Pandemiaren eraginez, zure erosketa ohiturak aldatu al dituzu?

ikamika

COVID-19ak eta haren kontra ezarritako neurriek goitik behera irauli dituzte ohikoak genituen jokamolde asko. Adibidez, erosketak egiteko modua. Tokiko merkataritzak lehendik ere bazuen arazo dezente, batik bat merkataritza gune handiengatik eta Internet bidezko salmentengatik, baina pandemiak bete-betean jo du. Dena den, ondorio onuragarriak ere izan dira. Esaterako, iazko konfinamenduaren eraginez, tokian tokiko denden salmentak handitu egin ziren, nagusiki elikagaiak saltzen dituztenen artean. Haatik, Internet bidezko salmenten hazkundeak eta bai mugikortasunari bai denden ordutegiei ezarritako murrizketek ez diete batere onik egin. Erakundeek zenbait kanpaina ipini dituzte martxan tokiko kontsumoa bultzatzeko, eta erantzun ona izan dute. Esaterako, Aguraingo Udalak eta Lautada Bizirik elkarteak joan den abenduaren amaieran martxan jarritako Agurain bonu kanpainan herritarren eskura ipinitako 1.200 bonuak azkar agortu ziren. Zuek aldatu al dituzue zuen erosketa ohiturak azken urtebetean? Lautadako AEK euskaltegiko B2 mailako taldea

1. Luis
Nik ez ditut erosketa ohiturak aldatu. Oro har, denda berberetan erosten dut. Ez dut Internet erabiltzen; izan ere, ez zait batere gustatzen.
2. Txiki
Ez ditut ohiturak aldatu, eguneroko erosketak Araian egiten jarraitzen dut, beti bezala. Ezohiko erosketak, berriz, Agurainen edo Gasteizen egiten ditut.
3. Pablo
Nire ohiturak berberak dira, eta erosketak egiteko ez dut Internet erabiltzen. Egia da erosketak egiteko maiztasuna aldatu dugula, baina hori bakarrik. Maiztasuna aldatu dugu, batez ere, hainbat momentutan pilatzen den jendetza ekiditeko.
4. Ainara
Bai, orain produktu eta gauza gehiago erosten dut Internet bidez, merkataritza guneetara ez joateko. Elikagaiak, ordea, tokian tokiko dendetan erosten ditut.
5. Rebeca
Azken urtean herri txiki batean bizi naizenez, erosketak ekonomato batean eta ogi denda batean egiten ditut. Konfinamendu garaian egon ziren arazoak, baina, beldurraren ondorioz, gutxiagotan joaten nintzen, eta erosketa handiagoak egiten nituen. Orain, berriz, astero joaten naiz.