COVID-19a

etxegabeEtxegabetzeek milaka kutsatu eta hildako eragin dituzte AEBetan

Pandemia hasi zenetik hainbat azterketak erakutsi dutenez, maila sozioekonomikoak eragina du COVID-19a kutsatzeko eta hedatzeko orduan. Auzo aberats eta txiroetako datuen alderaketak hala erakutsi du zenbait lekutan: auzo aberatsetan, kutsatze eta heriotza gutxiago izan ohi dira. AEBetako lau unibertsitatek etxegabetzeen eta COVID-19ak eragindako kutsatze eta heriotzen arteko lotura aztertu dute, baita antzekoa ondorioztatu ere. Ikerketaren arabera, 2020ko martxotik irailera AEBetan egindako etxegabetzeek 433.700 koronabirus kasu eta 10.700 heriotza gehiago eragin dituzte. Pandemia hasi zenean, AEBetako 43 estatutan etxegabetzeak debekatu zituzten. Izan ere, sorturiko krisiaren eraginez 40 milioi lagun inguru etxerik gabe gera zitezkeela aurreikusi zuten. Zenbait lekutan, hamar aste iraun zuen debekuak; beste zenbaitetan, aldiz, indarrean jarraitzen du. Debekuaren eta osasunean duen eraginaren arteko lotura aztertu ostean, zuzeneko harremana dutela nabarmendu dute azterketaren egileek, hots, debekuaren amaierak baduela lotura kutsatze tasaren eta hildakoen kopuruaren hazkuntzarekin. Osasun krisiaz batera krisi ekonomikoa etorrita, AEBetan kaltetuenak sektorerik txiroenak izan dira; batez ere, pertsona beltzak eta diru sarrera urrienak dituztenak. Etxegabetzeen eta kutsatu eta hildakoen arteko lotura azaltzeko arrazoiak ere eman dituzte ikerketaren egileek. Batetik, etxegabetzeek zaildu egiten dute osasun arta lortzea. Bestetik, etxegabetutako familiak gainpopulatutako guneetan ibiltzera behartuak izaten dira, eta, ondorioz, askoz zailago egiten zaie pandemiari aurre egiteko oinarrizko neurriak betetzea: distantzia fisikoari eutsi, norberaren higienea bermatu edota borondatez konfinatu, kasu. Emaitzak ikusita, ikertzaileek eskaera egin dute etxegabetzeen kontrako neurriak luzatu eta gizarteko sektore zaurgarrienak babesteko bestelako neurriak har daitezen.