Himalaia

everestEverest mendia 8.848,86 metro luze da

Neurri berria eman diote Everest mendiari Txina eta Nepalgo gobernuek: aurrerantzean, 8.848,86 metrokoa izango da haren altitude ofiziala. Orain arte, 1955ean Indiako adituek ezarritako 8.848 metroko garaiera hartu ohi zen erreferentziatzat. Orain, 86 zentimetro gehitu dizkiote. Alpinistentzat zentimetro gutxi batzuen kontua bada ere, gai garrantzitsu eta polemikoa izan da bai Txinan bai Nepalen. Bata zein bestea ika-mikan ibili izan dira urte luzez munduko mendirik altuenaren neurria dela eta. Nepalek 8.848 metrokoa hartzen zuen aintzat; Txinak, ordea, tontorreko izotz geruza neurketatik kanpo uzten zuenez, 8.844,43 metrokoa.  Eztabaida behin betiko amaitzeko asmoz, azken urtetan espedizio bana antolatu dute bi herrialdeek, iazko ekaineko AIZU!n azaldu genuenez. Mendiaren neurri zehatza jaso nahi zuten espedizioek, eta 2015ean Himalaian izandako lurrikara handi batek mendiaren altitudean izandako balizko aldaketak zehaztu. Orain, bi herrialdetako gobernuak ados jarri, eta 8.848,86 metroko garaiera hobetsi dute, horrela hainbeste iraun duen polemikari amaiera emanda. Kontu topografikoa baino, bi gobernuen arteko afera politiko eta propagandistikoa suma daiteke muinean. Horren erakusle, altitudea jakinarazteko modua, bi gobernuek adierazpen bateratua egin baitzuten abenduan. Polemika bera Everest baino handiagoa izan dela, alegia.