Ahazteaz

onintzaOnintza Enbeita

Askok ezabatu nahiko lukete iazko urtea egutegitik, baina gure memoria ezin da berrabiarazi. Egutegi guztiak sutan erretzen baditugu ere, 2020ko agendak ozeanoan urperatzen baditugu ere, gure memorian jarraituko dute pandemiak, maskarek, distantzia sozialak eta beldurrak. Iazko martxoan ohartu ginen zein zaurgarriak garen, eta sentipen hori ez da desagertuko egutegiari orria kentzen diogunean. Izan ere, horixe baino ez da gertatzen urte batetik bestera goazenean: egutegiari orria kentzen diogu. Jantziko dugu turutaz eta xanpainaz, beteko dugu aparrez eta su artifizialez, baina abenduaren 31tik urtarrilaren 1era egun bateko aldea besterik ez dago. Gure memoriak berdin jarraituko du bizipenak biltzen.
Ez dakit txertoak ezer konponduko duen edo aurtengo urtea iazkoa baino libreago amaituko dugun. Hala ere, iaz bizi izan genuena memoriatik ezabatu ordez, bizipen haietatik ikasten saiatu behar genuke. Ez nuke halakorik berriro bizi nahi, baina, bizi beharko bagenu, ez nuke berdin jokatu nahi, ez neure buruarekin ez ingurukoekin. Ez nuke nahi entzun agintzen digutena zalantzan jartzeagatik ukatzailea naizela, edo ez nuke nahi izan shock egoeran hainbeste denbora iraun duen gizartearen parte.
Sar ditzagun motxilan zaurgarritasunari aurre egiteko eskaini dugun elkartasuna, gizarteak erakutsi duen ardura, norberaren etsaiarekin bizi beharraren tragedia, gazteen bizi nahia, zaharren egonarria, paseo baten esanahia, kontsumoaren zentzurik eza, lagunen garrantzia, betikoak ez aberastea ahalbidetzen diguten tresnak, etxea izateak ematen duen aukeraren kontzientzia, maitasuna, arrakala sozialak ikusteko gaitasuna…
Etxeratu gintuztenean naturak zer-nolako espazioa irabazi zuen ikusteak poztu egin gintuen, baina horri eusteko nahiak ez zigun luzaroan iraun. Ez dezagun gauza bera egin beste guztiarekin. Gure memoria emozionalean, bizipen gogorrak eta ederrak utzi ditu iazko urteak. Erabil ditzagun geure alde: ez gaitezen izan eraiki nahi diguten munduaren zati kexati hutsak.