“Badakigu noiz hasten den pandemia bat, baina ez noiz bukatzen den”

basaras

Miren Basaras (Derio, 1968) mikrobiologiako irakasle titularra da EHUn, eta eskolak Medikuntzako Graduan, Mikrobiologia eta Osasuna Masterrean eta Mikrobiologia Doktoregoaren programan ematen ditu. Ikasturte honen hasieran, EHUko COVID-19 Zaintza Batzordearen kudeaketa ere hartu zuen bere gain, birusak bertako bizimoduan sor dezakeen eragina jagoteko. Egungo egoeraz hitz egin dugu berarekin, baina pandemia aroan egoera egunero aldatzen denez, izan kontuan, irakurle, elkarrizketa urtarrilaren 20an egin zela. M. Egimendi. Argazkiak: Mikel Martinez de Trespuentes.

Gazteekin egiten duzu lan, nekatuta ikusten dituzu ikasleak?
Gurea osasun arloko gradua ere bada, baina oro har kontzientzia handia dute. Haatik, lasaitu ere egiten dira, beharbada ez dutelako kasu larri askorik ikusi beren adinean. Gaitz hau gehiago antzeman da pertsona nagusiengan, baina agian mezu hori faltsua da, edo ez da ondo eman, gero eta gazte gehiago ikusten ari baikara ZIUetan. Hainbat ikerketaren arabera, sumatzen da nekea. Luze doa kontua, pandemia bat ez delako egun batetik bestera konpontzen, ez da une zehatz batean kontrola daitekeen epidemia. Badakigu noiz hasten den, baina ez noiz bukatzen den. Ondorioz, gizarte moduan jokatu behar dugu hau kontrolatzeko, ezin gara lasaitu. Neurri murriztaile asko dugu, denoi aldatu zaigu bizitza, baina neurriok errespetatzen jarraitu ezean, hau luzatu egingo da.
Lehendik jakin arren, ikerketarako baliabideak eskasak direla agerian geratu da. Zein da egoera EHUn?
Diru falta itzela dago, Madrildik heltzen dena eskasa da, eta Jaurlaritzakoa ere bai. Herri aurreratua izan nahi badugu, diru gehiago inbertitu behar dugu ikerketan, oro har. Europako beste herrialde batzuek dirutza inbertitzen dute, eta zer ari gara ikusten? Bada, txertoak ikerketa sendoak dituzten talde eta lekuetan sortzen direla.
Badakigu orain ditugun txertoek zertarako balio duten benetan?
Txerto hauek, beste askok bezala, gaixotasuna arintzeko balio dute une honetan; hau da, kutsatzen bazara, birus horren erreplikazioa zure barruan ez dadin handia izan eta ez zaitezen gaixotu, ez larriki, behintzat. Horrela kontrolatuko ditugu pneumoniak edota ZIUetan amaitzen duten kasuak. Halaber, kutsatze kopurua moteltzeko balio dute. Israelen, milioika lagun txertatu dira dagoeneko, eta infekzio kopurua murriztu egin da, ingurukoak kutsatzea ekiditen delako; agian, ez ehuneko ehunean, baina % 50 kontrolpean izatea oso berri ona da.
Zenbat denbora iraungo du txertoen eraginak?
Oraingo txerto hauek lehenak dira, beste hainbat ari dira ikertzen, eta gero eta hobeak izatea espero da. Beharbada, sei hilabete barru etortzen direnek edukiko dute zerbait hauek baino hobea. Hauen eraginkortasuna handia bada ere, babesaren iraupena jakiteko denbora behar da. Garrantzitsua da, horregatik ere, ahalik eta jende gehiena txertatzea epe laburrean, horrela birusaren aurkako efektua asko areagotuko delako. Txertaketa kanpaina zenbat eta motelagoa, orduan eta denbora gehiago birusak irauteko; azkar txertatuz gero, ordea, ez du kutsatzeko inor aurkituko. 
Zer irizten diozu bigarren dosia gordetzeari?
Pandemia dagoenean, edozein txerto ailegatu bezain laster jarri behar da. Bigarren dosia behar dugu, bai, baina aurrenekoak % 50eko babesa eskaintzen du hartu eta bi astera. Hobe da erdia edukitzea ez edukitzea baino, bereziki pertsona zaurgarrien kasuan. Bigarren dosia hirugarren astean jartzen ez bada, laugarrenean eta bosgarrenean, haren babes maila bera da. Hau da, bigarren dosia atzera daiteke. Jasotzen diren txerto guztiak jarri behar direla diote OMEk eta Europako Batzordeak ere.
Gurutzetako Ospitaleko txertaketa hasi zenean, langileen % 30 txertatu zuten, albo ondorioek lanean arazorik ez sortzeko. Hain gogorrak izan daitezke ondorioak?
Entsegu klinikoetan ikusi denez, lehen dosiak ez du ia bigarren mailako ondoriorik eragiten, baina bigarrenak ondoeza sor dezake; pertsona batzuek egun bat-edo geratu behar izan zuten etxean horregatik. ZIUetan, bigarren dosia hartu dutenek etxean geratu beharko balute, egun bakar batez bada ere... Posible da ehuneko txikian efektu horiek eragitea, baina oso proportzio txikia da. Txertoak jende gehiagorengan sortu balu ondoeza,  ez zen onartuko.
Egokia litzateke txertaketa agiria banatzea?
Une honetan, eginkizun nagusia txertatzea da. Ez hartzea norberaren aukera da, baina komunitatean eragiten du: zenbat eta pertsona gehiago egon txertatu gabe, orduan eta aukera handiagoa birusak zabaltzen jarraitzeko. Hori ezinezkoa da. Gizartearen proportzio handia ez txertatzeak porrota eragingo luke pandemiaren kontrolean. Ez da norberaren kontua, arazo pertsonala komunitate osoarena bihurtzen baita. Hortaz, kasuaren arabera, neuk eskatuko nuke agiri hori.
Eta jendea txertatzera behartzea?
Zertarako den, bai. Adibidez, bidaietan eta, ondoan txertatu gabeko pertsonak baditut, posible da birusa transmititzea. Litekeena da, halaber, kutsatuta badaude, birusa beste herrialde batzuetara garraiatzea. Birus honen kontrolaz ari garenean, mundu osoaz ari gara, ez lurralde aberats edo nahiko aberatsei buruz soilik. Gainera, bada beste kontu bat ere: pertsona batzuek ezingo dute txertoa hartu, osagairen bati alergia diotelako edo dena delakoagatik. Entsegu klinikoek erabakiko dute nori jarri ahal zaion eta nori ez. Populazioaren zati horri hartu nahi ez dutenen kopurua gehituta, txertatu bakoen ehunekoa handituz doa, eta hori ezin da baimendu.
Zergatik esaten da pandemia gehiago etorriko direla? Hau bezalako bat duela 100 urte gertatu zen...
Ez da hala. Hura pandemia izan zen, baina gero izan ditugu beste batzuk, hiesa, kasu. Halere, pandemia guztiak ez dira berdinak. Hau beti alderatzen da gripe espainolarekin, antzeko transmisioa dutelako, baina hiesa ere pandemia da: mundu osora hedatuta dago eta milioika lagun hiltzen ari da. Alabaina, transmisio mekanismoa ezberdina da. Pandemia izan zen, era berean, Mexikoko 2009ko gripea, baina zorionez andui hura ez zen izan hain hedakor eta hilkorra, eta lehenago kontrolatu zen. Pandemiak badaude, eta gehiago egongo dira, mikroorganismoak horrelakoak direlako, ez ditugulako guztiak ezagutzen, gero eta mikroorganismo gehiago sortzen direlako...
Birusaren mutazioa ohikotzat duzue osasun adituek. 2020. urtearen amaieran Erresuma Batuan izandako kaosa gai politikoa izan zen, osasun arlokoa baino?
Aldaera horren berria kezkagarria izan zen. Kutsakorragoa zela zioten, eta horrek ondorio larriak ditu. Milaka pertsona kutsatu ziren berehala; dena den, hor sakondu egin behar da, benetan aldaera berriagatik edo neurriak bete ez zituztelako kutsatu ziren jakiteko. Edozelan ere, kutsakorragoa izatea larria da, eta kontinentera hedatzea ekidin behar zen, baina ez genekien ordurako zabalduta zegoen, herrialde askotan ez delako birusa sekuentziatu aldaera hori dagoen ala ez ezagutzeko. Orain, badakigu hedatuta dagoela, baina ez zenbateraino. Haatik, ez zen lehen aldaera izan eta, birusak aldatzen jarraituko duenez, azterketa zehatza egin behar da birusa sekuentziatzeko, une oro birusaren aldaera gehiago dagoen ikusteko. Plus bat behar da aldaerok bilatzeko, txertoek horien aurka balioko duten jakiteko.
Konfinamendu zorrotzaren aldekoa zara?
Birusaren transmisioa kontrolatu nahi badugu, neurri zorrotzak hartu behar ditugu. Zenbat eta gehiago mugitu, zenbat eta harreman sozial gehiago, orduan eta aukera handiagoa birusak hedatzeko, argi dago. Mugimendu horiek ahalik eta arinen saihestu beharko genituzke. Agian, ez iazko martxoko konfinamendua bezalakoa ezarriz, baina telelana bultzatu beharko litzateke, murriztu tabernetako, azoketako eta beste toki batzuetako elkarketa sozialak... Bestalde, orduan ezin ginen irten kirola egitera, eta ikastetxe guztiak itxita zeuden, baina hori ere ez da ona. Ahal den neurrian, eskolak irekita egotea bultzatu behar da, seguruak baldin badira. Eta garrantzitsua da neurriak denok betetzea, ez gehiengoak bai, baina zenbaitek ez, orain bezala. Ez dakit jartzen diren isun guztiak kobratzen diren, zein den isunak jarri osteko ibilbidea...
Noiz bukatuko da hau?
Luze joko du, ez dakigu noiz arte. Populazioaren gehiengoa txertatzen denean bukatuko da. Noiz izango den hori? Bada, urte honen amaieran bada, primeran! Baina ez dakigu. Udan populazioaren % 70 txertatuta egongo dela diote, espero dezagun baietz... Pertsona zaurgarri gehienek babes maila jakin bat lortutakoan, hobekuntza nabarituko dugu, ziurrenik ez baita horrenbeste jende hilko. Aurtengo Gabonetan, populazioaren % 90 txertatuta bagaude, niri ere heltzea espero dut, pixka bat lasaiago egon gintezke, baina pixka bat baino ez, birusa ez delako desagertuko. Immunizazioa mundu osoan lortu arte, arriskuan egongo gara. Beharbada, Europan, % 70-80 txertatzea lortuko dugu; alta, birusa ez bada mundu osoan kontrolatzen, aldatu eta berriro etor daiteke guregana.

Kolkotik  

Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea?
Agintzen ari diren txerto kopurua benetan iritsiko dela.
Pandemia garaiko larunbat gau baterako plan onena?
Etxean egon beste aukerarik ez dugu: afari goxoa etxekoekin.
Eta igande arratsalderako?
Paseo polita txakurrarekin.
Sukaldari ona zara?
Ez gehiegi.
Halere, zer ez da falta inoiz zure hozkailuan?
Hozkailuan ez, baina sukaldean neure sorotik jasotako barazkiak.
Zer ikusten duzu ispiluaren aurrean jartzen zarenean?
Ufa! Orduaren arabera, pertsona nekatua!
Zer izango zinateke mikrobiologoa ez bazina?
Albaitaria, agian.
Zerk ematen dizu beldurra?
Gizarte gero eta berekoiagoa bihurtzen ari garela.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik?
Pandemia garai honetan, batzuei egundoko astakeriak entzuteak.
Zer egiten duzu erlaxatu beharra duzunean?
Txakurrarekin paseatu.
Zerk ematen dizu lotsa?
Komunikabideetan azaltzeak! Ez nengoen ohituta.
Bizitzako plazer txiki bat?
Lagunekin egotea, afaritxo bat, ardo goxo bat...
Nor da zuretzat heroia?
Ikerkuntzan garrantzitsuak izan diren pertsonak, ikerkuntza eta zientzia bultzatu dituztenak.
Zein da zure lan ibilbideko oroitzapenik onena?
Tesia defendatu nuenekoa, urteetako lanaren bukaera.
Bi arrazoi euskara ikasteko?
Bata, gure hizkuntza delako; herri honetan bizi nahi dugunok gure hizkuntza jakin behar dugu, kulturalki askoz aberatsagoak egiten baikaitu. Bestea, etorkizunari begira denok zaindu beharreko hizkuntza delako, gal ez dadin.
Labur esanda, nolakoa da Miren Basaras?
Pertsona normala.