“Oso modu naturalean gertatu zen AIZU!k eta AEK-k bat egitea”

musua

AIZU! proiektua abiatu zuen gazte taldearentzat, hastapenak ez ziren errazak izan: aldizkariaren lehen zenbakia kaleratzeak urtebeteko lana eskatu zien, eta laguntza bonuak saldu behar izan zituzten ingurukoen artean aldizkaria martxan jartzeko. Crowdfunding-a aspaldi asmatu zen Euskal Herrian. M. Egimendi.

Iber Otsoa (Bilbo, 1957) eta Urtsa Errasti (Laudio, 1954) elkartu ditugu AIZU!ren historia osatzen jarraitzeko. Otsoa aldizkariaren koordinatzailea zen 1983ko udazkenean (aldizkaria sortu eta ia bi urtera), AEK-k eta AIZU!k bat egin zutenean. Aldizkariko kideek AEK-ko Urtsa Errastirekin eta Joseba Camporekin (duela urte batzuk hil zen) landu zuten bat-egitea, Euskal Herriko eta Bizkaiko ekonomia arduradunekin, hurrenez hurren.
Otsoak ez du gogoan zenbat diru bildu zuten aldizkaria abian jartzeko, baina bai jende askok egin zuela ekarpena aurreneko zenbaki hura kaleratzeko: ”Horrela argitaratu zen, baina 1981eko Durangoko Azokan plazaratu zen alea ez zen behin betikoa izan, proba baizik. Han proiektua aurkeztu zen, baina abenduan heldu zen aldizkaria ere”.
Zazpi zenbaki argitaratu zituen AIZU!k 1982an. Zail zuten aldizkaria banatzea, baina bazekiten non zituzten balizko irakurleak: euskaltegietan. “Urte eta erdi generaman aldizkaria ia hilero kaleratzen, eta zirt edo zart egiteko unea iritsi zen. Ikusten hasiak ginen dedikatuak behar genituela, baina horretarako irakurleak eta harpidedunak ziurtatu behar genituen”. Ordurako, AIZU!k eta AEK-k egoitza elkarbanatzen zuten, “eta ezagutzen genuen elkar”. Izan ere, AIZU!ren lehen egoitza Bilboko Zazpikaleetan egon zen, baina gero AEK zegoen Astarloa kaleko bulegora aldatu zen, han gela batzuk alokatuta.
Esan bezala, 1983rako ezagunak ziren AEK-koak eta AIZU!koak: “AEK-k ale batzuk ere erosten zituen lehenagotik, didaktikarako eta aldizkaria babesteko” dio Urtsa Errastik. “Astarloa kaleko bulegoan, elkarren ondoan lanean, Joseba Campok oso erraz konbentzitu zuen Alberto Gabikagogeaskoetxea Gabika didaktikaria, kar-kar!”. Horrela gogoratzen du bat-egitea, erdi txantxetan, garai hartan AEKren Euskal Herriko ekonomia arduraduna eta Camporen lankide eta laguna zenak.
Dena den, ez zen hain erraza izan. Otsoak eta Errastik gogoan dute tirabirak eta zalantzak izan zirela, batean zein bestean. Azken erabakia AEKren Batzorde Nazionalaren esku zegoen, eta biek ala biek oroitzen dute kostatu egin zela, batez ere AEK-ko arabarrak eta gipuzkoarrak konbentzitzea, “+++AEK-ko bilbotarren kontua zela uste zutelako”. Otsoak dioenez, “logikoa” ere bazen: “Guk elkar ezagutzen genuen, baina haiek AIZU! ikusiko zuten Bilboko aldizkaritxo baten moduan, eta AEK-k hura bere aldizkari bihurtzea...”. Bestalde, AIZU!ko kide batzuek ere zalantzak omen zituzten, “uste zutelako AEK, beharbada, gehiegi sartuko zela aldizkariaren edukietan. Beldur ziren ‘gure kumeak’ ez ote zigun esku artetik ihes egingo, ez ote genuen galduko. AEKren aldizkari bihurtuta, ez ote zion gure proiektua izateari utziko”. Haatik, Errastik ezetz dio: “Gure asmoa ez zen hori, eta AEK ez zen aldizkariaren diru kontuetan ere sartu, AIZU!k bere kontua zeukan”. Errastik dioenez, “gure ustez, AIZU! aldizkari ona zen, bere horretan gustatzen zitzaigun. Gainera, orduko didaktika taldeko kide Josu Naberanek eta Gabikak uste zuten aldizkaria oso egokia zela sortzen hasiak ziren barnetegietan eta alfabetatze taldeetan erabiltzeko. AEKren talde didaktikoak oso argi zeukan horrelako aldizkari bat behar zela euskararen irakaskuntzarako. Hortxe zegoen behar genuena, eta behar genuenean agertu zen. AEKren ekarpena, beraz, euskaltegi sarea izan zen, nahiz eta artean, bi Korrika eginda ere, AEKren egitura oso ahula izan”.
Horrenbestez, Otsoaren eta Errastiren iritziz, “naturala, logikoa, zentzuzkoa eta onuragarria” izan zen AEK-k eta AIZU!k bat egitea. Otsoak dio AEKn sartzeak taldea indartu zuela: “Irakasle batzuek, aldizkaria saltzeaz gain, kolaboratzaile ere jardun zuten, eta AEK izan zen aldizkaria euskara ikasleengana heltzeko bidea”. Tirabirak tirabira eta zalantzak zalantza, AEKren logoa 1983ko azaroko zenbakian agertu zen, lehen aldiz, AIZU!ren azalean. Ondoren ere, Otsoak gogoratzen duenez, “guk nahi genuen aldizkaria egiten jarraitu genuen”.
Amaitzeko, anekdota bat kontatu digu Otsoak, orduan elkarrizketak nola egiten zituzten gogoratzean: “Etxeko irrati-kasetea, magnetofoi handi bat, eramaten genuen elkarrizketak grabatzeko, sekulako tramankulua! Behin, Buñuelera joan ginen Eneko Landabururi elkarrizketa egitera, han zeukan atseden etxera: magnetofoia, norbaitek utzitako argazki kamera eta aitaren autoa. Elkarrizketa bukatutakoan, bertan erditzen ari zen emakume bat ikustera gonbidatu gintuen Esther Zarandona eta biok. Izugarri zirraragarria izan zen guretzat! Oso polita izan zen, eta hunkituta irten ginen”. 1983ko ekainean argitaratu zen erreportaje hura.