Euskara

hiztegiaEuskaltzaindiaren Hiztegia ez da batere xixtrina, pollit askoa baizik

Xixtrin, pollit, oinaztargi, sudurmotz, ibilgu, xikin, altimetria... Hitz mordoxka gehitu dio Euskaltzaindiak bere Hiztegiari, eta sarean eguneratu du. Sei hilean behin eguneratu ohi du Hiztegia Euskaltzaindiak, eta oraingoan 600 forma berri erantsi dizkio: 78 sarrera eta 522 azpisarrera. Era berean, 443 forma moldatu edo findu ditu: 357 sarrera eta 86 azpisarrera. Azken eguneraketan gehitutako hitz berriak ez dira asko, eta gehienak espezializatuak dira: foliazio, iboi, magmatismo... Horiekin batera, adierazkortasun mailako beharrei erantzuten dietenak daude: gaixto, ttentte, pott egin... Azpisarreren artean, bestalde, badira adibide bitxiak: parranda egin, zahagi egin... 2020an, orotara, 1.319 forma berri bildu ditu Euskaltzaindiak: 119 sarrera eta 1.200 azpisarrera. Gainera, urtebetean, 1.090 sarrera eta azpisarrera ere moldatu edota osatu dira. Forma berri horiek kontuan hartuta, Euskaltzaindiaren Hiztegiak 48.686 forma ditu (39.369 sarrera eta 9.317 azpisarrera) egun, eta 67.312 adiera. Orain, ttuku-ttuku bada ere, hiztunoi dagokigu haiek erabiltzea eta gure hiztegia xorroxtea!