Ondo azaldutako iritziari, saria

eibarIkasterakoan, bizigarri apur bat beti izaten da lagungarria. Hori gogoan, Eibarko AEK euskaltegiko B2 mailako eguerdiko taldeko ikasleek Iritziketan izeneko iritzi artikulu lehiaketa antolatu dute. Eibar armaginaren lehena, oraina eta geroa mintzagai hartuta artikuluetan, azaroan egin zuten lehiaketa, baina sari banaketa urte berriarekin batera heldu da. Jasotako idazlanen artean, Jon Iraolarena izan zen garaile, Egiaztagarria, iraunkorra eta orokorra lanarekin. Zozketa bidez ere banatu zuten beste sari bat, eta Andoni Saezi egokitu zitzaion. Parte hartzaile guztiei zorionak emateaz gain, datorren ikasturtean bigarren edizioa egiteko asmoa azaldu dute Eibarko AEK-koek. Zorionak, beraz, parte hartzaile guztiei!