Nazioartea

Australiako ereserkia aldatu dute, herri indigenak aintzatesteko

Urtea hasi denetik, himno berritua dute Australian. Zehazki, esaldi bat aldatu diote Advance Australia Fair ereserkiari, bigarren lerroan: For we are young and free esaldiaren ordez, For we are one and free. Alegia, “Gazteak eta askeak gara” zioen esaldia “Bat gara eta askeak gara” dioenak ordeztu du. Hitzetan aldaketa txikia da, baina sinbolikoki handia. Esaldi horrekin, Australiako aborigenen kultura, historia eta rola aintzatetsi nahi izan dituzte. Izan ere, 1984tik Australiako ereserkia denak ez zien inolako aipamenik egiten herrialdeko jatorrizko biztanleei. Are gehiago, herrialde “gaztea” dela esatea aborigenei irain egitea dela zioten askok. Azken batean, haiek dira Australiako jatorrizko biztanleak, herrialdea bera sortu aurretik ere milaka urte baitzeramaten bertan bizitzen. Haatik, ingelesek XVIII. mendean irla aurkitu eta kolonizatzen hasi zirenetik, erabat baztertuak eta azpiratuak izan dira aborigenak. Lurrak lapurtu zizkieten, diskriminazioa jasanarazi diete... Iragan kolonialak pisu handia du Australian, eta ondorioak agerikoak dira oraindik: egun ere, aborigenen bizi baldintzak askoz txarragoak dira, eta pobrezia, delinkuentzia edota alkoholismo maila handiagoak dituzte. Ereserkiaren hitzak aldatzea aborigenak aintzat hartzeko lehen pausotzat jo dute askok, baina beste askok neurri gehiago eta eraginkorragoak eskatu dituzte, benetako berdintasuna lortzeko. Esaterako, Australiako Konstituzioan aborigenei ez zaie inolako aipamenik egiten, eta erakunde propiorik ere ez dute.