Euskara

olerkiaXVI. mendearen hasierako euskarazko maitasun olerkia aurkitu dute

Euskaraz ezagutzen den testu liriko zaharrena topatu dute Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan, Oñatin. Testu anonimoa da, eta XVI. mendearen hasierako Azkoitiko notario protokolo batean agertu da. Orrialde baten ertzetan eta lerro artean idatzia, poema baten zirriborro itxura du. Testua aztertu dutenen ustez, egileak 1508. eta 1521. urteen artean idatzi zuen. Nolanahi ere, behin-behineko ondorioa da, testuari buruz orain arte egindako interpretazio guztien antzera, eta ikerketaren hastapenean daudela nabarmendu du Ander Ros filologoak, testua aztertu duenak. Ez da harritzekoa, XVI. mendearen hasierako euskarazko testuak (mikrotestuak alde batera utzita) oso urriak baitira. Are gehiago, gutxieneko luzera duten euskarazko testuen artean, hirugarren edo laugarren zaharrena izan daitekeela nabarmendu dute. Hortaz, baliagarria izango zaie adituei euskara arkaikoaren gainean gehiago jakiteko. Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan ikerketa bat egiten ari zela topatu zuen idazkia Rosa Aierbek. Dena dela, lehendik ere ikusgai zegoen Gipuzkoako artxibo historikoen atarian, digitalizatuta baitzegoen. Haatik, inork ez zion erreparatu testuari. Orain, Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoaren webgunean (http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu/) dago, xehetasun askoz gehiagorekin batera. Tartean, transkripzioa: “Ene laztan gozo ederra, penaz penaçen naçu...”.