Oharkabean hirukoiztearen beldur

berrikano

Berrikanoko bizilagunen ustez, bi proiektuk herriko bizimodua alda dezakete. Batetik, ehun pertsonarentzako kanpin bat jartzeko aukera aztertzen ari da sustatzaile bat; bestetik, hirigintza plan berriarekin kezkatuta daude. Edozein aldaketa egiterakoan, herritarren iritzia aintzat hartzeko eskatu dute. Jon Rejado.

130 biztanle inguru izatetik 300 pertsona baino gehiago hartzera igaro daiteke Berrikano (Araba). Horren beldur dira Zigoitia udalerriko herri horretako bizilagunak. Haien bizitokian bi aldaketa gerta daitezkeela jakin dute azken hilabeteetan: batetik, sustatzaile pribatu bat ehun pertsona inguru har dezakeen kanpin bat jartzea aztertzen ari da; bestetik, aurten hasiko da onartzen Zigoitiko Udalaren hirigintza plana, eta, hasieran pentsatutako 20 etxebizitzen ordez, 40 eraikiko diren kezka dute.
Erabaki horiek herrian eragin dezaketen aldaketaren beldur dira bizilagunak. Esan bezala, Berrikanok 130 biztanle inguru ditu. 80ko hamarkadan handitu egin zen, eredu bertsuari jarraikiz beti: elizaren inguruko eraikin zaharrak kenduta, etxebizitza gehienak familia bakarrekoak dira, eta lursail pribatu bat dute. Herritarrentzako txoko bat da zerbitzu bakarra, autobus geltokiarekin batera. “Hona etorri izan den jendeak lasaitasuna bilatu du, baina plan berriek hori alda dezakete” azaldu du Javier Calviñok, herriko bizilagun eta kanpinaren kontra sortutako plataformako kideak.
2020ko urrian izan zuten bizilagunek lehenengoz kanpinaren proiektuaren berri. Herriko hegoaldeko sarreran aurreikusia dago, 14.000 metro koadro inguruko eremu batean. Proiektuaren sustatzaileak ur zikinak isurtzeko baimena eskatu zion Uraren Euskal Agentziari; orduan jakin zuten herritarrek kanpin bat egiteko asmoa zegoela. “Ikertzen hasi ginen, proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko eta bizilagunei horren berri emateko” dio Calviñok. Epe laburrean, “ia herritar guztien” sinadurak bildu zituzten egitasmoaren kontra, baita inguruko herrietako bizilagun batzuenak ere, eta plataforma sortu zuten arazoari aurre egiteko.
Kanpinaren moduko azpiegiturek herrian eragin handia izan dezaketela hausnartu dute: ibilgailuen joan-etorria handiagoa litzateke inguruko errepideetan, karabanena barne; hondakinak nola kudeatu; ur horniduran eragina, udaran; herriko giroa bestelakoa bilakatu… Herritarrek sustatzailearekin hitz egin zuten, eta hark esan zien oraindik asmoa besterik ez dela, ez erabaki irmoa. Are gehiago, Zigoitiko alkate Javier Gorbeñaren esanetan, Udalak ez du kanpina sortzeko eskaerarik jaso.
Berrikanoko herritarrek jakin badakite kanpinak aurrera egiteko aukera duela, baldin eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako baldintzak betetzen baditu. “Sustatzaileari ulertarazi nahi diogu ez duela zentzu handirik proiektu bat aurrera eramateak, herri osoa aurka badu; seguru beste herri batzuek kanpin bat nahi dutela” diosku Calviñok. Hori dela eta, plataformak eskatu du herritarren hitza ere aintzat hartzeko.
Handitzeko beharra
Herritarrek kezka agertu dute, halaber, Zigoitiko Udala hiri antolamendurako plan orokorra onartzen hasiko delako. Araudiaren arabera, udalerri bakoitzak hazteko, handitzeko, plan bat izan behar du; bertan jasotzen da nondik eta zenbat haz daitekeen. “Berrikanon, nekazaritzarako lurrak baliatu nahi dituzte eraikitzeko, herrian oraindik eraiki gabeko orubeak dauden arren” azaldu du Calviñok. Horrez gain, hazteko eremu berriak hektarea bat izan beharrean bi izateko arriskua dagoela susmatzen dute, eta horrek ere ezinegona eragiten die.
Zigoitiko Udalak aurten onar dezake hirigintza plana, eta, ondoren, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman beharko diote. Hirigintza planaren aurrerapena 2018an aurkeztu zen. Hasieran, Berrikanon bi hektarea handitzea proposatu zen, baina jasotako eskaeren ondorioz, 2018ko agirian hektarea batera mugatu zen. Dena den, Javier Gorbeña Zigoitiko alkateak uste du herriko egoera aldatu egin dela harrezkeroztik. Haren azalpenen arabera, orduan hutsik zeuden orube asko gaur egun beteta daude. “Hori dela eta, herritarrei galdetu genien merezi ote zuen duela hiru urteko mugari eustea, edo, aldiz, eraikitzeko eremua handitzea”.
Berrikanoko Administrazio Batzarrak ezetz esan zion eraikitzeko eremua handitzeko aukerari. Alkateak erantzun du erabaki hori jaso duela eta handitzeko aukera baztertua geratu dela. “Herriak esan zuen handitzeko eremua hektarea batekoa izatea nahi zuela, alegia, ordura arte bezala jarraitzea, eta hala izango da; horixe besterik ez da gertatu”.
Behin betiko hirigintza plana ikusi arte, herritarrak ezeroso daude. Aipatu zalantzez gain, Berrikanok orain arte izandako hazteko eredua aldatu egin liteke, haien ustez. Izan ere, 2016an, Eusko Jaurlaritzak erabaki zuen eraikitzean etxebizitza dentsitatea handitu egin behar dela: hektarea batean, hogei etxebizitza egon behar dira, gutxienez. “Hori lortzeko, bi edo hiru solairuko etxebizitzak egin beharko dituzte, elkarri atxikiak edota lursail propiorik gabekoak” laburbildu ditu Javier Calviño plataformako kideak bizilagunen kezkak.
Javier Gorbeñak argitu du, ordea, sustatzailearen erabakia dela zer eta nola eraiki, betiere araudiak ezarritako baldintzak errespetatuta. “Berrikanon babes ofizialeko etxebizitzak eraikiko ote diren ere entzun dut; Zigoitian, badago halako etxeak egitea, baina sustatzaileak ikusiko du errentagarriak zaizkion ala ez. Orubean etxe bakarra eraikiko balu, udalerriak ez dio trabarik jarriko”. Hala, plataformako kideak ziur daude sustatzaileek “errentagarritasuna” bilatuko dutela, eta horrek dentsitatea handitzearen alde egin dezakeela. Alegia, herriak orain arte izandako hazkuntza eredua aldatu egin litekeela, bertako bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe.