Persischstunden

profesor

Zuzendaria: Vadim Perelman. Aktoreak: Nahuel Perez Biscayart, Lars Eidinger, Leonie Benesch, Jonas Nay. Errusia-Alemania-Bielorrusia, 2020.

Istorioa:  Frantzia, 1942. Naziek Gilles belgikar judua atxilotu dute. Fusilatua izatear dela, persiarra dela esan eta bizitza salbatuko du. Ofizial nazi batek persiera ikasi nahi duela eta, Gilles kontzentrazio esparru batera eramango dute eta ofizial naziaren persiera irakasle bihurtuko da, nahiz eta tutik jakin ez.
Holokaustoa: Maiz jorratua izanagatik, maizten ez den gaia da naziek eragindako holokaustoa. Hau beste ale bat da, Perelmanek iazko Berlinalen aurkeztua. Abiapuntu harrigarria badu ere, ia sinesgaitza, persiera ikasi nahi zuen naziaren istorioa benetakoa omen da. 
Onena: Perez Biscayart eta Eidinger aktore nagusien lana.
Txarrena: Hain testuinguru latzean giroturiko ezohiko istorioak bide asko jorratzeko aukera ematen dio zuzendariari, hala gizakiaren alderik ilunena nola irribarrea sor dezaketen egoerak: bizirauteko sena, gizatasuna eta gizatasunik eza, heriotza, elkartasuna, umorearen zirrikituak... Sentipen zurrunbiloa eragin bai, baina kontakizun nagusiaren adar gehienak fruitu ondurik eman gabe ihartzen dira. Azkenean, zapore gazi-geza uzten du filmak; geza, gazia baino gehiago. Ez dirudi oroimenean iltzatuta geratzen diren film horietakoa denik.
Eñaut Mitxelena