Gazteak eta landa eremua batuko ditu Euspot lehiaketak

euspot

Nekazaritzatik bizi nahi dugu! gaiari heldu beharko diote 10. Euspot euskarazko spot lehiaketan parte hartu nahi dutenek. Gazteak eta, batez ere, emakumeak familia nekazaritzatik bizitzera animatu beharko dituzte spotek, hots, nekazaritza eredu jasangarri eta orekatuan aritzera. Lehiaketa irekia izanik, edozeinek aurkez ditzake iragarkiak. Gehienez ere 30 segundokoak izango dira, eta, lehen aldiz, formatu librean aurkeztu ahal izango dira, horizontalki edo bertikalki grabatuta. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 12an amaituko da, eta 27an egingo dute sari banaketa.  Sei sari izango dira, eta guztira 2.800 euro banatuko dituzte. Euskarazko iragarkien sorkuntza bultzatzeko xedez antolatzen dute Euspot Aretxabaletako Udalak, Mondragon Unibertsitateak, Arteman Komunikazioak eta Arizmendi ikastolak. Aurtengo edizioari buruzko xehetasun guztiak euspot.eus atarian daude ikusgai, aurreko urteetako lan sarituekin batera.


intsumisioaEUSKAL HERRIKO iragan hurbila hobeto ezagutzeko eta ulertzeko bi egitasmo daude sarean kontsultagai joan den otsailetik. Batetik, Nafarroako Memoriaren Institutuak Nafarroako kontzientzia eragozpenaren mugimenduaren eta intsumisioari buruzko artxibo historikoa sareratu du, derrigorrezko soldadutzaren kontrako mugimendu sozialari buruzko artxibo digitala. Frankismoaren amaieran sortu eta 90eko hamarraldian bizi-bizirik izan zen mugimenduaren inguruko 6.000 dokumentu biltzen ditu, asko mugimenduaren antolatzaile eta militanteenak. Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren webgunean (https://pazyconvivencia.navarra.es/eu/ahmocin) dago ikusgai. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 1936ko gerran eta ondorengo urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako hildakoen datu basearen sareko bertsioa jarri du martxan. Ia 21.000 biktimaren datuak biltzen ditu, bai nazionalenak bai errepublikanoenak. Horren arabera, frankistek 13.283 lagun hil zituzten, eta errepublikanoek 7.687. Ikerketa bizia izanik, datuak osatzeko edota zuzentzeko aukera eskaintzen du.

LABURREAN

ADIMEN artifiziala euskarazko hedabideen mesedetan baliatzeko Heraldabide egitasmoa jarri dute martxan Berriak, Kanaldudek, Hamaika telebistak eta Antxeta irratiak, Elhuyar Fundazioaren laguntzarekin. Digitalizazioaren eta kontsumo eredu berrien erronkei ahalik eta hoberena erantzuteko, hainbat esparrutan eragingo du, hala nola hedabideen irisgarritasunean, edukien kudeaketan eta kontsumoan. Horretarako garatuko dituzten teknologiak plataforma batean bildu nahi dituzte, hainbat funtziorekin: audioei azpitituluak jarri; etiketa semantikoen erauzketa neuronala testu eta audioetatik euskarara, frantsesera eta gaztelaniara... Proiektuaren lehen emaitzak uztailean jakinaraziko dituzte.

ligaLERROOK irakurtzen dituzuenerako hasia izango da FIFA 21 Euskal Liga, Game Erauntsia Elkarteak, Gu Ere Bai! ekimenak eta Hamaika telebistak antolatutako txapelketa. PlayStation 4 plataforma baliatuta jokatzen da txapelketa, euskara hutsean, eta etxetik euskal kirolarien eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egitea du helburu. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa, eta apirilaren 4an, Aberri Egunean, jokatuko da finala. Hamaika telebistak zuzenean eskainiko du. Iaz ere egin zuten antzeko ekimena: 150 lagun inguruk hartu zuten parte eta 100 partida baino gehiago jokatu ziren.