“Hizkuntza ikasita jende asko ezagutu eta, gainera, haiekin hitz egiten duzu”

zelanLluis Hontecillas
(Bartzelona, Katalunia, 1993)

Lanbidez ingeniaria, 2019ko urtarrilean etorri zen Donostiara Hontecillas, lanera eta bikotekidea donostiarra duelako. Katalana, gaztelania, ingelesa eta alemana ondo dakizki, eta euskararekin ere bide onetik doa: “Uste dut orain alemanez eta ingelesez baino hobeto hitz egiten dudala euskaraz”.

Nolatan iritsi zinen euskarara?
2017ko urrian, Alemaniara joan nintzen master bat egitera. Hantxe ezagutu nuen bikote laguna, donostiarra. Egonaldia 2018ko ekainean bukatzen zenez, zerbait erabaki behar genuen. Nik ikasketak amaitu nituenez, Donostian lan bila hasi nintzen, eta azkenean topatu nuen. Orduan, Donostiara etorri nintzen, 2019an, bikotekidearekin. Hura euskalduna da, baina katalanez hitz egiten dugu. 2018ko urrian, euskara zertxobait lantzen hasi nintzen, teoria pixka bat eta, baina oso zaila da horrela ikastea. Beraz, hona etorri nintzenean, AEKra jo nuen zuzenean. Gainera, txikitatik izan dut euskararen gaineko jakin-mina. Izan ere, urtero, familiarekin Kantabriako herri txiki batean ematen nituen oporrak, eta Euskaditik pasatzean autobideko seinaleak ikusten nituenean jakingura sentitzen nuen: zer ote Kontuz euriarekin? Horregatik, kuriositate handiagoa neukan.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Hona etorri nintzen bikote lagunarekin egoteko, eta hark katalana ikasi zuenez, ni euskara ikasten hasi nintzen. Bakarrik etorri izan banintz, agian hasiko nintzatekeen euskara ikasten, baina uste dut beranduxeago egingo nukeela. Oso pozik nago euskara ikasten.
Nolako prozesua izan duzu?
Ikasturtearen erdian hasi nintzen, eta 2018an ere pixka bat ikasi nuen. Gainera, bikotekidea euskalduna denez, apur bat errazagoa izan zen niretzat. Hutsetik hasi nintzen, eta, pixkanaka-pixkanaka, euskaraz egiten hasi ginen, saiatzen, behintzat. Gero, beti bezala, parrandetan askoz gehiago saiatzen naiz. 2019ko udan, ikastaro trinko bat egin nuen, eta duela lau hilabetetik B2 mailan nabil. Nik, normalean, ez dut nabaritzen, baina uste dut jendeak nabaritzen duela nire garapena. Askoz gehiago egin behar dut, jakina; hala ere, nire ustez, ongi ari naiz.
Zer izan da zailena zuretzat?
Esaldiak eratzea, euskara ez delako beste hizkuntzak bezalakoa. Katalanez, esaldi bat egitura jakin batekin osatzen dut, baina euskaraz aditza bukaeran egoten da normalean, eta...
Eta errazena?
Hemengo jendea ezagutzea, kar-kar! Euskaldunok oso gustuko duzue kanpokoek euskara ikastea. Bai, hizkuntza ikasita jende asko ezagutzen da, horixe da errazena. Ezagutu eta, gainera, haiekin hitz egin. Horrela askoz errazagoa da.
Erabiltzen duzu?
Ahalegintzen naiz. Bikotekidearekin batzuetan euskaraz egiten dut eta haren lagunekin ere saiatzen naiz. Lanean ere badauzkat normalean euskaraz hitz egiten duten lankide batzuk, eta haiekin ere berdin. Halere, kalean edo dendetan euskara erabiltzea pixka bat kostatzen zait. Ez dakit lotsagatik den, edo akatsak egiteko beldurragatik... baina kostatu egiten zait.
Gustuko hitza edo esamoldea:
Euskara ikasten hasi nintzenean, norbait. Nire buruan oso soinu polita du.
Trikimailuren bat?
Betikoa: musika entzun, baina musika lasaia. Niri Berri Txarrak gustatzen zait, oso abesti onak ditu, baina oso gutxi ulertzen dut, kar-kar! Beraz, betiko kantuak ikastea: Donostiako martxa, Isil-isilik... Beste trikimailu bat da akatsak egiteko beldurrik ez izatea.