Gazteak

euskarabentura2021eko EuskarAbentura, prest

Pandemiak ez du EuskarAbentura espedizioa geraraziko. 2021eko edizioa martxan jarri du EuskarAbentura Elkarteak, egitasmoaren antolatzaileak, hain zuzen. Euskal gazteen artean euskararen erabileran eragitea du helburu proiektuak, eta, horretarako, udan Euskal Herrian barrena ibiltzen dira hilabetez, oinez, espediziokideak. Iaz, pandemia zela eta, bertan behera utzi behar izan zuten, baina Interneten EuskarAbentura 2.0 edizio berezia garatu zuten. Aurten, osasun egoerak ahalbidetzen badu, espedizioa egiteko asmoa azaldu du elkarteak. Horrenbestez, 2021eko espedizioan izena emateko epea abian jarri du. 2004an eta 2005ean jaiotako Euskal Herriko edo diasporako gazteak aurkez daitezke. Izena emateaz batera, minutu bateko aurkezpen bideo bat eta antolatzaileek proposatutako gai bati buruzko banakako proiektua egin beharko dituzte, martxoaren 12a baino lehen. Proiektua egiteko gaiei eta formatuari buruzko informazio zehatza euskarabentura.eus gunean dago ikusgai. Aurkeztutako lan guztien artean, 120 onenen egileek eskuratuko dute espedizioan parte hartzeko txartela. Gainera, iaz egin ez zen espediziora aurkezturiko hautagaitzak ere kontuan hartuko dituzte. Udara bitartean osasun egoera asko alda daitekeela jakitun, antolatzaileek ez dute ziurtatu espedizioa egingo denik. Nolanahi ere, hori dute helburu nagusi, eta horretan saiatuko dira. Bestela, hainbat alternatiba lantzen ari dira: parte hartzaile kopurua murriztu, mugikortasuna mugatu... Uda hurreratu ahala jakinaraziko dituzte espedizioaren aurtengo nondik norakoak.