Twitcheko euskal komunitatea: zuzeneko edukien sortzaileen topagunea

twich

Hegoaldean, tradizioz, etxe askotan sesioa izaten da Urtezahar gaueko kanpaiak  telebistako zein katetan ikusi erabakitzeko. 2020an, ordea, mundu osoko milioi erdi lagunek kate jeneralistei uko egin eta Internetera konektatzea erabaki zuten, Ibai Llanosekin, 25 urteko Bilboko gazte batekin, urte berriari ongi etorria emateko. Adibide bat besterik ez da, baina oso esanguratsua, Llanosek erabilitako euskarriaren irismena irudikatzeko. Jakina, Twitch plataformari buruz ari gara, planeta osoko gazteen artean gero eta inportanteagoa. Euskaldunen artean ere bai. Iban Lantxo.

Twitch zuzenekoak egiteko plataforma bat da, eta Amazon enpresa boteretsuak bultzatuta dago. Interneteko azken moda izanagatik, ez du ematen beste batzuk bezain iragankorra izango denik, eta, zantzu guztien arabera, luzaroan izango da gurekin. Iritzi horretakoa da, behintzat, Iruñe Astitz Larunbe Arkkuso (Barañain, 1991) kazetari eta eduki sortzailea: “YouTuberen modukoa da, baina grabatutako bideoak nahierara ikusteko baino, Twitch zuzeneko edukiak ikusteko erabiltzen da, gehienbat. Telebista bezala, gutxi gorabehera, funtsezko ezberdintasun batekin: txata. Horri esker, zuzenekoa ikusten ari den edonork nahi duena idatz dezake, eta, aldi berean, eduki sortzaileak erantzuteko aukera dauka. Hau da, elkarreragina dago, eta, dakigunez, horretan datza egungo sare sozialen arrakastaren oinarria.”
Twitchen streamingak (zuzenekoak) egiten dituztenei streamer esaten zaie, eta Arkkuso nahiko hasiberria da horretan. “Beste plataforma batzuetan ibili izan naiz, baina iazko Euskaraldiaren harira Twitcheko kanala sortzera animatu nintzen eta, ordutik, edukiak igotzen aritu naiz.” Twitchen, komunitate sano askoarekin egin zuen topo; alabaina, sistemak oso hutsune agerikoa zuen euskaldunentzat: euskara ez dago plataformako hizkuntza ofizialen artean. “Streamer-etako batek, Nebukaik, eskaera formala egin zion Twitchi, euskara hizkuntza ofizialen artean ezar zezan. Horrela, erabiltzaileek eduki zehatzak bilatzeko erabil ditzaketen etiketak  (jokoak, musika edo sukaldaritza, esaterako) euskaraz egongo lirateke, eta euskarazko edukiak behatzeko aukera ere izango lukete”. Ez da eskaera hutsala. Izan ere, edukiak zuzenean euskaraz bilatzerik ez balego, betiko gurpil zoroan egongo ginateke. “Nola jakingo dute erabiltzaileek euskarazko edukiak kontsumi ditzaketela, erraz topatzea ezinezkoa bada? Horrela, oso zaila da sareko hizkuntzaren erabilera areagotzea”.
Arazoa konpontzeko, #3000twitz kanpaina abiatu zuten zenbait twitchlarik (Arkkusok berak eta Nebukaik, besteak beste), Game Erauntsia bideo jokozaleen komunitatearekin batera. Ekimenaren xedea da Twitchen euskara txertatzeko eskaera indartzea, eta jomuga 3.000 atxikimendutan jarri zuten. Zergatik 3.000? “Bada, katalanek 2.900 atxikimendurekin lortu zutelako Twitchek kasu egitea”. Egun, euskarak 4.200 baino gehiago lortu ditu, eta orain komunitate osoa Twitchek zer erabakiko zain dago.
Aisialdia, normalizaziorako ezinbestekoa
Ezin ukatu, beraz, kanpaina oso arrakastatsua izan dela. Izan ere, bultzatzaileek babes handia jaso dute euskal komunikabide askoren aldetik, baita kultur arlotik zein euskalgintzatik ere. “Nik uste dagoeneko inork ez duela zalantzan jartzen zein garrantzi duen sareak euskararen normalizaziorako. Argi dago Internet gure bizitzako beste alor bat dela egun, familia, eskola edo lantokia bezalaxe”. Arkkusoren ustez, berebiziko garrantzia du aisialdian ere euskararen presentzia bermatzeak, “eta bertan euskarazko eduki propioak eskain dakizkigun borrokatu beharra dugu, gure bizitzako beste hainbat esparrutan egiten dugun bezala”.
Harago doa Arkkuso: “Entzuna dut hemendik hamar urtera, hizkuntzaren bat sarean ez badago, desagertzeko bidean egongo dela”. Euskara aspaldi hasi zen Interneten duen presentzia bermatzen (2017an,  sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian zegoen, Eusko Jaurlaritzaren arabera); halere, inoiz ez da nahikoa, bereziki gazteengana ailegatuko bagara. “Azken batean, haiek sarean bizi dira, eta zer esanik ez natibo digitalak, Z belaunaldia izendatu dena. Horientzat, sare sozialak ez dira harremanetarako tresna hutsak; eskolan, kalean edo kirolean izaten diren interakzioak sortzeko gaitasunari dagokionez, sare sozialak maila berean daude. Horregatik, oso tristea da egunerokotasunean euskaraz egiten duten gazte askok aisialdian erdaretara jotzea, zer eta euskaraz kontsumitzeko aukerarik ez dutelako”.
Jendartea, beraz, Twitchen eta halakoetan mugitzen da. Arkkusok argi dauka: “Internet gure bizitzako eremuetako beste bat da, eta hori kontuan hartzen badugu, duen garrantzia ematen badiogu, sarean euskara sustatzeko ekintzetara baliabideak bideratu beharko direla konturatuko gara, dagoeneko enpresa eta entitate publikoekin egiten den moduan. Edukiak euskaraz eskaintzea garrantzitsua da, baina are garrantzitsuagoa kalitatezko eduki propioak euskaraz sortzea”. Argi dago, beraz, edozein hizkuntzaren erabilera normalizatu nahi badugu, gizarteak hartutako bidea urratu behar dugula. Honetan ere, beste guztian bezala, euskara ezin da atzean geratu.

Euskal komunitateko hainbat twitchlari

Andromeda2030
Maitane  (Gasteiz, 1989)

Zer da Twitchetik gehien gustatzen zaizuna?
Euskal sortzaile ugari egon arren, atzean komunitate sendoa dagoela, horrek ikusleekin harremanak sortzeko bidea ematen baitu. Milaka jarraitzaile izango bagenitu, ez genuke denei erantzuteko gaitasun bera. Baina guk, oraingoz, badugu aukera hori: gutxi batzuk gara, baina nahikoak.
Eta gutxien?
Ezin dugu ahaztu enpresa handi baten esku dagoela, horrek dakarren guztiarekin.  Eta, noski, euskara oraindik ez dela hizkuntza ofiziala.

MKO
Marko (Bordele, 1969)

Zergatik zara streamer-a?
Gu, marrazkilariok, askotan bakarrik egoten garelako gure tailerretan. Zuzenean margotzean, baina, bakartasun sentimendu hori desagertu egiten da, nolabait. Bestalde, erakusleiho ona dela ere aitortu behar da.
Zer ekarri dizu streamer-a izateak?
Egia erran, gauza gutxi oraindik... Askotan kontzentrazioa galtzeaz aparte!
Zer da Twitchetik gehien gustatzen zaizuna?
Jendearekin teknikari buruz hitz egitea.
Eta gutxien?
Ikusleak txatean idazten aritu behar izatea.

Nebukai
Ainhoa Azkue (Orereta, 1996)

Bideo jokorik gustukoena:
The Legend of Zelda: Majora’s Mask.
Zergatik zara streamer-a?
Bizitzako gauzatxoak elkarbanatzea gustatzen zaidalako.
Zer ekarri dizu streamer-a izateak?
Nire proiektua aurrera eramateko aukera.
Zer da Twitchetik gehien gustatzen zaizuna?
Ikusleen eta streamer-en arteko gertutasuna.
Eta gutxien?
Komunitatea asko hazi da azkenaldian, eta Twitch, plataforma moduan, atzean geratzen ari da, ezin diolako hazkundearen erritmoari eutsi.

Zitalko
Iban Bilbao Barturen, (Bermeo, 1982)

Bideo jokorik gustukoena:
Amnesia: The Dark Descent.
Zuzenekoak egiteko bideo jokorik gustukoena:
Bakarrik jokatzeko, beldurrezkoren bat; ikusleekin jokatzeko, ostera, abentura grafikoak (The Last Door, adibidez). Horrela, jokoa denon artean burutzeko aukera dugu.
Zer da Twitchetik gehien gustatzen zaizuna?
Ikusleekin batera puzzleak egitea eta elkarren arteko adar jotzeak.
Eta gutxien?
Arazo teknikoak, askotan, gure eguneroko kontua direlako.