gastón Argitalpenak, 2020

Beti Berdin taberna euskal kostaldean dago, fikziozko Irizar hirian. Munduko gainerako biztanle guztiak bezala, pandemiak ustekabean harrapatu ditu bertako bezeroak, eta haien bizitzak ere guztiz aztoratu dira. Bezeroen harridura, ernegu eta etsipenaren bidez, pandemiaren kronika zorrotz, umoretsu eta zurruteroa marraztu du Gastonek, begirada zinikoz. Bilduma honen 40 orrialdeetan jaso ditu pandemia zabaltzen ari zela sarean argitaratu zituen zinta guztiak.

meabeNOLA GORDE ERRAUTSA KOLKOAN
Miren Agur Meabe
Susa, 2020

Izenburu alegoriko bezain ironikoa dauka lekeitiarraren poesia liburu berriak. Bizitzaren joanean, kolkoa iraganeko errautsak gordetzeko urna modukoa bihurtu zaigu. Hala ere, ez da erraza errautsa aldean erabiltzea begietan azkurarik igarri, azala zikindu edota eztulik egin gabe. Hasierako Metodo poemaren ostean (hitzaurrea edo), sei ataletan sailkatu ditu gainerakoak: Album bat, Pospoloak, Neguko bidaia, Tempo giusto, Ate hori eta Estigma zorizkoa.