Txertoa

onintzaGaitz guztiak sendatuko zizkigun txertoa zekarten urtarrilerako. Ekainerako talde immunitatea lortuta izango genuela ere esan ziguten, pentsa! Txertoa jarri ala ez zalantza egin dutenak gizateriaren kontrako atentatua egitera doazela dirudi: elkartasunik gabeko jendea, bere buruarekin bakarrik kezkatuta, negazionista. Protokolo zabala diseinatu zuten txertoa nola banatu, norekin hasi, norekin jarraitu eta dosiak nola gorde ezartzeko. Horretan bai, horretan uste dut Eusko Jaurlaritza koherentea izan dela. Jarritako dosi bakoitzeko beste bat gordetzeak baino ez baitu bermatuko txertoa hartzen duen jendeak ganoraz hartzea. Izan ere, ez da iritsi esan ziguten txerto dosi kopuruaren erdia-edo baino. Eta hori marka bi homologatu eta gero!
Hau astiro doa. Astiroegi. Gure bizitzak epealdi luze baterako mugatuta eta baldintzatuta daude, oinarrizko eskubideak gure agintarien eskura jarri ditugu osasunaren izenean, jendea lanik gabe gelditzen ari da, herrietako ekonomia itzaltzen doa astiro-astiro, ezin dugu elkar besarkatu elkar kontsolatzeko, ezin dugu ondoko herrira joan lagunak bisitatzera, aste batean gorri eta bestean berde jartzen zaigu semaforoa erotu arte, ospitalean bakarrik utzi behar ditugu maite ditugunak, kulturari inoiz baino oztopo gehiago jartzen ari zaizkio…
Etorriko da txertoa denontzat ala ez. Ez dakit. Dena den, Pfizerrek eta Modernak COVID-19tik bakarrik salbatuko gaituzte. Galtzen ari garen beste guztia ez digu inork itzuliko, eta horixe da honen guztiaren ondoren geratuko zaigun gaitzik larriena. Urteetan lortu izan ditugun eskubideak galtzen ari gara, elkar seinalatzen dugu atzamarrez hiritartasunaren izenean, guztiok gara epaile, guztiok legegile, baina inori ez zaio inporta argindarraren eta erregaien prezioen garestitzeak jendea berogailurik gabe uztea. Bakoitzak berea beharrizanez ari  garenean, baina guztion ardura ustezko betebeharrez ari garenean. Txerto asko beharko ditugu honi guztiari buelta emateko. Zentzu dosi mordoa beharko da apurtutako guztia berreraikitzeko.