Japonia

zaborraEspazioan zabor gutxiago uzteko, egurrezko sateliteak

Urtetik urtera, geroz eta objektu artifizial gehiago jaurtitzen dira espaziora. Esaterako, UNOOSA Nazio Batuen Espazio Gaietarako Bulegoaren arabera, egun 6.000 satelite inguru dabiltza Lurraren orbitan, nahiz eta erdiak baino gehiago jada ez dauden martxan; hots,  planetaren inguruan dabiltzan hondakinak dira. Hori gutxi balitz bezala, etorkizunean satelite kopurua asko handituko dela aurreikusita dago. Jakina, zenbat eta objektu gehiago jaurti, orduan eta zabor gehiago barreiatzen da Lurraren inguruan: suzirien zatiak, sateliteen piezak, aktibo ez dauden sateliteak... Hainbat tamainatako milaka gauza, etengabe ugaritzen ari direnak eta espazioan egin beharreko edozein misiorako oso arriskutsuak izan daitezkeenak. Arazoa ekidin nahian, egurrezko sateliteak garatzen ari dira Kiotoko Unibertsitatea eta Sumitomo Forestry enpresa. Izan ere, egurrezkoak izanik, hondakinak sortzeko aukerak desagertu egingo lirateke: behin funtzionatzeari utzi eta Lurrera erortzerakoan, erabat erreko lirateke atmosferan sartzean. Gainera, desagertutakoan, ez lukete osagai kaltegarririk askatuko atmosferan, ohiko sateliteek ez bezala. Une honetan, tenperatura aldaketei eta eguzki erradiazioari eutsiko dioten egur motak aztertzen ari dira egitasmoaren sustatzaileak, eta dagoeneko badute data egurrezko lehen satelitea jaurtitzeko: ondo bidean, 2023an egingo dute.