Osasuna

zaharrakZahartzaroan osasun mental hobea eduki nahi izanez gero, hasi kirola egiten!

Kirola egitea osasunerako ona dela jakina da. Bada, 50 urteren bueltan ariketa fisikoa neurrian edota oso maiz egiteak zahartzaroan osasun mental hobea izatea eragin dezake, betiere modu jarraituan egiten bada. Hala ondorioztatu du Columbiako Unibertsitateko Irving Medical Centreko (AEB) ikerlariek egindako ikerketa batek. Neurology aldizkarian argitaratu dutenez, 50 urte inguru beteak astean behin edo gehiagotan (gutxienez) ordu eta laurdenez ariketa fisikoa neurritsu edota bizi eginez gero, zahartzaroan buruko kalteak murritz daitezke. Batez beste 53 urteko 1.604 boluntario aztertu zituzten ikertzaileek. Astean egiten zuten ariketa fisikoa neurtu, eta hurrengo 25 urteetan bost azterketa mediko egin zizkieten. Era berean, ikerketa amaitzean, eskaner bidezko azterketak ere egin zizkieten. Emaitzek erakutsi dutenez, kirola neurrian edo modu indartsuagoan egiten ez zutenek aukera handiagoa zuten garunean kalte txikiak izateko; zehazki, % 47 handiagoa. Kalte horiek dementziak garatzeko arriskua handitzen dute, Alzheimerra, kasu. Astero gutxieneko kirola egitea, aldiz, arrisku txikiagoarekin lotu dute. Egileek aitortu dute ikerketak badituela mugak; esaterako, ariketa fisikoa neurtzeko orduan, aisialdian egiten zena besterik ez zuten aintzat hartu. Gainera, bestelako faktoreak ere kontuan hartu behar direla gogorarazi dute, hala nola, dieta osasungarriari jarraitzea, gehiegizko pisurik ez izatea edota ez erretzea.