Kirola

lilatonAurtengo Lilatoian, korrika non-nahi

Pandemiaren eraginez, 32. Lilatoia berezia izango da. Ez dute bertan behera utzi, baina berritasunak izango ditu berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea aldarrikatzeko Donostian egiten den lasterketak. Hala, ez da aurrez aurreko lasterketarik izango Donostiako kaleetan; horren ordez, lasterketa birtuala antolatu du Atletico San Sebastian kirol klubak. Birtuala izanik ere, parte hartzaileek korrika egin beharko dute; nahi duten tokian, hori bai. Hau da, korrikalariek munduko edozein txokotan parte hartu ahal izango dute, bost kilometroko ibilbidea eginez, martxoaren 5etik 8ra. Sakelako telefonoko aplikazio baten bidez, antolatzaileek partaideen denborak jasoko dituzte, sailkapena osatzeko. Banaka zein taldeka parte hartu ahal izango da, eta korrika ez ezik, oinez, ibilketa nordikoa eginez, patinez edo eskuko bizikletaz ere egin ahal izango dute parte hartzaileek. Izena emateko, 4 euro ordaindu behar dira, martxoaren 4a baino lehen. Horretarako edota aurtengo berezitasun guztiak ezagutzeko, lilaton.es/eu/ gunera jo besterik ez dago.