Minotauro

minotauroTxomin Peillen Karrikaburu
Alberdania, 2020

Txomin Peillen euskaltzain oso eta idazleak intzestua eta pedofilia izan ditu ardatz eleberri honetan. Euskal Herrian XVI. mendean egiazki gertatutako istorio bat du oinarri; halere, orainaldian eta Hego Amerikan kokatu du, halako gertaerak nonahi eta noiznahi gerta baitaitezke.
Literaturan, lehendik ere jorratu izan dira gai horiek, Jon Miranderen Haur besoetakoa eta Vladimir Nabokoven Lolita lanetan, esate baterako. Bietarako, baina gehienbat lehenengorako, erantzuna ere bada Peillenen liburua. Aurrekoetan, gizonezkoen ikuspuntutik kontatu izan dira istorioak, eta umeen ahotsa isilduta mantendu da; hots, “A, zer atsegina den pedofiloa izatea!” mezua zabaldu dute. Eta txikiak zer dio?
Horrenbestez, haurraren bizipenari behar besteko pisua eman nahi izan dio egileak. Adin txikikoaren soan bortxatzailea munstro bihurtu da, eta Minotaurok higuina, beldurra, mina, amorrua... sentiarazten dio hurbiltzen zaion guztietan. Hala eta guztiz ere, nebek basapiztia hil ondoren, bizitza berria hasiko da, nahiz eta horrek ez duen esan nahi zoriontsua izango denik. Horixe da, hain zuzen ere, nobelaren beste indargunea: “Bortxak bukatuta, orain zer?”. Bide luzea dago egiteko, zalantzarik gabe.
Arrate Beristain Uriarte