40.ean sartuta

zokoBeharbada, ez zara konturatu, edo agian bai, baina azalean bertan iragarri dugu: urte honen amaieran, esku artean duzun aldizkariak 40 urte beteko ditu, Durangoko Azokan, hain zuzen ere. Lagun talde batek izan zuen oinarrizko euskarazko argitalpen bat egiteko ideia zoragarria, euskara ikasleek, eskola amaituta, hizkuntza erabiltzen ez zutela ikusita. Eskolatik kanpo baliatzeko materiala behar zuten, lanean hasi ziren eta AIZU! jaio zen. Talde eragilean, erredakzio taldean, Alberto Ugarte, Idoia Santurtun, Tito Mardones, Arantza Etxebarrieta, Esther Zarandona, Miren Marcos, Alberto Angoitia, Sara Barandiaran eta Ibernalo Otsoa ziren; talde grafikoan, Jabi Ubierna, Erramun Landa, Amaia Montorio eta Jule Garmendia; Amaia Fuldain, idazkaritza eta artxibo lanetan; eta Maite Zarandona eta Angel Martinez kolaboratzaileak ziren. Haiek egin zuten zailena, argitalpena abian jartzea, alegia. Ezin esan harrezkeroztik berez eta erraz egin duenik ia 40 urteko bidea, baina ibilbide polita izan da. Historia horren mugarri batzuk kontatuko dizkizuegu aurten hilez hil.