Musika deskafeinatua

Mundua zoratzen ari zaigu. Hori horrela da. Egunero-egunero jasotzen ditugu froga ezin argiagoak. Supermerkatura joan besterik ez dago: eragin lasaigarria duen ‘kafea’, azukrerik gabeko txokolate krema, ‘txorizo’ beganoa... Ez dakit zer den, kapitalismoa, kontsumismoa, etengabeko berrikuntzan jarduteko derrigortasun moduko hori... baina gauza oso zoroak ikusten dira hor zehar, benetan!
Askok ezagutuko duzue K-pop delako musika estiloa. Musika komertziala da, nagusiki Korean sortzen da, eta oso ezaugarri jakinak ditu: oso pop komertziala, arras teknifikatua, irudi koloretsua, ‘lolita’ estiloko kantariak (neskak zein mutilak)... Duela aste gutxi batzuk, estilo horretako beste talde bat aurkeztu zuten Korean, Aespa’ izenekoa. Badakizu zer duen bereizgarri? Bada, taldea osatzen duten hiru kantarietatik bat birtuala da. Txorizo beganoa nola, hala sortu dute musikaririk gabeko musika taldea.
Taldeak, esan bezala, hezur-haragizko bi kide ditu: Ningning eta Karina. Zuzeneko kontzertu eta ekitaldietan, haiek hartzen dute protagonismoa. Karinak, baina, abatar edo ‘biki’ birtual bat du, ae-Karina izena duena, bideoklipetan eta sare sozialetako jardunetan beste bi taldekideekin ez ezik, publikoarekin ere harremana izaten duena. Adimen artifizialari esker, ae-Karinak nortasun propioa du, eta, oinarria benetako Karinarenean badu ere, hasia da bere kabuz garatzen.
Oso ondo ulertzen ez ditudan arrazoiengatik, kantari birtualen gaia oso bogan dago Asiako publikoaren artean. Japonian bada kantari bat, Hatsune Miku, % 100 birtuala. 2007an sortu zutenetik, 100.000 abesti baino gehiago egin ditu, eta kontzertuak egin zitezkeen garaian, behintzat, ezin jendetsuagoak egiten zituen, zale sutsuen eromenerako. Facebooken, to eta no, 2,5 milioi jarraitzaile ditu Mikuk, eta, beste nazioarteko izar batzuen artean, Lady Gagaren artista gonbidatua ere izan da.
Ariketa entretenigarria da pentsatzea kantari birtualen kontu hau zein euskal talde edo kantariri aplikatu beharko geniokeen. Imajinatzen duzue, zer dakit nik, Xabier Saldias birtuala, arnasarik hartu beharrik gabe, oleroli infinituak egiten?

Loturak, estekak, linkak

https://labur.eus/kpop
K-Popen gaineko erreportaje txukuna, Gaztea Irratian.

https://labur.eus/miku
Hatsune Miku abeslari birtualaren ‘kontzertu’ baten zatitxo bat, YouTuben.

https://labur.eus/samurai
Gogoetatxoa K-Pop jarraitzaileen indarraz, Ana Malagonen blogean.