Upelera ez, upeletik bai

sagardo

Aurtengo sagardo egin berria dastatu bai, baina txotx egitera upeletara joan-etorrika ibili gabe eta sagardoa botilan edota pitxerrean hartuta. Halaxe ekingo diote sagardotegiek aurtengo denboraldiari, ofizialki otsailaren 5ean hasiko denari. Pandemiak baldintzatuta, osasun neurriak zorrotz betetzeko protokoloa prestatu dute. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak COVID-19aren aurka hartutako neurriak direla eta, lau lagun besterik ezingo da elkarrekin jesarri. Mahaikideak, gainera, ezin izango dira mahaitik altxatu, izendatzen duten kidea izan ezik: hura arduratuko da upelera joan eta botilak zein pitxerrak betetzeaz, sagardotegiko arduradunaren laguntzaz. Botilak eta pitxerrak gardenak izango dira, edariaren kolorea ikusteko; gainera, bakoitzak zenbaki bat izango du, bezeroak zein upeletako sagardoarekin bete den jakin dezan, berriz probatu nahiko balu ere... Eta badago sagardoa kopan dastatzea  proposatzen duenik ere. Murrizketak murrizketa, ez dago dudarik: aurtengo sagardoa dastatu nahi duenak bestelako esperientzia biziko du.