Kultura

bertsoBertsolaritza Txapelketa Nagusia atzeratu egin dute

Aurtengo irailean zen hastekoa, baina ez da hala gertatuko. Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Bertsolaritza Txapelketa Nagusia atzeratzea erabaki du, pandemiaren eraginez ez dagoelako hura gauzatzeko bermerik, eta ez du data berririk zehaztu. Koronabirusak erabat baldintzatu du orain arteko bertso jarduna, bai bertso saio ugari bertan behera utzi behar izan direlako bai bertso eskolek normaltasunez aritzeko zailtasunak izan dituztelako. Gainera, bertso txapelketen zikloari zuzenean eragin dio: iazko udazkenean, hala Bizkaiko txapelketa nola Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba txapelketa eten egin zituzten, eta aurtengo lehen hilabeteetan jokatzekoak diren Arabako eta Nafarroakoak ere atzeratuak izan dira. Arabakoari, gainera, formatua aldatu diote, banakakoa zena binakako bihurtuta. Txapelketak geroratuta ere, lanean etenik ez. Hala, esaterako, datozen egunotan herriz herriko bertso eskolen eta antolatzaileen lanari balioa emateko eta plaza sustatzeko ekimena aurkeztuko duela iragarri du Bertsozale Elkarteak.