Marrazteari uzten diogu jolasteari uzten diogunean

arinJoseba Larratxe Josevisky
Marrazkilaria

Arkitektura ikasketak egina, marrazkilari profesionala da Larratxe (Irun, 1985). Komikiak, marrazkiak, zintak... hedabide askotan argitaratu izan ditu bere marrazkiak, hala nola Nabarra aldizkarian, Gaztezulon, Aldirin, H28 aldizkari “saretirikoan”, Argian, Xabiroi komiki aldizkarian... Besteren artean, diskoen azalak egiten ditu. Komiki labur eta ertainak ere baditu, eta azkenaldian argitaratu ditu lehen bi lan luzeak: Yurre Ugalde gidoilari, Joana Maiz (Harriet Ediciones, 2019); eta Basolatik berri onik ez (Ikastolen Elkartea, 2020), Asiskoren gidoiarekin, lehendik Xabiroin atalka kaleratua.

 Marrazkilari, irudigile, komikigile... Ilustratzailea, nola izendatu?

Niri marrazkilari hitza gustatzen zait. Hasteko, oso euskalduna delako. Ilustratzaile beste hizkuntzaren batetik hartutakoa da, ezta? Marrazkilari berbak, azken finean, gauza asko biltzen ditu. Adibidez, badaude irudiak kolore mantxekin egiten dituztenak. Ni, aldiz, marra egile handia naiz. Marrak egiten ditut, hortaz, marrazkilaria naiz. Ilustrazioak edo komikiak... bada, marrazkilariak horiek guztiak egin ditzake; beraz, marrazkilaria naiz, eta kito.

 Basolatik berri onik ez. Bereziki gustura utzi zaituen lana?

 Bai. Gustura utzi nau, eta bereziki gustatu zait egitea. Asisko betidanik dut idolo, hortaz, gozamena izan da harekin lan egitea. Gainera, Erdi Aro fantastikoan girotutako komikia, munstro eta gazteluz betea... 15 urterekin esan balidate komiki hau egingo nuela, ez nuen sinetsiko. Esan izan dut nire ametsetako enkargua izan dela.

Gidoilaria, Asisko, marrazkilaria ere izatea nabaritu duzu?

Bai, asko. Onerako, batez ere. Bidaltzen zizkidan gidoiak irakurrita, segituan ulertzen nuen zer esan nahi zidan. Hau da, gidoia irakurri ahala, komikia ikusi egiten nuen, oso erraz. Proposatzen zidan guztiarekin oso ados egoten nintzen, normalean. Gainera, Asiskorekin lan egitea erraza da.

Zure lehen bi lan luzeek oso harrera ona izan dute.

Kronologikoki, Basola da lehenengoa, duela 4 urte hasi bainintzen egiten. Tarte horretan, Joana Maiz egiteko aukera sortu zitzaigun, Eusko Jaurlaritzak komikiak egiteko emandako dirulaguntzaren bitartez. Egia esan, suizidioa izan zen: bi komiki batera egitea ez diot inori gomendatzen, erokeria hutsa izan zen. Baina orain, perspektibarekin, merezi izan duela iruditzen zait, Joana Maizek arrakasta polita izan duelako. Gainera, nahiko azkar saldu zen. Yurre eta biok oso pozik geratu ginen, Durangoko Azokan, Getxoko Komiki Azokan... hurbiltzen zitzaigun jendea ikusita, batez ere. Normalean komikiak irakurtzen ez dituen jendea iruditzen zitzaigun: 30 urtetik gorako emakumeak. Horrek egundoko ilusioa egin zidan, zeren komiki irakurlea gizonezkoa baita nagusiki, eta, gainera, profil jakin bat duena. Agian, Euskal Herrian da hala beste toki batzuetan baino gehiago; kanpoan, gaindituago dago. Komikiak aurrera egitea nahi baldin badugu, kontu hori gainditu egin behar dugu. Egiaztatzeko aukera izan genuen: beste jende mota batentzako produktua kaleratzen baduzu, irakurleek erantzuten dute. Merezi du saiatzea.

 Basolatik berri onik ez, baina euskarazko komikigintzatik, azken urteotan, bai.

Sentsazio hori daukagu. Uste dut komikigintza azken 5 urteetan esponentzialki hazi dela. Hazkuntza itzela. Zergatik? Faktore asko daude. Batetik, nire ustez, azken 15 urteetan komikiak modan jarri dira mundu osoan, pixkanaka. 2000. urtean hasi zen oso modan jartzen nobela grafiko formatua, batez ere AEBetan. Horrek beste publiko mota bat erakarri zuen, eta komikiaren estatusak pixka bat gora-edo egin zuen. Gaiei dagokienez ere gehiagori heldu zitzaion, eta, ondorioz, jende gehiagorengana iritsi ziren... Euskal Herrira, olatu hori askoz beranduago iritsi da. Horretan, nire iritziz, Xabiroi aldizkariak asko lagundu du bere lan jarraituarekin, urtero bilduma bat plazaratuz eta. Eusko Jaurlaritzaren bekak ere asko lagundu du; adibidez, Joana Maiz ez zen posible izango hura izan gabe. Sentipena daukat proiektu asko tiraderan zeudela, finantzaziorik ezagatik gauzatu ezinik, eta aipatu bekari esker apur bat ateratzen hasi direla. Bolada onean gaude, ea pandemia zikin honek ez dituen dirulaguntza guztiak eteten eta dena berriro tiraderan sartzen.

Marrazkiak egitetik bizi. Hego Euskal Herrian, posible da?

Adibide bat, ni neu. Lanbide artistiko autonomo guztiak bezala, nola hala, bizi-biziraun tarte horretan gabiltza, baina bai, bizi daiteke. Nire iritziz, sekretua ddibertsifikatzea da. Oso zaila da Euskal Herrian komikiak euskaraz besterik ez marraztetik bizitzea. Euskaraz bakarrik egitekotan, nire ustez hoberena da etortzen den guztia egitea: komikiak, prentsarako marrazkiak, kartelak, disko azalak...

 Pandemiak eragin al dizu lanean?

Bai, baina ez beste kultura sektore batzuetakoei bezainbeste. Musikariekin konparatuta, esaterako, gu hobeto atera gara. Azken finean, guk etxeko mahaian lan egiten dugu, flexoaren azpian. Egia esan, itxialdian ez nintzen gehiegi ohartu itxialdian geundela, Basolaren azken kapitulua marrazten harrapatu baininduen. Horretan aritu nintzen. Ondoren, albo kalteak izan dira; izan ere, ez gara marrazkitik bakarrik bizi, aurkezpenak, tailerrak... ere egiten ditugu, eta jendaurreko guztia pikutara joan da, asko sumatzen da.

Txuri-beltzaren zalea zinen; orain, koloreak darabiltzazu. Zer aurkitu diozu koloreari?

Hasteko, beharra. Enkargu gehien-gehienak koloretan egitekoak ziren. Beraz, beste erremediorik ez dago: ikasi. Garbi neukan kolorearekin ez nintzela ona, edo, behintzat, koloreaz askorik ez nekiela. Zer egiten nuen? Kopiatu, inolako lotsarik gabe. Hain zuzen kolorearengatik gehien gustatzen zitzaizkidan komikiak hartu, eta ea nola dauden eginak ikusi, nik berdinegiteko. Eginaren eginaz, azkenean, egiteko modu batzuk ikasi eta zure egiten dituzu. Horrela topatu dut beste adierazpen modu bat. Kolorearekin ere gauza asko konta daitezke, eta horrela erabiltzen saiatzen naiz, komikietan kolorea modu narratiboan txertatzen, ez polita egiteko. Eder geratu behar du, baina esanahia izanik.

Arkitektura ikasketek izan al dute eraginik zure marrazteko eran?

Nik uste baietz. Gauza batzuetan onerako eta beste batzuetan ez horrenbeste. Ezgauza naiz leiho bat bere markoa ongi marraztu gabe marrazten. Batzuetan, nahiagoko nuke di-da egin eta bakea. Baina ez, oso zorrotza naiz: perspektibak ongi irudikatuta egon behar du, gorputzek ongi eraikita egon behar dute... Hortaz, nire bertutea eta kondena da, aldi berean.

Dibulgazioan aritzen zara. Komikigintza oso ahaztua al dago?

Ahaztua ez, inoiz ez baita izan jakina. Euskal Herrian, komiki arloan, gabezia izan da, baina ez zerbait galdu delako, baizik eta tradiziorik izan ez delako. Egon ez den tokian sartzea zaila da. Adibidez, gaitza da irakasleei ulertaraztea komikia gauzak azaltzeko modu bikaina dela. Azaltzen diezunean, baina, argia ikusiko balute bezala izaten da: “Bai ondo!”. Baina ez da samurra Halere, pixkanaka, ari dira gauzak egiten; dena den, betikoa da: “Ikastoletan gehiago landu beharko litzateke komikia!”. Bai, eta musika, antzerkia... gauza pilo bat!

 Zergatik marrazten dugu denok txikitan eta, bat-batean, utzi egiten diogu?

Marrazteari uzten diogu jolasteari uzten diogunean. Zeren, hasieran, marraztea jolasa baita. Nik uste nahiko azkar uzten diogula jolasteari, gero eta azkarrago. Nik ez nion utzi, neurri batean sorgin-gurpila delako: trebea nintzen, gauzak ondo ateratzen zitzaizkidan, eta horrek jarraitzera bultzatzen ninduen. Azkenean, gurpil horrek abiadura hartzen du, horrek eramaten zaitu gehiago marraztera.

Zergatik esan nobela grafiko komikia denari?

Marketin kontua da. Uste dut Will Eisnerrek, komiki modernoaren aitatzat jotzen denak, asmatu zuela. Alde batetik, amorru pixka bat ematen du, komiki gehiago saltzeko komikiaren izaera ezkutatzea delako, baina, beste alde batetik, dezente eskertu beharko genukeela uste dut, mesede handia egin diolako. Niri paradoxikoa iruditzen nobela grafikoa dela esatea, nire ustez komikiak zinemaren antza duelako. Beraz, “paperezko filma” izan beharko litzateke.

DI-DA BATEAN

Zerk alaitzen dizu eguna? Kafe on batek.

Eta tristatu? Fucktura batek: Zaldieroaren txistearen arabera, kobratzeko enkargua egiteko baino lan handiagoa eskatzen dizun faktura.

Zerk eragiten dizu barrea? Zaldieroaren zinta umoretsu batek.

Eta negarra? Nire soldataren urteroko balantzeak.

Zerk haserrearazten zaitu? Zientziaren gaineko ezjakintasunak. Asko, gainera.

Bizio bat: YouTube.

Zer izan nahi zenuen txikitan? Marrazkilaria.

Eta orain, zer ez duzu izan nahi? Beste norbaitentzako zama.

Komiki bat? Castillo de arena, Frederik Peeters-na.

Komikigile bat? Blutch.

Gidoilari bat? Jodorovski.

Gustura egingo zenuke... Bideo-joko bat.

Eñaut Mitxelena