Faroe uharteak

rotondaBiribilgunea, baita itsas azpian ere!

Pandemia hizpide dugun sasoiotan, ezin ahaztu XXI. mendean Euskal Herria zeharo kutsatu duen beste izurri hau: biribilguneen sukarra. Bada, biribilgune berri bat ikusita ez zarela harrituko uste baduzu, oker zabiltza.  Hori bai, urrutixeago joan behar oraingoan: Faroe uharteetan, Ozeano Atlantikoan, itsas azpiko biribilgunea eraiki dute, Streymoy eta Eysturoy irlak lotzen dituen Eysturoy tunelean. 11,2 kilometro luze, tunela iazko abenduan zabaldu zuten, Torshavn hiriburuaren eta Runavik eta Klaksvik herrien arteko bidea laburtzeko. Hain zuzen, hiru herri horietara joateko bidegurutzea da biribilgunea. Itsas azpian dagoela alde batera utzita, eman dioten itxura ere aipagarria da:  Trondur Patursson artista faroetarrak 80 metroko horma-irudia margotu du, baita sabaia ere. Berezia izan behar, gidariak erakarriko baditu! Tunela eraikitzeko hasierako aurrekontua halako hiru xahutu dute; eta tunela erabiltzeko gidariek bidesaria ordaindu behar dutenez, uharteko erabiltzaileez gain, turistak erakartzea dirua berreskuratzeko modua izan daitekeela uste dute arduradunek. Itsas azpian egindako lehen biribilgunea bada ere, Eysturoy tunelekoa ez da lurpean egindako bakarra. Norvegiako hego-mendebaldean, Karmoy tunelak (8,9 km luze) ere badu beste bat. 2013an zabaldua, itsas maila baino 60 metro sakonago dago, baina ez itsaspean, Fosen irla azpian baizik.