Birusak kolpatu bai; geldiarazi ez

Laster beteko da urtebete COVID-19ak bizitza hankaz gora jarri zigunetik. Ordutik, kalteak izugarriak izan dira eremu askotan. Hildakoak, erituak, osasun zerbitzuetako gainkarga, lanpostuen galera, mugikortasunaren mugatzea, harreman sozialen apaltzea... Orain artekoak, gainera, jarraipena izango du, osasun krisiaren amaiera urruti ikusten baita. Euskarak eta euskalgintzak ere nozitu dute pandemia, eta ez bakarrik euskarak larrialdi garaian izan duen bazterketarengatik edota eguneroko jarduna erabat baldintzatua izateagatik. Euskalgintzarako eta euskal kulturarako hitzordu garrantzitsu ziren asko eta asko bertan behera geratu ziren iaz, eta aurten egin beharreko beste askok ere bide berari jarraitu diote: ikastolen aldeko iazko jaiak, 22. Korrika, Bertsolari Txapelketa Nagusia eta lurraldeetako txapelketak... Euskararen inguruan ardazten diren ekitaldi berezi eta esanguratsuak guztiak ere, ez egiteak euskarari berari ez ezik, euskalgintzako eragile askori ere galera handia ekarri diena. Izan ere, balio sinboliko handiko ekitaldiak izateaz gain, eragile askoren kasuan eguneroko jardunari eusteko diru iturri funtsezkoak dira. Kinka larria, ziurtasun bakarra ziurgabetasuna den garaian nola jokatu asmatzea ere ia ezinezkoa denean. Nolanahi ere, egoerari nola edo hala aurre egiteko asmo eta gogorik ez zaie falta. M. Egimendi, Esti Lanao.

testi“Aurten ere, kalean nahi dugu euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada”

Duela 55 urte, Rikardo Arregik gutuna igorri zuen Euskaltzaindira, Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen premia azaltzeko. Gerora AEK bilakatuko zen ekimena abiatzeko eskaria zen. Gertaera hura gogoan, AEK-k euskaltzaleei dei egin die, Helduen Euskalduntze Alfabetatzeak berebiziko garrantzia izaten jarraitzen duela aldarrikatzeko 22. Korrikak amaitu behar zuen egun berean.

AEK buru-belarri dabil otsailaren erdi aldera aurkeztuko den ekimena prestatzen. Horretan ari dira lanean, besteak beste, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kide Aitziber Balantzategi eta Xabi Gartzia. Ekitaldi “xumea” izango dela kontatu dute, “unean uneko osasun neurrietara zeharo egokitua”, baina, aldi berean, “alaia eta parte-hartzailea”. AEK-k Euskal Herriko plazak hartuko ditu berriro, AEKren euskaltegia dagoen leku guztietan herritarrei kalera ateratzeko deia eginda: “Martxoaren 28ko eguerdian, helduen euskalduntzea babestu eta sustatzeko ekimena egingo dugu. Bada garaia helduen euskalduntzeari dagokion lehentasuna aitortzeko. Herritarren bultzada nahi dugu, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalera atera dadin” dio Gartziak. Are gehiago, “dinamikaren ardatz nagusia ‘euskaltegia’ izango da, hots, helduak euskalduntzen diren tokia, jendarteari hiztun heldu gehiago eta aktiboak ematen dizkiona” erantsi du Balantzategik.
AEK-k 100 euskaltegi baino gehiago ditu Euskal Herri osoan, eta ezin ahaztu Korrikak, oraindik ere, bi helburu ezinbesteko dituela: euskararen aldarrikapen masiboa eta AEKren funtzionamendua bermatuko duen ekarpen ekonomikoa. Izan ere, “Arregiren eskutitzak helduen euskalduntze eta alfabetatzearen beharra aldarrikatu eta 55 urtera, premia bera izaten jarraitzen dugu” dio Balantzategik. “Gure sektoreak normalizatu gabe jarraitzen du. Finantzaketa esparrurik gabe, iturri propioak bilatu eta jorratu behar ditugu, lan baldintzak duintzen saiatu... Gainera, administrazioen politika aldakorren erritmoan dantzatu behar izaten gara, lurralde bakoitzeko errealitateari aurre eginez. Pandemiak eragindako egoerari aurre egiteko, EAEn eta Nafarroan espero baino laguntza handiagoa jasoko dugu; Ipar Euskal Herrian, ordea, ez”. Hori dela eta, diru bilketa kanpaina abiatuko du AEK-k hil honetan: “Hurrengo ikasturtean, 22. Korrikak babes erraldoia izango duelakoan gaude, baina bultzadatxoa behar dugu orain, euskaltegien eguneroko lana indartzeko. Administrazioek urrats gehiago egin ditzaten borrokatzen garen bitartean, beharrezkoa dugu jendartearen arnasa”. Izan ere, Korrika atzeratu izanak aurrekontuan eragindako zuloa bankuen finantzaketari esker estali du, oraingoz, AEK-k, “baina zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu” dio Balantzategik. Hala, Errigorako kutxekin saldu ziren Korrika katiluez gain, euskaltegietan beste 3.500 jarri dira salgai. Bestalde, aipatu kanpainaren barruan, jendeak nahi duen dirulaguntza eman ahal izango du, Bizum edo txartel bidezko ordainketa eginez: “Trukean, oroigarria eskaini nahi diegu eskerrak emateko, ekimen honen oroigarria etxean gordeta gera dadin”.
Martxoaren 28an, hortaz, AEK-k bere mezua helaraziko die herritarrei, baina “lekukoa administrazioek ere hartu beharko dute, haiei baitagokie herri honen berreuskalduntzeari begirako hizkuntz politika egoki eta eraginkorrak martxan jartzea”, Gartziaren esanetan. “Herri honek bestelako hizkuntz politikak behar ditu, ezagutzaren unibertsalizazioa ardatza izanik helduen sektorea normalizatzeko eta Euskal Herriaren berreuskalduntzeari era ordenatu eta masiboan erantzuteko, administrazioen ezinbesteko laguntzarekin”. Horrenbestez, “alarma gorri guztiak piztuta” dauden honetan, AEK-k Euskal Herriko administrazio guztiei dei egin nahi die, “erritmoak erritmo, aurrerapausoak egin ditzaten, batera eta elkarlanean”; baita herritarrei ere, hizkuntz politika horien zuzeneko hartzaileak izanen direlako: “Herritar horiek euskaltegian izena eman eta euskara ikasteko egiten duten hautu pertsonaletik ere etorriko zaigu denoi euskaraz bizitzeko aukera. Horrexegatik, ezagutzaren unibertsalizazioaren bidean, euskaltegien ezinbestekotasuna aldarrikatzen jarraituko dugu”. Gainera, gizarte eragileengana ere joko du AEK-k, aurrerapauso gehiago egin eta akuilu lana egin dezaten, haiek ere paper garrantzitsua dutelako, gobernuek eta herritarrek jokatzen duten rolaz gain. Izan ere, nork bere arlotik, guztiok dugu zer eskaini Euskal Herri euskalduna lortzeko.

agirresarobe

“Mugimenduak txikitik eragiten du, alegia, bertso eskoletatik”

Txapelketen faltan, plazako eta bertso eskoletako dinamika berreskuratzeko lanetan murgilduta dabil Bertsozale Elkartea aurten. Plaza Biziberritzen ekimena abiatu du, ardura horretan diharduten pertsonen lanari balioa emateko asmoz.
Zalantzarik gabe, oholtza gainean aritzeko aukera oso gutxi izaten ari dira azkenaldian, eta bertsolaritza ere ez da horretatik libratu. Besteak beste, Arabako Txapelketa eta Iparraldeko Xilaba bertan behera geratu behar izan dira, eta, ondorioz, aurtengo Txapelketa Nagusiak ez du lekurik izan gure egutegian.
Bertso Elkartearen koordinatzaile Jon Agirresarobek dio ez antolatzeko erabakia hartzea zaila izan dela, baina ondorio bat besterik ez dela izan onartu du: “Bertsolaritzaren egoera aztertu ondoren hartu dugu erabakia:  alde batetik, larrialdi egoera honetan, bertso eskolek arazoak dituzte ohiko jarduerak aurrera eramateko, biltzeko edo antolatzeko; bestetik, plazako ekimen asko ezin izan dira egin. Gainera, txapelketak ekitaldi jendetsuak dira, eta une honetan ez dago baldintzarik mota horretako ekitaldiak egiteko”. Ia dena, beraz, kontra izan du bertsolaritzaren munduak, eta erritmoa mantsotu egin da azkenean. Lehen esan bezala, egoerak bertso eskolen dinamika zaildu du, eta bi arrazoi aipatu ditu Agirresarobek hori azaltzeko: “Bata da kultur jarduera amateur ugari debekatuta egon direla; eta bestea, bertsozalea beldurtuta dagoela”.
Beldurra eta ziurgabetasuna lan egiteko moduan islatu dira, ezinbestean: “Oholtzak muntatzea da gure eginkizuna; 2020. urtean, baina, paperean eta bideodei bidez irudikatu ditugu agertokiak, eta urtea aurretik egindako planak desegiten eta berregiten eman dugu”. Horregatik, egoerari buelta eman behar izan diote, eta indarra bestelako ekintzetan jarri: “Kontuan izan behar dugu Txapelketa Nagusia ez dela egitasmo soltea, herrialdeetako bertsolari txapelketen amaiera baizik. Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako txapelketak eta Xilaba ezin izan ditugu burutu. Beraz, plazako eta bertso eskoletako dinamika berrabiaratzea izango da lehen egitekoa”. Ezjakintasuna eta zalantza dira nagusi orain, eta, oraingoz, ez dago esaterik noiz izango diren txapelketak egiteko moduan.
Hori dela eta, protagonismorik handiena herriz herri antolatutako ekintzek hartu dute, eta Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak bertso eskolek eta saio antolatzaileek egiten duten beharra balioetsi nahi izan du: “Herri askotako jaiak ez dira egin, lasterketak, herri bazkariak eta kaleko jarduera asko galdu egin dira, baina 430 bertso saio inguru egin da. Bertso eskolek eta antolatzaileek ardura handia hartu dute beren gain, herriak bertsolaritzaz goza dezan”. Kontuan hartzekoa da hori; izan ere, nahiz eta egoera txarra izan, eta alde positibotik ikusita, parada izan daiteke mota horietako ekimenei bultzada emateko. Horixe da, hain zuzen, Plaza Biziberritzen ekimenaren helburua, antolatzaile eta bertso eskolen lana ikusgai jartzea: “Hainbat jarduera  antolatu ditugu haien lanari balioa emateko. Bertsolaritzak osasuna izango badu, ezinbestekoa da herririk herri txikitik eragitea. Mugimenduak txikitik eragiten du, alegia, bertso eskoletatik”.
Bertsozalea, bertso sortzailea eta mugimendua bera izan dira kaltetuenak egoera honetan, Agirresaroberen ustetan: “Pandemiak etxeko lanak egin gabe harrapatu gaitu, eta kulturan dauden gabeziak agerian utzi ditu: alde batetik, kulturak mugimendua eta eragileak behar ditu, herriz herri; beste alde batetik, ogibidea sorkuntzara bideratzen duten sortzaileek gutxieneko baldintza ekonomikoak behar dituzte”. Hori guztia bermatu ezin bada, aurrera egiteko bidea zaildu egiten da, logikoa denez. Zentzu horretan, gainera, norberaren erantzukizunak zenbateko garrantzia duen nabarmendu nahi izan du: “Kultura berez ez da segurua, guk geuk egiten dugu seguru. Arduraz jokatu behar dugu”.

tellitu

“Ezjakintasunean mugitzen gara; gainera, ez dugu ilusio bera, eta hori oztopo handia da”

Hasieran finkatutako helburu ekonomikoak lortu ez, eta bestelako planteamenduarekin lan egin behar izan du Ikastolen Elkarteak azken ikasturtean, pandemiagatik hartutako neurriak direla eta. Hala ere, ez du etsiko, eta argi du euskara eta euskal kultura zabaltzeko ahaleginetan jarraituko duela.

Iaz, ez genuen adin guztietako jendez beteriko zelaiak ikusteko aukerarik izan, ezta ibilbidean zehar lagun izaten dugun ahotsaren gomendioak eta iradokizunak entzutekoa ere, are gutxiago txosnez eta agertokiko kontzertuez gozatzekoa. Ikastolen jaiek, mota horretako beste ekitaldi batzuek bezala, halabeharrezko etena bizi izan zuten 2020an, eta hasi berri den urtean ez dirudi egoera asko aldatuko denik.
Orain arteko ospakizunak alde batera utzi, eta egungo ezohiko egoerari aurre egin behar izan diote Ikastolen Elkartean. Beren lana bizi izaten ari garen une honetara moldatu dute, eta, arreta data zehatzetan jarri beharrean, urte osoko egutegia prestatzen aritu dira: “Gure jaiak ezin izan ditugu ohi bezala ospatu, baina urte osoan egindako askotariko ekitaldien bidez, bizirik jarraitu dute jendartean”. Erritmora egokitu diren arren, egoerak sortutako ondorioak guztiz ekiditea zaila egin zaie, ordea. Elkarteari “zuloa” eragin diola onartu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkartearen lehendakariak: “Finkatuta genituen helburu ekonomikoei dagokienez, oso urruti geratu gara, eta bereziki gogorra izan da, lurralde batzuetan jaietan eskuratzen den dirua oso garrantzitsua delako egiturazko gastuei aurre egiteko”.
Antolakuntzan lan egiten dutenentzat ere egundoko lana izan da, ziurgabetasunez jokatu behar izan baitute une oro: “Erabaki kontrajarriak hartu ditugu une batzuetan: hasieran, ezetz esaten genuen; gero, baietz… eta barruan egon den jendearentzat gogorrak izan dira aldaketa horiek. Psikologikoki zama handia izan da”. Izan ere, antolaketarekin loturikoak alde batera utzita, kideen bizipenak ere mahai gainean jarri zituzten, eta horrek aurrera egin ahal izateko aukera mugatu zuen. Ados jartzeko arazoak ere izan dira, atzera edo aurrera egin ala ez jakin gabe ibili diren bitartean: “Gogoan dut momentu batean Nafarroak ezetz esan zuela, gero baietz; Iparraldeak ere une batean ezetz, gero ematen zuen haien kabuz egingo zutela… Kudeatzea ez da batere erraza izan”.
Hori dela eta, etorkizunari begira planteamendua oso bestelakoa izaten ari dela dio  Tellituk: “Logikoa denez, askoz ere helburu txikiagoetara jo beharko dugu, ezinbestean. Oraindik ez gara jaiei begira jarri. Ibilaldia antolatu dugu, baina indarra aurretik dauden ekintzetan ipiniko dugu”. Horren harira, eta jaien espirituari bizirik eusteko asmoz, euskararekin, euskal kulturarekin eta hezkuntzarekin lotutako ekitaldi zein ekimenak aurrera eramaten jarraituko dute, txikitasun horretan ibiltzerik izango duten ez badakite ere: “Besteak beste, Tanta egitasmoa dugu, beste proiektu batzuetan ere bagabiltza... Azken finean, horrelako kontuek lasaitasun apur bat ematen digute”. Edozelan, alderdi positiboa ere nabarmendu nahi izan du Tellituk, elkartasunarekin lotua: “Jai guztiak elkarrekin lanean ari garela azpimarragarria da, eta badugu lau edo bost ekimen aurrera eramateko asmoa ere. Nik uste dut hori, nazio ikuspegitik, oso interesgarria dela guretzat”.
Halere, kaltetua izan den beste zerbait aipatu du: “Normala denez, jendeak beste lehentasun batzuk ditu; ondorioz, ez dago beste urte batzuetako ilusioa. Oso nabaria da, eta oztopo handia”. Izan ere, kanpotik iristen diren datuak ez dira oso itxaropentsuak: “Gogoan dut maiatzean edo ekainean, kopuruak oso onak zirenean, ilusioa berpiztu egin zitzaigula, guztiz ziur geunden data berrian egitea posible izango zela”. Ez zen izan, ordea, eta orain oso datu txarrak daude berriro: “Ezjakintasunean mugitzen gara, horregatik ari gara buru-belarri  jaien aurreko ekimen horietan; une honetan, euskara, euskal kultura eta gure eredua gure herrietan zabaltzea dugu lehentasun”.
Alabaina, zailtasunak zailtasun, tinko eusten ari zaizkio beren konpromisoari, eta hauxe, behintzat, argi dute: “Euskarak eta euskal kulturak aktibazioa behar dute oraindik, eta horretan egin nahi dugu gure ekarpena”.