Aisia

alienEuskararen Etxeak badu ihes-gela

Euskara ezagutu eta, aldi berean, ongi pasatu. Aukera hori eskainiko du, aurrerantzean, Bilboko Euskararen Etxeak, martxan jarri duen ihes-gelaren bidez. Euskal Alien Nazioa du izena ihes-gelak, eta euskara eta zientzia fikzioa lotzen ditu. Honatx abiapuntua:  “2155. urtean gaude. Estralurtarrak Euskal Herrira iritsi berri dira, euskararekiko mirespenak itsututa. Haien espazio ontzia Euskal Herriko txoko guztietatik ikus daiteke. Helburu argia dute: euskara hartu eta beren bizilekura eraman...”. Jokalariek, nola ez, jokoak proposatutako misterioak ebatzi beharko dituzte ihes-gelatik atera ahal izateko. Otsailetik aurrera egin ahal izango dira erreserbak ihes-gelan aritzeko. Hori bai, gehienez ere lau laguneko taldeak izan beharko dira. Informazio guztia eta erreserbak egiteko aukera, Euskararen Etxearen webgunean: http://www.euskararenetxea.eus/.