Mosku

moskuMetroko eskulturei laztan gehiagorik ez

Moskuko metroko Ploschad Revoliutsii (Iraultzaren Plaza) geltokian dauden brontzezko 76 estatuak zaintze aldera, haiek ez igurzteko eskatu diete metroaren arduradunek bidaiariei. Ezagunak dira 1938an zabaldutako geltokiko estatuak moskutarren artean. Izan ere, jada ohitura bihurturiko ustearen arabera, eskulturak ukituz edo laztanduz gero, zorte ona ematen dute. Matvei Manizer eskultoreak egin zituen obrak, Sobietar Iraultza osteko jendartea oinarri hartuta: langile iraultzailea, mugazaina eta bere txakurra, nekazaria, soldadua, marinela, ikaslea... 1938an bertan sortu zuten ohitura Bauman Unibertsitateko ikasleek: azterketa garaian zorte ona emango zielakoan, mugazainaren Ingus txakurraren muturra ferekatzen zuten (moskutarrek Mujtar esaten diote txakurrari, telesail askotan agertzen diren polizia txakurren ohiko izena). Sineskeria, pixkanaka, eskultura guztietara zabaldu zen; hala, estatua bakoitzari zorte mota jakin bat dagokio: ikaslearen zapata ukitzeak maitasun kontuetan ekartzen omen du zorte ona; marinelari pistola ukitzeak, berriz, diru kontuetan (pistola askotan lapurtu izan dute)... Alabaina, ukituaren ukituaz, eskulturetako asko higatu egin dira eta dirdira galdu dute. Metroaren arduradunek halakorik nahi ez dutenez, eta eskultura multzo ezaguna egoera onean mantendu nahi dutenez, neurriak hartzea erabaki dute. Eskulturak zaharberritzeko aukera aztertu dute, baita erreplikak jartzekoa ere, baina, oraingoz, bidaiariei eskulturak ez ukitzeko eskatzen diete, bozgorailu bidez zabalduriko mezuen bitartez. Hori bai, mezuotan, bidaiarien desioak ez dituzte ahaztu: ukitu gabe ere estatuek zorte ona ematen dutela nabarmendu dute agintariek. Hala ote den unibertsitateko ikasleei galdetu beharko, azterketen ostean...