Ikastolak

bogaMaiatzaren 9an egingo da Herri Urrats, bosgarren kolegioa helburu

Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko Herri Urrats jaiak badu data: maiatzaren 9an egingo dute, Boga lelopean. Hala jakinarazi du Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak. Gogoeta luzearen ondoren hartu dute erabakia, pandemiak erabat baldintzatuko baitu ekimen oro. Jaia nola egingo duten oraindik ez dute zehaztu, pandemiaren bilakaeraren eta horren kontrako neurrien arabera egin beharko baitute. Alde horretatik, Seaskaren arduradunek azaldu dute inoren osasuna arriskuan jarri gabe egingo dutela, betiere baimena ematen badiete. Data ez ezik, helburua ere zehaztu dute antolatzaileek:  Seaskaren bosgarren kolegioa eraikitzeko laguntza jaso. Egun, lau kolegio ditu Seaskak, baina ikasle kopuru gero eta handiagoa dela-eta, bosgarrena egiteko asmotan dira, Lapurdin, oraindik aditzera eman ez duten herri batean. Bi kokagune nagusi dituzte esku artean: Azkaine eta Senpere ingurua, batetik, eta Hazparneko eskualdea, bestetik. Kolegioa eraikitzeko lanak diruztatzeko, gutxienez 300.000 euro bildu nahi ditu Seaskak Herri Urratsen. Horretarako, Boga kanpaina jarri dute abian; kolegioa eraikitzeko beharrezko elementuak erosteko aukera izango du hala nahi duenak, hau da, ateak, teilak, leihoak, berogailua... Zein hautatzen den, ekarpena handiagoa edo txikiagoa izan daiteke, bakoitzak ahal duen neurrian lagun dezan. Zehazki, ekarpenak 20 eta 2.000 euro artekoak izango dira.