Euskal artzain txakurra, desagertzeko zorian

txakur

Egoera ez da itxaropentsua, baina Euskal Artzain Txakurraren Adiskideen Elkartea (EATAE) inurri lana egiten ari da 2001etik desagertzeko arriskuan dagoen bertako arraza puruaren alde. EHUrekin batera, txakur horien azterketa genetikoan ardazturiko ikerketa proiektuan dihardu, animalia honen biziraupenerako gakoen bila. Amaia Gartzia Payo. Argazkiak: EATAE.

Egoera benetan kezkagarria dela EATAEren webguneari begiratua eginda egiazta dezakegu: grafikoak, estatistikak... Datuek argi erakusten dute arrazaren egoera uste baino okerragoa dela. Euskal artzain txakurraren etorkizuna kinka larrian dago. Arraza honetako ale kopurua mugatua da, eta, zerbait egin ezean, larre eta baserrietan usu ikusten diren txakur hauek argazkietako estanpa gisara baino ez dute iraungo. “Jende asko, egoera zein den esaten diozunean, harrituta gelditzen da, egoera bestelakoa dela uste duelako” diosku Beñat Lizarrak, EATAEren lehendakariak.
2001ean Eusko Jaurlaritzak argitaraturiko bertako arrazen katalogoan, euskal artzain txakurra desagertzeko arriskuan dagoen arraza gisa sailkatuta ageri zen, orduan ugaltzeko ahalmena zuten 1.000 eme baino gutxiago zeudelako. “Esan daiteke egungo egoera are okerragoa dela” aitortu du Lizarrak. Arraza salbatzeko, lankidetza hitzarmena egin zuten, orain dela urte batzuk, EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta EATAEk.
Bi euskal artzain txakur mota daude: iletsua eta Gorbeiakoa. Bietan, 1.000 eme izatera iritsi beharko litzateke, baina ez nolanahikoak, arraza purukoak baizik. 2011 eta 2019 artean, 470 ale erregistratu ziren, arrak zein emeak eta mota bietakoak batuta. “Mota bakoitzeko 1.000 ale izan beharko genituzke, zeinek bere ezaugarriak dituelako” argitu du Lizarrak, “beraz, egoera larri samarra da”.
Desagertzeko zorian egoteko arrazoietako bat endogamia izan da. Hainbeste gurutzatze ezegokiren ondorioz, arrazaren purutasuna galdu egin da pixkanaka. Horrez gain, gainerako arrazekin gertatzen den bezala, endogamiak arazoak sortzen ditu, are gehiago horren ale gutxiko populazioetan: “Horrelakoetan, faktore erabakigarria izan daiteke. Zenbat eta endogamia handiagoa izan, orduan eta dibertsitate genetiko txikiagoa” azaldu du Edurne Arluzea EATAEren presidenteordeak. Endogamia horrek, orobat, sorgin gurpil hutsa bilakatzen du arazoa: horren ale gutxi izanik, aukera gehiago dago txakurrak ahaideak izateko.
Zer dakar horrek? Oro har, arraza ahultzea, hainbat alderditan islatzen dena: ugaltzeko ahalmenak indarra galtzen du, gaixotasunei aurre egiteko baliabide genetiko gutxiago ditu, eta karaktere genetiko ez desiragarriak transmititzeko arrisku handiagoa dago. Haatik, oraingoz, arraza honetako txakurrek ez dute gaixotasun bereizgarririk.
Euskal artzain txakurraren gainbeheraz galdeturik, artzaintzaren egungo egoera aipatu du Lizarrak, baita kanpoko arraza gero eta gehiago dagoela ere, border collie deritzona, kasurako: “Arraza horietako txakurrak eskuratzeko erraztasunak ere bertakoa baztertu du apur bat. Askotan, kanpokoa bertakoa baino hobea iruditzen zaigu, baina ez da hala”.
EATAG (Euskal Artzain Txakurraren Azterketa Genetikoa) izeneko proiektua arraza puruko txakurren laginak jasotzen ari da, analisi genetikoen bidez endogamia desagerrarazteko eta arrazaren dibertsitatea hobetzeko. Txakurrak topatu, haiei buruzko datuak bildu, eta, ondoren, odola ateratzen zaie. Lagin horiekin, animalien erregistroen datu basea sortu da, zeinaren bidez txakurren arteko ahaidetasuna ezagutzen ari diren, esan bezala endogamia ekiditeko asmoz. “Arrazaren benetako egoera zein den jakin nahi dugu” zehaztu du Lizarrak, “askotan ez dakigu ale bat bestearekin nola dagoen ahaidetuta”. Ahaidetasun maila hori ezagutzea ezinbestekoa da, gurutzatzeak egiterakoan zein txakur erabili daitezkeen eta zein ez argi izateko: “Ahalik eta urrutienekoak erabili behar dira”.
2020rako, berrehun lagin jaso zituzten, eta aurtengo urtearen bigarren zatian baliteke EHUk lehenengo emaitzen berri ematea.
Erregistro hori osatzeko zailtasunez ere mintzatu da Lizarra, datu basean egon badaudelako oraindik erregistratu gabeko txakurrak: “Dena den, ez dira hainbeste; ez, behintzat, mota bietako txakurrak 1.000 izatera iristeko adina”. Horrez gain, laginak hartzeko unean txakurrak identifikatzeko modua mikrotxipa izaten da, baina topatu dituzten txakur batzuek ez zeramaten.
Informatzeak lana dakar, jakina. Irabazi asmorik gabeko EATA elkarteak, inolako dirulaguntzarik gabe, ahalegin handia egin behar izan du artzain txakurren jabe eta hazleekin. Ezagutzera emateko eta konbentzitzeko eginkizun hori era askotara egin dute, eta “kilometro asko eginez”. Lan eskerga emaitzak ematen ari dela onartu du Lizarrak, elkartera artzain txakurrak dituzten eta ikerketan parte hartu nahi duten pertsonak hurbildu baitira.
Euskal kulturaren parte
1994. urtean, euskal artzain txakurra Espainiako Txakurren Errege Elkartean inskribatu zen, ofizialki, arrazak bete beharko lituzkeen ezaugarriak zehazteko eta bere egoera hobetzeko, orduan ere ez baitzen ona. 2016an, egoerak kezkaturik, artzain txakurren jabe batzuek bat egin eta EATAE elkartea sortzea deliberatu zuten, arraza gal ez dadin.
Lizarrak dioenez, bertako artzain txakurra euskal kulturaren parte da, euskara bezalaxe, zaindu beharrekoa eta bertakoa. Hemengoa izateak, hain zuzen, zenbait abantaila ematen dizkio txakur honi, kanpokoek ez dituztenak; esate baterako, arraza atzerritarrak ez bezala, bertako klimara, orografiara eta gaixotasunetara moldatua dago. Gainera, euskal artzain txakurraren leialtasuna ere nabarmengarria da: “Ezin fidelagoa zaio nagusiari, eta lotura handia izaten du harekin. Halaber, txakur hauek oso bizkorrak dira, gauzak laster batean ikasten dituzte. Amaitzeko, etxekoekin eta, bereziki, umeekin harrigarriki gozoak dira”.